Zirko Txosko

“Umorea da funtzionatzeko gure modua”

Aikor aldizkaria 2021ko uzt. 28a, 11:43

Oscar Paez galiziarrak eta Ariñe Azkue gipuzkoarrak Zirko Txosko konpainia osatzen dute. Kaleko zirkua egiten dute eta malabarismoz eta akrobaziaz betetako istorioak kontatzen dizkiete umeei zein helduei. Umorea publikoarengana ailegatzeko tresnatzat dute. Bikotea urtarrilean etorri zen Txorierrira bizi izatera, Larrabetzura hain zuzen ere.

Nola sortu zen Zirko Txosko?

P: Iruñeko Oreka zirku-eskolan ezagutu genuen elkar eta erabaki genuen Argentinara joatea ikuskizun bat sortzera. Hango zuzendari batekin lan egin genuen eta lau hilabeteren ondoren Galiziara joan ginen. Hamaika urte pasatu dira harrezkero. Tarte honetan ikuskizun gehiago sortu ditugu, eta beste konpainia batzuekin lan egin.

Kuriositatez, zer adierazi nahi du “txosko” hitzak?

A: “Chosco” hitz galegoa da eta adierazi nahi du “ondo ikusten ez duena” eta “begi okerra” ere izan daiteke. Gaur egungo ikuskizunetan betaurrekoak bakarrik nik jantzi arren, hasieran biok erabiltzen genituen eta horri lotuta aukeratu genuen izena: soinu polita zuela pentsatu genuen. Izena askotan aldatu digute, gero: txasko, txoko… denetarik (kar-kar).

Umorea giltzarria da zuen ikuskizunetan, publikoarengana errazago ailegatzeko bitartekoa da?

P: Umoreak bizitzaren gauza guztien parte izan behar du; bestela, txarto goaz. Gure ikuskizunak nahiko dibertigarriak dira, horrelakoak izatea gustatzen zaigulako. Zuzendari batek edo besteak ikuskizunetan gauza poetikoagoak sartzeko esan digu inoiz, baina azkenean txorakeriak sartzen ditugu beti (kar-kar).

A: Talde bakoitzak funtzionatzeko modu bat du eta gurea umorea da, errazten digulako elkarrekin lan egitea eta publikoarengana ailegatzea. Izan ere, barrearen bidez jendearekin konektatzen da, publikoak pertsonaiak ulertzen ditu eta istorioari jarraitzen dio. Egia da beste ikuskizun mota batzuk ere baditugula, baina umorearekin disfrutatzen dugu gehien.

Eta zirkuaren diziplina guztiak, edo ia guztiak, lantzen dituzue: malabarismoak, akrobaziak, orekari eustea, clown… Ikuskizuna aberasgarriagoa da horrela?

A: Gure kasuan, bai. Teknika txiki-txikitatik ikasi ez dugunez, maila bateraino ailegatzen gara; hortaz, zenbat eta tresna gehiago erabili, gero eta aberatsagoa eta ikusgarriagoa da emanaldia.

P: Gaur egungo zirkua edo “zirku berria” da zirku-teknikak erabiltzen dituen kaleko antzerkia. Dramaturgia apur bat duten ikuskizunak dira eta istorio bat kontatzen da zirku-teknikak uztartuta, hala nola akrobaziak, kolpeak eta erorikoak.

“Zenbat eta tresna gehiago erabili, gero eta aberatsagoa eta ikusgarriagoa da emanaldia”

Asko entrenatu behar da?

A: Asko ez, baina saiatua izan behar da, eta egunero pixka bat entrenatu. Karola Zirko Espaziora joaten gara entrenatzera, Zorrotzaurrera, eta asteburuan, etxean.

P: Sasoian egon behar da ikuskizunetan ondo ibiltzeko edo zuzendariak eskatzen duena bete ahal izateko.

“Sasoian egon behar da ikuskizunetan ondo ibiltzeko edo zuzendariak eskatutakoa bete ahal izateko”

Zeuek zuzentzen duzue zuen burua?

P: Ez, ikuskizun berria sortzeko, zuzendari bati edo besteari deitzen diogu eta berak laguntzen digu lana bideratzen. Guk lantaldea aukeratzen dugu eta ikuskizuna amaituta dagoenean gurea da.

“Zuzendari bati edo besteari deitzen diogu lanak bideratzen lagun diezagun”

Nolakoa da sormen-prozesua?

P: Zuzendariaren eta bere lan-moduaren araberakoa da. Gure lan berria, Oh-Pera!, Aritza Rodriguezek zuzendu du eta lan asko egin dugu materialekin. Esan genion kutxak erabili nahi genituela, eta hainbat altueratako estrukturak egin. Ideia hori abiapuntutzat hartuta, zer egin ahal zen eta zer ez hausnartzen hasi ginen.

A: Abiapuntua inprobisazioa da beti, eta zuzendariak ikusten du funtzionatzen duen edo ez. Ideiak inprobisazio horretatik sortuz joaten dira.

Blokeorik izaten da?

A: Jendaurrean, gutxitan; sormen-prozesuan, gehiagotan. Hasieran kostatzen da, ikuskizuna zerotik hasten dugulako, baina materiala sortuz joan ahala «subidoia» etortzen da eta desblokeatzen gara.  

P: «Bajoia» ere izaten da, izan ere, honekin edo bestearekin saiatzen zara eta ez zaitu betetzen. Edo ez zaizu ezer bururatzen, edo egindakoak ez du funtzionatzen… Orduan zuzendariak gu gidatuz joaten da, harik eta funtzionatzen duen zerbait sortzen den arte.

Bilakaerarik izan duzue talde moduan?

A: Hasieran ez genuen esperientzia handirik publikoarekin, baina urteak aurrera egin ahala, gero eta emanaldi gehiago egin ditugu eta ikusleekin konektatzea errazagoa da orain. Bestalde, hasieran teknikari garrantzi handia ematen banion ere, geroago konturatu nintzen askoz garrantzitsuagoa dela norbera nola dagoen; azken batean berdin dio gauza bat esku batekin edo biekin egiten bada.

P: Gehienbat kaleko ikuskizunak egiten ditugu eta kalean gauza asko gertatzen dira. Gertakizunak ikuskizunean sartu behar dira, publikoa saioaren parte bihurtu, eta, urteetako eskarmentuari esker, horretan ere gero eta trebeagoak gara.

“Kaleko gertakizunak ikuskizunean sartu behar dira, publikoa saioaren parte bihurtu”

Beraz, kalea duzue agertoki.  

P: Bai, batez ere kalean egiten dugu lan, jaietan eta festibaletan, baina neguan antzokietan ere bai.

A: Antzokietan egindako ikuskizunaren bideoak eta argazkiak polit-politak dira, oso garbiak; hala ere, nik publikoaren hutsunea nabaritzen dut. Hau da, argiak direla-eta ez dugu publikoa ikusten eta ez dakigu ondo pasatzen ari diren. Gusturago izaten naiz kalean. Orain, ikuskizuna musukoa jantzita ikusi behar denez, kostatzen zait jakitea jendea zer sentitzen ari den, baina pertsona batzuei begietara begiratuta oso argi igartzen da.

P: Gainera, guk publikoarekin inprobisatzen dugu eta antzokiek horretarako mugak ekartzen dizkigute. Horregatik eskatu ohi dugu argia erabat ez amatatzeko, aretoan zerbait gertatuz gero, hori baliatu ahal izateko.

A: Publikoa ere ezberdina da: antzokira joaten dena ikustera joaten da; kalean, berriz, ikustera joaten dena izaten da, baina hortik pasatzen dena ere bai, eta azken horiek erakarri behar dira.

“Publikoarekin inprobisatzen dugu eta antzokiek horretarako mugak ekartzen dizkigute”

Badago alderik herri baten eta beste baten publikoaren artean?

A: Bai, eta horretara moldatu behar duzu, gainera: esaten edo egiten dutena hartu, ikuskizunerako erabili, gelditu, jarraitu… Euskal Herriko ikusleak nahiko serioak dira, gero asko txalotzen duten arren. Baita frantsesak ere. Andaluzian, ordea, denetarik esaten dute, eta ikuskizunean parte hartu. Portugaleko publikoa ere oso ona da. Behin Kolonbiara joan ginen Payosos en rebeldia egitasmoarekin, eta hango publikoarekin izandako esperientzia oso bestelakoa izan zen: diru askorik ez zegoen tokietara joan ginen eta beste modu batean balioesten zuten gure lana, oso eskertuta azaldu ziren.

P: Familientzako ikuskizuna da gurea. Egia esan, umeekin zein nagusiekin lan egitea gustatzen zaigu: adin-talde bakoitzak zati batzuk beste batzuk baino hobeto ulertzen ditu, esaterako, helduek zati bisualagoak eta umeek kolpeak, eta horrek jokoa ematen digu.

Beste konpainia batzuekin ere egiten duzue lan, adibidez, Cair Circo, Malas Compañias eta Pistracatro taldeekin.

P: Gustatzen zaigu beste konpainia batzuekin lan egitea, haietako kideengandik ikasten dugulako eta erabili ohi ez ditugun egiteko moduak baliatzen ditugulako.

A: Gainera, bikotekideak garenez, dena egiten dugu elkarrekin: bizi, entrenatu, lan egin… eta batzuetan kanpoko jendearekin aritzea ondo etortzen zaigu. Era berean, lan gutxiago egin behar da, ze langile moduan aritzen zara, besteentzat; norbere konpainia denean –Cair Circo ere gurea da, baina beste lagun batzuekin batera sortutakoa– , lan handiagoa dago. Dena dela, erraza da gurekin taldean lan egitea eta arazo barik moldatzen gara. Bestetik, egia da taldean ibiltzen zarenean gehiago eman behar duzula, eta ikasi. 

“Gustatzen zaigu beste konpainia batzuekin lan egitea, haietako kideengandik ikasten dugulako”

Nolakoa da kaleko zirkutik bizi izatea?

P: Ziurgabetasuna egon arren, hura gero eta txikiagoa da. Orain dela 11 urte ez gintuen inork ezagutzen eta ikuskizun bakarra genuen. Hortaz, geuk egin behar genuen dena: udaletara deitu, ikuskizuna saldu, webgunea… Gero errazagoa izaten da, batez ere ikuskizun bat baino gehiago baduzu eta beste konpainia batzuekin lan egiten baduzu. Izan ere, pixkanaka ezagunago bihurtuz joaten zara eta zure lana leku gehiagotara zabaltzeko aukera etortzen da. Nolanahi ere, ziurgabetasuna beti dago, jakina.

A: Hilaren amaieran ez dugu soldata finkorik eta ez dakigu opor ordainduak zer diren, ezta aparteko paga zer den ere. Are gehiago, martxoa dela ez dakigu urtea pasatzeko behar beste dirurik izango dugun. Ikuskizunez gainera, tailerren bat ere eman dugu inoiz, baina lagunek eskatu digutelako izan da. Oporretara noiz joan ahalko garen ere ez dakigu, emanaldiei ezin zaielako ezetz esan.

“Martxoa dela ez dakigu urtea pasatzeko behar beste dirurik izango dugun”

Zelako eragina izan du pandemiak zuen lanean?

A: Hasieran beldur ginen, ez genekielako aurrerago lanik izango genuen. Halere, jaietarako aurrekontu asko gastatu ezin izan zirenez, ikuskizun txiki asko antolatu dira eta nahiko lan izan dugu. Antzokietan ibiltzen direnak okerrago pasatzen dabiltza.

P: Osasun-neurriek eta edukierak mugatzeak eragina izan dute ikuskizunetan: saio hotzagoak dira orain, publikoarekiko hurbiltasuna galdu delako. Hala ere, lortu dugu ikuskizunen mamiari eustea.

“Jaietarako aurrekontua gastatu ezin denez, ikuskizun txiki asko antolatu dira eta nahiko lan izan dugu”

 

“Saioak orain hotzagoak diren arren, lortu dugu ikuskizunen mamiari eustea”

Nola datoz hurrengo hilak?

A: Udan-eta emanaldiak ditugu, baina hasi da entzuten datorren urtean krisia etorriko dela eta aurrekontu publikoak apur bat murriztuko direla.

Amaitzeko, zer egiten dute galego batek eta gipuzkoar batek Larrabetzun?

P: Santiago de Compostelan 10 urte eman ondoren, herri txiki batean bizi izateko gogoa genuen, eta Euskal Herrira etortzeko gogoa. Antzerki-giroa zegoen inguru bat nahiago genuen eta hori Bilbo zen; gainera, jadanik bertako konpainia batekin –Malas Compañias– lan egiten genuen. Etxebizitza topatzen hasi, eta Larrabetzura etortzeko aukera agertu zen. Ezagunei galdetu genien eta oso iritzi onak eman zizkiguten. Gipuzkoara emanaldi batera gindoazela aprobetxatu genuen herria ezagutzeko eta asko gustatu zitzaigun. Eskolara deitu genuen alaba eskolatu ahal genuen galdetzeko eta erraztasunak baino ez zizkiguten eman; hortaz, bertan gaude. Gainera, ni euskara ikasten nabil.

A: Hamazortzi urte bete nituenean kanpora joan nintzen ikastera eta, Iruñeko eskolan emandako denboraldia izan ezik, 20 bat urte eman ditut Euskal Herritik kanpo. Alaba jaio zenean itzultzeko gogoa etorri zitzaidan, hizkuntzagatik eta hezteko moduagatik. Niri kostatzen zait toki batean luzaro gelditzea, baina oso gustura gaude hemen. Hain gustura, ezen amona izaten naizenean ere ikusten baitut nire burua Larrabetzun (kar-kar).

Ibilbidea

Ariñe Azkuek aireko teknikak, dantza, akrobazia eta clown ikasi ditu penintsulan, Italian eta Argentinan. Kaleko antzerkiko hainbat jaialditan eta zirkoko emanaldietan hartu dute parte, eta, besteak beste, Zirko Oreka, Zirika Zirkus eta Panpinpox konpainiekin egin du lan. Aire-tekniken irakaslea izan da Oreka eskolan. Oscar Paezek, bestalde, clown, akroportesa, dantza eta malabarismoa ikasi ditu penintsulan eta Argentinan, eta zenbait konpainiatan parte hartu, La Bandan eta Zirko Orekan kasu. Baita kaleko antzerkiko jaialdietan eta zirku-galetan ere. Jarduera Fisikoan eta Kirolaren Zientzietan lizentziatua, akrobazia- eta malabarismo-irakaslea izan da Iruñeko Unibertsitate Publikoan.   

Zirko Txoskok lau ikuskizun ditu: Indartsuak, Txosko airean Zerua arriskuan jartzea eta euren azken lana den Oh-Pera!. Abuztuan emanaldia egingo dute Larrabetzun Malas Compañias taldearekin.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).