Koronabirusa

“Ezin dugu herri bizi bat saltokirik eta tabernarik gabe imajinatu”

Aikor aldizkaria 2020ko eka. 9a, 09:00

Larrabetzun 12 taberna eta jatetxe daude, zazpi denda, fisioterapia-zentro bi, hortz-klinika bat eta ile-apaindegi bi; eta horiez gain, farmazia, pintoreak, elektrikariak, musika-eskola, eskola, ibilgailuen tailerra, kontsumo-tailerra… “ Zerbitzuak eskaintzen dituzte, lanpostuak sortzen dituzte eta aberastasun-iturria dira herritarrentzat”.

Zein kezka nagusi helarazi diote udalari?

Hainbat egoera daude. Elikagaien saltokiak, esaterako, hasieratik dabiltza lanean eta funtsezko zerbitzua ematen, eta badakigu lehenengo egunak oso gogorrak izan direla. Besarkada handia bidali nahi diet egindako ahaleginagatik eta lanagatik. Bestalde, tabernak eta gainerako zerbitzuak une latzak pasatzen ari dira: inolako diru-sarrerarik gabe aurre egin behar diete gastuei. Beraiek eskatuta, bilera egin dugu tabernariekin eta faseak direla-eta dituzten zalantzak azaldu dizkigute. Erabateko babesa helarazi diegu, baita gure esku dauden erraztasunak emango dizkiegula adierazi ere. Halaber, gure beharra badute, gainerako zerbitzuek ere euren alboan izango gaituzte, ahal dugun guztian laguntzeko prest.

Udalak prozesu parte-hartzailea zabaldu du ostalarientzako eta dendarientzako dirulaguntza berriak onartzeko.

Alde batetik, legeak parte hartzeko prozesu bat egitera behartzen du edozein ordenantza berri martxan jartzeko; eta bestetik, gure kudeaketaren oinarria herritarren parte-hartzea dela izan dugu beti argi. Horregatik eskatzen dugu proposamenak helaraztea. Maiatzaren amaieran, oposizioarekin partekatuko dugun zirriborroa aurkeztuko dugu eta ekarpenak egin ahalko dira. Horretarako, beste herri batzuetan egiten dabiltzana ere aztertzen gabiltza, beti ere Larrabetzuko errealitatetara eta beharretara egokituta. 

Ordenantza berria abuztuan onartuko da behin betiko; merkatariek eta ostalariek, hala ere, berehalako premiak dituzte.

Esan moduan, tabernariekin, autonomoekin, merkatariekin… etengabe ari gara lanean. Gaur bertarako larrialdirik antzeman ez dugun arren, badakigu zer-nolako egoera larria bizi duten, eta horregatik erabaki dugu laguntzak egitea hilabete bat atzeratzea, eta egin beharrekoa herritar eta kaltetuen artean ahalik eta gehien adostea. Aukeren arabera erabakiko dugu diru-kopurua: agian, 25.000-30.000 euro erabiliko dira horretarako, eta hitza inplikazio zuzena dutenei eman nahi diegu. Gure ustez, lehen aipatutako sektoreek zeresan handia dute ordenantza berrietan, eta euren ekarpena egiteko aukera emango diegu. Ekarpenak kontuan hartu eta ahalik eta zorrotzen aztertuko ditugu. Ateak herritar guztientzat daude zabalik.

Dirulaguntzez gainera, beste neurri batzuk hartzeko asmorik duzue?

Argi dago krisi hau ez dela bizpahiru hilabetetan konponduko: zoritzarrez, COVID-19ak aurten eta datorren urtean baldintzatuko du gure bizitza. Horregatik, gauza batzuk dagoeneko egin behar direla uste dugu: larrialdietarako laguntzak, merkatarientzako laguntza eta aholkularitza, dirulaguntza zuzenak uztailerako… Hori Mankomunitatearekin batera bideratzen gabiltza. Epe ertainera ere beste laguntza batzuk pentsatu behar ditugu: udazkenean bonu-zozketak egitea merkatarientzat, datorren urtean ordenantza fiskalak aldatzea… Bigarren fase horretan ere pentsatzen gabiltza.

Zer ekarriko luke dendak eta tabernak desagertzeak?

Ezin dugu herri bizi bat saltokirik, tabernarik, zerbitzurik… gabe imajinatu. Erosketak egiteko kilometroak egin behar izatea ingurumenaren aurkako erasoa da; beste aldetik, tabernek eta jatetxeek bizia ematen diete Larrabetzuko kaleei.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).