Mixerabliak taldea Larrabetzuko eta inguruko sei mutilek osatzen dabe: Aratz Astobieta (ahotsa), Urdin Baraiazarra (mandolina, gitarrea eta koruak), Lander Bilbao (gitarrea, biolina eta koruak), Gorka Ercilla (gitarrea eta koruak), Julen Martinez (baxua eta koruak) eta Peru Berasategi (bateria). Taldea orain dala hiru urte sortu eben eta, Astobietak azaldu deuskunez, folk eta rock taldeen kanten bersinoak egiten dabez, euskeraz eta abestiei euren ikutua emonda. Etxealdian, Arren Erre Nazazu Hiltzean kantearen bideoklipa grabau dabe. “Ikusi dogu beste talde batzuk bideoak grabau dabezala, konfinamentuan egon arren, zerbait egin ahal dala erakusteko, eta guk be bideo bat egitea erabagi genduan”, esan deusku. “Arren Erre Nazazu Hiltzean Willie Nelsonen Roll Me Up And Smoke Me When I´m Dead abestiaren euskerazko bersinoa da eta askotan jo dogu kontzertuetan. Eta zergaitik kanta horren bideoklipa? Bada, geunkazan baliabideak kontuan hartuta, beharbada, errazena zalako grabatzen”.
Eskuko telefonoa erabilita, taldekide bakotxak etxean grabau dau bere lana. “Ahalik eta lekurik isilena topatu behar izan dogu etxean. Horrek alde txarra dau; berbarako, ahotsa grabatzean eskuko telefonoak isiltasunaren frekuentzia be grabatzen dau, eta bateriak zarata handia sortzen dauenez, interferentziak izaten dira…”. Beraz, taldekide bakotxak grabatutako zatia txukundu egin behar izan da, eta horren zein bideoklipa muntatzearen ardurea taldekieetako batek izan dau, horretarako programa bat erabilita. “Zerbait ezbardina gura izan dogu eta gure ikutua emon deutsagu bideoklipari. Baserriko kutsua ipintzearren, animaliak be sartu doguz; dibertigarria iruditu jaku. Jenteari gustau jako eta mezu positiboak jaso doguz. Gizarte-sareetan be asko ikusi eta partekatu da”.
Folk eta rock taldeen kanten bersinoak egiten dabez, euskeraz eta abestiei euren ikutua emonda
Kontzertuak bertan behera
Mixerabliak taldeko kideei musikea gustetan jake, eta musikea joteko eta ondo pasatzeko batu ziran orain dala hiru urte lokalean. Bi urte beranduago kontzertuak emoten hasi ziran. “Nahiko ondo ibili gara kontzertuakaz; halanda be, orain arte ez dogu IFKrik izan eta ezin izan dogu kontratupeko kontzerturik eskaini; jaietan, adibidez. Hori konpontzen genbiltzala osasun-larrialdia hasi zan eta kontua gelditu egin da. Era berean, hiruzpalau kontzertu itxi behar izan doguz bertan behera”.
Kontzertuak eta kultura ikuskizunak beste modu baten gozatzen ikasi beharko da COVID-19ak sortutako alarma-egoera irauten dauen bitartean. “Guk, esaterako, aire zabalean emoten doguz kontzertuak eta horreetan bakarrik 400 persona egon ahal iznago dira, eta eserita, gainera. Orokorrean, zuzeneko ekintzek galduko dabe, kontzertuak, antzezlanak edo bertsolariak izan: zuzeneko feedbacka eta beste bide batzuena –Internet kasu– bestelakoak dira. Kulturako jentea nahiko txarto ibiliko da, hainbat ekimen ezin izango baitira aurrera eroan”.
Bien bitartean, Mixerabliak taldeak kanta barriak landuko dauz. “Bersino barriez ganera, gure abestiak be sortzen saiatuko gara, eta horreek kontzertuetan jo. Gastuetarako dirua lortzeko, merchandising-a be atarako dogu”.
“Bersino barriez ganera, gure abestiak be sortzen saiatuko gara”