Utxabasoren deskontaminazioa ziurtatzeko egitasmoa

Aikor aldizkaria 2021ko eka. 2a, 14:08

Larrabetzuko Udalak azaldu duenez, garbitze- eta atontze-lanak egiten ibili dira Utxabaso basoan. Hala ere, lanak bertan behera utzi behar izan dituzte, zeren eta Eusko Jaurlaritzak jakinarazi baitie lurzorua kutsatuta egon daitekeela. “Hori dela eta, egitasmoan ezarritakoa egin daitekeela ziurtatzeko, egin beharreko lanak egiten ari gara gaur egun”. Udalak 12.000 euroko proiektua ipini du abian gunearen deskontaminazioa ziurtatzeko eta dirulaguntza berezia ere eskatzeko asmoa du. Deskontaminazio-ziurtagiria udazkenerako lortzea espero da, eta egitasmoak aurrera jarraitu ahal izatea.

Utxabaso Berresogane eta Sasine artean dagoen baso txikia da. “Baina haren eremua eta ibaiertzeko basoek (haltzadiak) hartzen dituzten areak lotuz gero, Larrabetzuko baso-azalera handienetako bat osatzen dute”, azaldu du udalak. “Ez da sasoi ona basoentzat, ezta gure udalerrian ere: ia 1.400 baso-hektarea daude, baina pinuek eta eukaliptoek ia 1.100 hektarea hartzen dituzte. Gainera, eukaliptoak oso azkar dabiltza pinuak ordezkatzen. Bertoko basoari dagokionez, bestalde, tamaina txikiko arboladi gazteak dira eta zati batean sasiakaziak eta beste espezie inbasore batzuk daude”.  

Udalaren esanetan, duela urte batzuk Gym Berdea egitasmoko lagunak eremu horretan zuhaitzak landatzen hasi ziren, Iruri Erreka inguruan ibaiertzeko basoa zabaltzeko. Era berean, iaz bizilagun batzuk ibili ziren bertan, besteak beste, iturri bat zaharberritzen eta bideak garbitzen. “Topaketa horretatik sortu zen Utxabaso proiektua. Helburuak dira biodibertsitatea berreskuratzea eta basoan egoteko aukera ematea. Kontua da paseatzera, korrika egitera, jolastera, jatera, irakurtzera… etortzeko basoa lortzea, etxetik hurbil eta autoa hartu behar barik”.

Proiektua aurrera eramateko, udalak Eusko Jaurlaritzari dirulaguntza eskatu zion 2020ko irailean eta hori jaso zuen. “Garbitze-lana selektiboak egin dira, bideak atondu, hesiak kendu, eta ia deforestatutako eremu osoa landatu da. Txondor bat eraikitzeko lanak ere hasi dira”. Eusko Jaurlaritzaren iragarpenaren eraginez, egitasmoa bertan behera utzi behar izan da; hala ere, udalak espero du deskontaminazio-ziurtagiria udazkenerako lortzea eta lanek jarraitu ahal izatea. “Biodibertsitatea berreskuratu ahal izateko, espezie inbasoreak desagerraraziko dituzten hainbat esku-hartze egingo ditugu: anfibioen putzu bat, habia-kutxak hegazti intsektujaleentzako, hegazti harraparientzako eta saguzarrentzako…”.