Egurra argitaletxea, Martinez de Lezearen lehen thrillerraren agertokia

Aikor aldizkaria 2020ko abe. 2a, 11:29

Toti Martinez de Lezeak Egurra S.A. nobela argitaratu berri du. Oraingo honetan, idazlea thriller bat idaztera animatu da, eta trama familiako argitaletxe batean kokatu du. Ohi denez, Erein argitaletxeak euskaraz eta gaztelaniaz kaleratu du larrabetzuarraren azken lana. 

Martinez de Lezearen esanetan, intrigazko liburua idaztea erronka izan da, eta, aurrekoetan moduan, asko gozatu du istorioaren hariak lotzen. Istorioa Bilbon gertatzen da, 2019. urtean. “Hasiera batean, hura 2020. urtean kokatzea pentsatu nuen, baina gaur egungo egoera dela-eta erabaki nuen hobe zela urte bat atzera egitea: pertsonaiak ezin dira egun osoan maskara jantzita leku batetik bestera joan”. Desafioari gogotik aurre egin, eta kontakizunari erraz eman dio itxura. “Informazioa batu behar izan dut enpresa-kontseilua nola eratzen den jakiteko eta akzioen gainean gehiago ezagutzeko; hala ere, gainerakoa erraza izan da badakidalako nola bizi garen, nolako arropa erabiltzen dugun…”.   

Eleberrian, aititek sortutako editorialaren agintea hartzeko, Egurra familiaren kideen azpijokoak aurkezten dizkigu. “Ohiko gertaera da, enpresa handietan zein txikietan, baita baserrietan ere: aititek martxan ipintzen du negozioa, seme-alabek mantentzen dute eta ilobek hondatzen dute”. Aitortu digunez, gutxi daki enpresei buruz, baina asko liburuei buruz, eta horregatik erabaki zuen trama argitaletxe batean kokatzea. “Era berean, argitalpengintzaz pentsatzen dudana, edo zati bat behintzat, esateko aprobetxatu dut; zerbaitengatik Egurra familia da”.

Izan ere, fikziozko pertsonaien ahotan ipini ditu argitaletxe-munduaren eta estilo batzuen gainean egindako hausnarketak.  “Zenbait argitaletxe-mota erakutsi nahi nituen. Egurra argitaletxea beste askoren moduan hasi zen: liburu-biltegi txikia argitaletxe txikia bihurtzen da, eta, gainera, literatura-bokazioa du; baina ilobak eta kanpokoak ailegatzen dira eta enpresa enpresa hutsa bihurtu nahi dute, eta berdin die zer saldu. Estatuko argitaletxerik handiena izateko asmoz, negozioa liburuekin zerikusi gutxi duten esparruetara hedatzen dute, hala nola egunkarietara eta telebistetara. Hori negozioa egiteko modua da; ez editorea izatea”. Hortaz, idazleak argitalpengintzari lotutako kontuak agertzen ditu Egurra SA obran, esaterako, benetako editorea denaren eta ez denaren arteko antagonismoa, sari faltsuak, azoka handiak, zerbait kontatzeko duen idazlea eta, idazle ona ez den arren, idazle bikaina dela uste duena, beste argitaletxe batzuei egileak lapurtzen dizkieten argitaletxeak, erositako erreseinak eta liburuak goitik behera berridazten dituzten idazle mamuak. 

Pertsonaien ahotan ipini ditu argitaletxe-munduaren eta estilo batzuen gainean egindako hausnarketak

Lerro hauek idazterakoan, larrabetzuarra Nur gaztetxoentzako ipuin-bildumaren hurrengo emanaldia, hamaseigarrena, amaitzen zebilen. “Udazkenerako argitaratuko da. Bestalde, laster hasiko dut nobela berria. Antzina gertatzen diren 22 eleberri inguru idatzi ditut, istorio batzuk 36ko gerraren testuinguruan ipintzera ere animatu naiz, eta azkena gaur egungo garaietan kokatu dut; editoreari esan diot pentsatzeko zer idaztea nahi duen: berriro ere thriller bat idaztea nahi badu, gustura egingo nuke; benetan motibatzen nauen gaia topatu baino ez dut egin behar”.

“Editoreak berriro ere thriller bat idaztea nahi badu, gustura egingo nuke; motibatzen nauen gaia topatu baino ez dut egin behar”.

 

Hainbat saltsatan

Bitartean, hainbat saltsatan nahastuta dabil. Mikel eta Esti Markez aita-alaben Azal berritzen diskoaren “Bila nazazu” kantaren letra Martinez de Lezeak idatzi du, eta diskoan idazle larrabetzuarraren letra eta ahotsa dituen beste kantu bat ere sartu da. “Poz-pozik nago. Markezekin hitz egin nuen oso pozik nengoela azaltzeko eta esan zidan nahi izanez gero poema gehiago bidali ahal nizkiola. Ordu erdi pasatu zen, eta beste poema bi bidali nizkion (kar-kar).

Egurra SA nobelaren trama 2019. urtera aurreratu beharra izan badu ere, COVID-19ak ez dio bizitza asko aldatu. “Etxean lan egiten dudalako. Gainera, herri txiki batean bizi naiz eta maskara jantzita ere guztiok ezagutzen dugu elkar. Lorategia dugu… Beste aldetik, egia esan, hitzaldien, musikariek lagundutako ikuskizunen… falta sumatzen dut, eta pandemia hasi aurretik baino askoz hitzaldi gutxiago eskaintzen nabil. Baina, beharbada, geldialdi hau ondo etorri zait irakurri gabe nuena irakurtzeko, filmak ikusteko, musika entzuteko, gai historiko gehiago ikasteko, lagun, musikari eta egile berriak ezagutzeko… ; hau da, denbora ezagatik lehen ezin nituen gauzak egiteko”.

Argitaletxeetan, berriz, nabaria da pandemiaren eragina. “Ez da lehen beste aurkezpenik egiten eta topaketetan jende gutxi dago, maskara jantzita eta aurpegia ikusi barik; liburu-denda txiki batzuk itxita daude eta zabalik daudenetan ezin dira liburuak ukitu… Bueno, egoera aztertu eta liburuak saltzeari beste modu batean heldu beharko diogu; adibidez, orain dela gutxi Estatuko 800 liburu-denda baino gehiago batu dira eta onlineko plataforma bat sortu dute”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).