Krisi-garaiak

t: Arrate Gaztelu Agirre 2020ko aza. 12a, 10:15

Egun bizi dugun errealitate gordina begi hutsez ikusi eta azalean nabaritu dezakegu. Jada gurean dugun eta berezkoa den krisi ekonomikoaren garaiari, gainera, osasun krisi bat gehitu zaio Covid-19aren pandemiaren ondorioz, eta imajinaezinak dira gizarteko sektore askotan ekarri dituen ondorioak.

Egunerokotasun hau, ordea, ez da berezkoa, ez da bat-batean sortua. 2008an eztanda egin zuen finantza krisiak gurean dirau, eta oraindik ere denbora luzez jarraituko du gure ondoan. Izan ere, gizarte kapitalista batean maiztasun handiago edo txikiagoarekin errepikatzen den baldintza oinarrizkoa da krisi-garaia, eta garai honek, era berean, baldintza oinarrizkoa den-klase bereizketa areagotzen du.

Ekoizpen-modu kapitalistan bizi garen heinean, beti egongo dira beste sektore batzuk baino okerrago bizi beharko duten kolektibo zaurgarriak. Krisi garaiotan, esan bezala, oraindik eta zaurgarriago bihurtzen dira kolektibo horiek, eta, beraz, krisiaren ondorioak desberdin pairatzen ditugula baiezta genezake. Lehendik zaurgarriak ziren kolektiboen bizi-baldintzek behera egin dute: horren adibide da, esaterako, COVID-19aren krisia hasi zenetik Elikagaien Bankuari egindako eskaera % 35 hazi izana. Horrez gain, gure inguruan dauden negozio eta komertzio txikiek itxi egin behar izan dute, beste asko hilzorian daude. Kontrara, munduko 25 pertsona aberatsenak askoz ere aberatsago dira Munduko Osasun Erakundeak pandemia mundiala deklaratu zuenetik hona.

Egunerokotasuna horren bortitza izan ez dadin, ordea, konpromiso eta diziplina militanteak eragindako ezinegonari esker, hein batean egunerokotasunari aurre egin ahal izateko behin-behineko irtenbide txikiak sortu dira zenbait elkarte eta antolakunderen eskuetatik. Horren adibide dira, esaterako, zenbait herri eta eskualdetan sortu dituzten elikagaien bankuak, edota Estatuaren menpe dauden aparatu errepresiboen erasoen aurrean eskainitako aholkularitza juridikoa.

Masa-hedabideek, ordea, bizi dugun egoera bortitza ezkutatu eta manipulatzen dute, eta egoerak dakartzan ondorio latzak ezkutatzen saiatzen dira. Bizi ditugun garaiak gordinak dira, baina are gordinagoak izango dira etorriko direnak. Gizarte-langile eta gizarte-hezitzaile naizen aldetik, asko arduratzen nau krisi-garai hauek langile klasearengan izan dezaketen eragin bortitzak. Garaion kontakizun kritiko bat egin nahiko nuke, hortaz, irakurri berri dituzuen eta etorriko diren lerroen bitartez, hausnarketarako tarte zabala utziz. Hausnarketa soila, ordea, zentzugabea da egoera aldatzeko praktika eraginkor bati lotuta ez badator. Ezinbestekoa da, beraz, egoera honen erantzule den etsaia identifikatu eta haren kontra elkarrekin antolatzea.