Zein izan da egitasmoaren abiapuntua?
Xabier Zabala musikariaren ideia bat. Herrietako haize-bandekin lanean dabil azken urteetan eta Gorkarekin ere lan egin du inoiz. Proposamen hau egin zion: Sorotan Beleren lehen diskoaren abestiak hartu, banda horiek abestiak jotzeko moldaketak egin eta bandekin batera zuzeneko emanaldiak egin. Egitasmoa mugitzeko, Baga Biga enpresarekin ipini ziren harremanetan eta momentu batean erabaki zen zuzeneko emanaldietan parte hartzeko gonbita beste taldekide ohi bati ere egitea, neuri hain zuzen ere. Egitasmoaren helburua da Sorotan Bele izan zena oroitzapen gisa jendeari berriro ekartzea, baina ez da inondik inora taldearen itzulera; hori argitu beharra dago, gaizki-ulertuak egon dira eta.
“Helburua da Sorotan Bele izan zena oroitzapen gisa jendeari berriro ekartzea, baina ez da inondik inora taldearen itzulera”
Zer pentsatu zenuen proposamena egin zizutenean?
Bada, ez nuen espero, ze Sorotan Bele esperientzia ederra izan zen, baina urte asko pasatu dira eta erabat alde batera utzita izan dut buruan. Gainera, azken urteetan hainbat taldetan jotzen nabil eta, hortaz, musika-esparruan pozik nago, ase. Sorpresa izan zen, eta, egia esan, hasiera batean ez nintzen animatu; hala ere, egun batzuetan ibili nintzen ideiari bueltaka, eta azkenean esan nuen: zergatik ez?
Egitasmoaren lehendabiziko emanaldia Larrabetzun egin zenuten; hainbat arrazoirengatik izan zen berezia, ezta?
Bai. Lehenengo eta behin, Sorotan Beleren lehen zuzena bertako Hori Bai gaztetxean egin genuelako duela 30 urte-edo. Sei abestik osatutako maketa bat baino ez genuen eta abestiak behin eta berriro jo behar izan genituen ordubeteko kontzertua egin ahal izateko (kar-kar). Bestalde, ikusleek hasiera-hasieratik azaldu zuten jarreragatik ere izan zen hunkigarria. Guk banekien berezia izango zela, baina agertokian bertan egon arte ez zara benetan ohartzen egoeraren dimentsioaz. Muntaiari dagokionez, banda agertokira ateratzen da lehenen, eta abesti instrumental bat jotzen du; jarraian, etenik gabe, “Arratsalde honetan” abestia hasten da eta Gorka eta biok agertokira irteten gara abesten hasteko. Bada, momentu horiek agertokiaren atzealdetik, izkina batetik, bizi izan genituen eta oso hunkigarria izan zen jendea txaloka zegoelako, zutik… Gero atera ginen eta egundokoa izan zen, oso inpaktu handia. Emanaldi bietako ikusleek dena eman zuten, eta, eguna zenez, aukera izan genuen euren aurpegi-espresioak igartzeko. Oso polita!
“Lehen zuzena Hori Bain egin genuen; sei abesti baino ez genituen eta behin eta berriro jo behar”
Nolako soinua dute Sorotan Beleren abestiek banden eskutik?
Soinu polita eta berezia, bestelakoa. Puntu komun bat ere badago, izan ere, Gorkaren eta bion ekarpenaz gainera, abestiak planteatu dira bateriak, baxuak eta gitarra elektrikoak lagunduta jotzeko, eta horrek ezinbestean eramaten gaitu garai hartako Sorotan Belera. Beste aldetik, bandetarako moldaketek eta 30 musikari elkarrekin jotzeak beste sonoritate bat ekartzen du, tinbreak… Ederra da, Xabierrek oso lan handia egin duelako moldaketak lantzen.
“Emaitza ederra da: Xabierrek oso lan handia egin du bandetarako moldaketak lantzen”
Hainbeste musikari agertokian batzea ez da erraza, nola moldatu zarete entseatzeko orduan?
Bandarekin entsegu bakarra egin genuen, Larrabetzuko kontzertua baino egun bi lehenago. Xabier aurretik elkartua zen bandarekin, eta guk ere entsegu batzuk egin genituen bere etxean. Era berean, bakoitzak gure kabuz egin ditugu entseguak, eta bandako musikariak elkarrekin euren lokalean. Nolanahi ere, COVID-19ak erritmoak bideratu dituen arren, ez dut uste egoera normal batean elkarrekin askoz entsegu gehiago egingo genituenik. Esandakoa kontuan hartuta, emanaldia oso ondo eta txukun irten zen, nire ustez.
Larrabetzuko bi emanaldiez gainera, beste bat egin duzue Getxon. Gehiago etorriko dira, ezta?
Baietz uste dugu, udan, urte bukaeran… Egia esateko, muntaiak berak baldintzatzen gaitu, zeren eta, herrietako bandekin batera jotzeko egitasmoa denez, lehenengo eta behin banda egon behar baita, eta bigarrenez, muntaia handia denez, areto berezia behar delako. Argi dago ez dugula Sorotan Beleren kontzertu-karga hura izango, ezta nahi ere; emanaldi puntualak eta bereziak izango dira eta, COVID-19a geldiarazteko osasun- eta edukiera-neurriak direla eta, baliteke datorren urtean ere emanaldia egitea, baina ez da inola ere epe luzeko egitasmoa.
Hogeita hamar urte atzera egingo dugu: ospea ia konturatu barik etorri zitzaizuen.
Musikarako zaletasuna bultzatuta, bizpahiru lagun batzen hasi ginen institutu garaian: Irlandako musika gustatzen zitzaigun eta hango abestiak jotzen genituen. Geroago Gorkarekin batu ginen eta abestiak sortzen hasi ginen. Ilusio handia egiten zigun abestiak inon bilduta izateak eta horregatik grabatu genuen maketa bat. Inguruko tabernetan banatu genituen kopiak, baita Nafarroako tabernetan ere: kilometro asko egin genituen. Horretan genbiltzala, Euskadi Gaztearen Maketa Lehiaketa egin zen bigarren aldiz, eta maketa hara bidali genuen. Ez genuen ezer espero; irratian gure musika entzute hutsak ilusio handia ekartzen zigun, besterik ez. Baina jendeak irratira deitu eta euren botoa guretzat zela esaten zuen, eta guk ere esaten genuen “Tira! Beste boto bat!”…
Eta lehiaketa irabazi zenuten.
Bai, horrek erraztasuna eman zigun hainbeste jendearengana zabaltzeko. Han eta hemen jotzeko deiak ia berehala hasi ziren eta pixkanaka-pixkanaka ohartu ginen bola handitzen hasia zela. Trasteak furgonetan sartu, kilometroak egin eta Euskal Herriko hainbat txoko ezagutu… Oso urte berezia izan zen lehenengo hura: herrietara iritsi, bertakoen harrera…
“Oso urte berezia izan zen lehenengo hura: trasteak furgonetan sartu, kilometroak egin, jendearen harrera… “
Bost urteko ibilbidea (1992-1996) egin zenuten, laburra, baina bizia; zergatik ez jarraitu aurrera?
Arrazoi asko egon ziren tartean. Lehenengo urteetan “olatuan” izaten zara eta ez duzu inola ere pentsatzen inoiz amaituko denik; hala ere, urteak pasatzen dira eta txispa galduz joaten da. Gainera, bigarren diskoa grabatzen hasi baino apur bat lehenago, Mikel Errazkinek osasun-arazo bat izan zuen eta, konposatzen jarraitzen bazuen ere eta kontratazio-lanetan ibiltzen zen arren, horrek bigarren plano batean egotera behartu zuen. Ondorioz, taldea ukitua gelditu zen, Mikel oso motor garrantzitsua zelako. Bestalde, musika-taldeetan ohikoak diren desadostasunak egon ziren gurean ere bai, eta hainbat bilera egin ostean erabaki genuen hirugarren diskoa amaitu eta aurkeztea, eta proiektua bertan behera uztea.
Talde inportantea izan zineten euskal musika eta kulturarako; zure ustez, zein izan da zuen ekarpena?
Egia esan, ez dakit ondo nola neurtu. Ekarpen txikia ala handia izan zen alde batera utzita, kontziente gara gure musikaren bidez garai bateko jendarte batengana ailegatu ginela, eta hori pozik egoteko arrazoia da. Uste dut musika eta kultura orokorrean lagungarriak direla herritarrak batzeko, eta horretan ere lagundu bagenuen, pozik. Beste aldetik, ez dakit musikalki ekarpenik egin genuen; ez dut uste egiten genuena hain berezia zenik. Beharbada, jende askorengana heltzen lagundu ziguten folka, rocka eta popa uztartzeak, Gorkaren ahotsaren tinbre bereziak eta melodia errazak eta erakargarriak egiteak, baina pentsatzen dut kasualitateak ere zerikusi handia izan zuela; hau da, hainbat faktorek bat egin zutela momentu zehatz batean. Ziur nago garai hartan gure estilotik hurbileko taldeak izan zirela; guk zortea izan genuen, maketa lehiaketa irabazi genuelako.