New Yorkera joateko asmoa zenuen, ezta?
Frank Sinatra eta Liza Minnelliren ahotsak etorri zaizkit burura, lehen galdera hau irakurri dudanean (elkarrizketa emailez egin da): «Lo egiten ez duen hiri hartan esnatu nahi dut / Hasiera berri bat izango dut New York zaharrean / New York, New York». Abestiaren esaldi horiek islatzen dute New Yorkera joateko gogoa. Hiria zoragarria da eta hainbat lan-aukera eskaintzen ditu, batez ere gure arloan: mutil-lagunak, Richard, eta biok musika eta zinema ekoizpenean, arte departamentuan, egiten dugu lan. Maiatzean hara joateko asmoa genuen, baina…
“New York zoragarria da eta hainbat lan-aukera eskaintzen ditu, batez ere gure arloan: zineman eta musikan”
Zergatik gustatzen zaizu hainbeste New York?
New York hiriak duen dinamikotasuna eta aniztasuna asko gustatzen zaizkit: beti aldatzen, erritmoarekin bat edo bere aurka etengabean dantzan. Hiriari izaera berezia ematen dion erabateko aniztasunarekin bat egitea oso esperientzia aberasgarria dela uste dut. Hemengoek esaten dute “Melting Pot” bat bezalakoa dela, hau da, dena urtzen duen lapikoa. Milioika pertsona, kultura, hizkuntza, arte, musika... Richardek eta biok betidanik oso gustuko izan dugu aniztasun horretan murgiltzea.
Koronabirusak New Yorkera bidean harrapatu zaituzte. Non zaudete gaur egun?
Urtarrila eta otsaila Mississippin pasatu genituen film batean lan egiten. Ondoren, etxe-aldaketa prestatu genuen eta gure gauza guztiak trailer batean sartu genituen. Izan ere, martxotik maiatzera bitartean musika-birak genituen gure taldeekin. Richardek Fly Golden Eagle taldeko kidea da, eta ni, Thelma And The Sleaze taldekoa. Baina dena gelditu da bertan behera, eta gaur egun Alabaman gaude, Richarden gurasoen etxean. Laster, Nashvillera itzuliko gara, eta gero, auskalo! Orain denbora librea dugu eta hori familiarekin eta lagunekin trankil eta sakon igarotzeko asmoa dugu.
“Orain denbora librea dugu eta hori familiarekin eta lagunekin trankil eta sakon igarotzeko asmoa dugu”
Zelan zaudete? Koronabirusak jota dabilen edo ibili den baten bat ezagutzen duzu?
Nashvillen bizi den lehengusina medikua da, eta berak pasatu duela uste dut. Klinikan, lehenengo gaixotuekin egon zen harremanetan eta gero gaixorik jarri zen. Sukarra izan zuen eta, berehala hobetu bazen ere, aste bi egon da erabateko isolamenduan. Orain etxetik egiten du lan, Interneten eta telefonoaren bidez. Gaixorik jarri zenean, Nashvilleko ospitaleek ez zuten koronabirusa antzemateko testik; beraz, ez dakigu pasatu duen ala ez. Hauxe da ezagutzen dudan bakarra.
Nolako egoera dago Estatu Batuetan?
Estatu bakoitzak bere legeak ezartzen ditu, egoera ezberdina baita estatu batean edo bestean. Esate baterako, New York hiria pandemiaren epizentroa da eta neurri zorrotzak duela hiru aste hartu zituzten: etxean geratzeko agindua inposatu zuten, kaleak kontrolatzen dituzte... Duela egun batzuk irakurri nuen Rikers Island bertako kartzelako presoei Bronx-eko Hart Island-en hilobiak egiteagatik sei dolar orduko eskaini zitzaizkiela. Hori dirutza da, kartzelako soldaten estandarraren arabera.
“New York hiria pandemiaren epizentroa da eta neurri zorrotzak duela hiru aste hartu zituzten”
Hasieran, agintari estatubatuarrek ez zuten neurri berezirik hartu nahi, baina badirudi azken bolada honetan jarrera aldatzen dabiltzala. Ados zaude?
Bai. Egoeraren larritasuna kontuan izanda, Trump txotxongiloak eta bere leinukoek arduragabe hutsak direla utzi dute argi. Gobernuak pandemia prebenitzeko aukera izan du, baina hori egin beharrean, denbora galdu du eta nahastea eta informazio falta adierazi du. Estatu espainiarrean bizi dena ere, neurri handi batean, pandemiaren aurrean berandu erantzutearen ondorioa dela uste dut.
Nolako neurriak hartu dituzte bertan?
Oraingoz, EEBBetan ez da alarma-egoerarik inposatu. Neurri zorrotzena etxean geratzeko agindua izan da. Eta hori denek ezarri dute, bederatzi estatuk izan ezik. Horrek esan nahi du jendea ezin dela kalera atera, funtsezko gauzak, erosketak eta abarreko kontuak egitera ez bada. Oinarrizkoak ez diren zerbitzuak ere itxita daude. Era berean, metro biko distantziara egon behar da eta leku berean ezin dira 10 pertsona baino gehiago batu. Bidaiatzeari dagokionez, ez dago murrizketarik. Orokorrean, isolatzeko gomendioa besterik ez da.
“EEBBetan isolatzeko gomendioa besterik ez da adierazi”
Zelan daroazu itxialdia?
Egoera honek ekartzen duen ziurgabetasuna kontuan hartuta, linboan gaude. Eta nik Limbo Rocka dantzatuko banu moduan jokatuko dut: indartsu, zorionez eta malgutasunez. Ondo gaude: egunero joaten gara mendira, momentuz “distantzia soziala” mantentzen badugu, mendira irten ahal garelako. Gainera, gitarra jotzen dugu, irakurri… Eta ondo jan, gurasoek bidalitako Sartagudako piper-latak ia bukatu ditugu eta (kar, kar).
Eskolak itxita daude? Eta gasolindegiak, tabernak edo supermerkatuak?
Funtsezkoak ez diren zerbitzu guztiak itxita egon behar dira, baina funtsezkoa zer den hiri eta estatu bakoitzak erabakitzen du. Supermerkatuak, farmaziak, burdindegiak, alkohola saltzen duten dendak, gasolindegiak eta abar irekita daude. Jatetxeak zabalik dauden arren, janaria telefonoz eskatu eta etxera eraman behar duzu. Denda askotan, txandaka sartzera behartzen zaituzte eta ilarak oso handiak dira, batez ere alkohola saltzen duten dendetan. Eskolei dagokienez, Alabamak eta beste 10 estatuk ikasturte osorako itxi dituzte; beste batzuk maiatza bukaerara arte, baina gehienak apirilaren bukaerara arte egongo dira itxita. Eskolak birtualak izango dira. Nashville hiriak gorriak ikusi ditu azken bolada honetan, martxoaren lehenengo astean tornado batek 24 lagun hil zituelako. Hondamendia izan zen eta handik 10 egunera koronabirusa etorri zen. Beste alde batetik, taberna guztiak itxita daude.
“Funtsezkoak ez diren zerbitzu guztiak itxita egon behar dira, baina funtsezkoa zer den hiri eta estatu bakoitzak erabakitzen du”
Eta osasun-zerbitzuak? Ospitaleak, klinikak?
Osasun-zerbitzuak, gainezka! Koronabirusari aurre egiteko baliabiderik eza oso nabarmena da: ekipamendu medikoa, maskarak, testak, ospitaleetako oheak, haizagailuak, arnasgailuak… Estatu Batuetan, ia ospitale guztiak pribatuak dira eta herritarren % 8,5ek, 27 milioi lagunek, ez dauka inolako aseguru medikorik. Krisi honek osasun sistema publikoaren benetako egoera zein den erakutsi du, baita sistema neoliberalak behar sozialei erantzuteko dituen ahultasunak ere. Birusak gauza on bat ekarri du: argi utzi du osasun sistema publikoa eta unibertsala behar dela.
Jendeak zintzotasunez eta arduraz jokatzen du?
Jendeak zintzotasunez, ardurarekin eta elkartasunez jokatzen du. Gutxi batzuek bakarrik egiten dute paso. Nor bere etxean geratzeko joera argia da, garbitasun-praktikak ulertzen dira, erosketak egitean distantziak errespetatzeko ahaleginak egiten dira… Baina Nashville-n behintzat ez dira ia maskarak erabiltzen. Kontzientziazioa oso bestelakoa da hiri batean edo bestean?. Alabaman, adibidez, apirilaren 4an ezarri zuten etxean geratzeko agindua eta aurreko egunera arte jendea normaltasunez ibiltzen zen kalean. Bestalde, jendea elkar laguntzeko prest dago eta hori egoera larri honen alderdi politena da.
“Jendea elkar laguntzeko prest dago eta hori egoera larri honen alderdi politena da”