“Lehenengo urratsa, beraz, honako hau da: lurrak erosteko prozesua eskaintza publiko baten bidez abiatzea. Horretarako, basoaren prezioa eta ezaugarri bereziak balioztatuko ditugu, udal-teknikariak aztertuko ditu eta hirigintza-batzordeak hartuko du erabakia”. Larrabetzuko Udalaren hitzetan, “murgilduta gauden krisi sistemiko honetatik ateratzeko ezinbestekoa da ekonomia ekologikoaren alde egitea eta ingurumen irizpideak agenda politikoaren lehentasunen artean jartzea. Ezinbestekoa da, halaber, baso politikaren inguruan hausnarketa kolektibo bat egitea eta, horren ostean, epe motz-ertain-luzerako premiazko neurriak hartzea. Krisi multidimentsional honetan, basogintza sektorean ere, pinuen krisiak gogor kolpatu du eta aspaldiko eztabaidarik handiena piztu da baso politikaren inguruan. Eragile askok nabarmendu dute gogoeta sakon bat egiteko ere ezin une egokiagoa dela, aurrera begirako baso politikari buruzko eztabaida bultzatzearren. Gure inguruko paisaia aldatzen ari da, pinudiek kolore marroia hartu dute eta ez dute egurrik ematen. Gure errepideetan enborrak garraiatzen dituzten gero eta kamioi gehiago ikusten gabiltza eta, pinuen ordez, eukaliptoak ari dira gure paisaian nagusitzen, horrek sortzen duen inpaktu ekosozialarekin. Gainera, zientziak frogatu du eukalipto landaketek ibai eta basoetako ingurumen balioak kaltetzen dituztela. Har dezagun hori kontuan eta ez dezagun sustatu etorkizun hurbilean damuaraziko gaituen praktika forestalik”.
Bestalde, ekaineko osoko bilkuran beste basogintza-eredu baten aldeko mozioa onartu zen. Besteak beste, eta testuan jaso denez, udalak mendi publikoetan baso-kudeaketa iraunkorrago baten alde egiteko konpromisoa du, jarduera eredugarriak bultzatuko ditu eta eukaliptoen azalera murriztu eta bertako baso anitzak sustatuko ditu. Bizkaiko Foru Aldundiari eskatuko dio beste baso-politika iraunkorragoa egiteko, eta, URA Agentziarekin elkarlanean, herriko erreken egoera aztertuko du. Era berean, urratsak egingo ditu basoen jabe pribatuekin lan egiteko, eta herriarentzat balio ekologiko eta hidriko altuko lurrak identifikatu eta, ahal den heinean, erosteko plangintza egingo du.