Gazteok memoriaren haria

t: Ernai Larrabetzu 2021ko api. 29a, 09:57

Hegazkin bat, bi, hiru hegazkin. Altxamendu bat. Ehunka hildako. Bonbak. Odola. Frankismoa. Euskal gudariak faxisten aurrean, parez pare.

1936ko uztailaren 17an Espainiako armadako militarrak Bigarren Errepublikako gobernuaren aurka altxatu ziren, eta Estatuan Espainiako Gerra Zibila izeneko gertakariak eztanda egin zuen, 1939ko apirilaren 1ean bukatu egin zena. Hark milaka hildako utzi zituen eta Euskal Herriko hainbat  txokotan ere borrokaldiak izan ziren. Haietako bat Bizkargi mendian izan zen.

Gerra Zibilean, Bilboko Burdin Hesia eraiki zen defentsa-sistema gisa, Bilbo inguruan, Txorierriko eta Galdakaoko eremuan, 2,5 km-ko distantzia hartzen zuela. Mendigunea Burdin Hesiarekiko hurbiltasunagatik balio taktiko handiko kokalekua izan zen. 1937ko maiatzaren 9an, Nafarroako Brigadak Muxika eta Besanguiz auzoa hartu zituzten, eta 10ean, 266 eta 312 kotek osatutako lerroa eta Zarragoikoa baserria, horrela Bizkargira iritsiz. Behin betiko erasoa goizaldean izan zen, Bizkargitik Arburura eta 466 kota okupatuz. Bertan, tontorrean dagoen Santa Kurtze ermita ere suntsitu zuten, eta 1943ko maiatzaren 3an berriro ere eraikia. Bizkargiko borrokaldiek ehunka hildako utzi zituzten eta kopuru horrek gorantz egin zuen 1936az geroztik.

1965eko urriaren 17an, Lehenengo Gudari Eguna ospatu zen Bizkargin. Eta orain guri dagokigu Euskal Herriaren askatasunaren alde eta faxismoaren aurka borrokatu zuten gizon-emakumeak oroitzea eta 56 urtez belaunaldiz belaunaldi aldarrikatu den eguna gogoratzea. Horretarako, Larrabetzu, Zornotza, Gernika eta Mungiako gazteok maiatzaren 2rako egun osoko egitaraua prestatu dugu; hainbat belaunalditako militanteen arteko mahai-ingurua, ekitaldia eta musika eskaintza. Txorierriko gazteriari ekitaldietan parte hartzeko eta 10:00etan Larrabetzuko plazara etortzeko deia egiten diogu. 

Gudariak oroitzea eta haiek hasitako borrokaren lekukoa hartzearen konpromisoa hartu dugu, gazteok etorkizuna garelako, gazteok memoriaren haria garelako.