Beste basogintza-eredu bati begira

a: Iskander Barrena / Idoia Andres 2021ko ira. 30a, 10:03

Iazko geldialdiaren ostean, Gurpide Larrabetzuko baserritarren eta kontsumitzaileen elkarteak urriaren 17rako antolatu du Bertoko Produktuen Azoka. Hortaz, Larrabetzuko, Bizkaiko eta Nafarroako ekoizleak berriro batuko dira herriko plazan, eta herritarrek zein bisitariek Euskal Herrian ekoiztutako produktuak eskuratu ahalko dituzte, hala nola ortuariak, esnekiak, pasta, marmelada, sendabelarrak eta artisau-lanak. Gainera, Gurpidek gai bat jorratu ohi du azokaren harira eta aurten basogintza-eredua aukeratu dute horretarako. 

“Duela urtebete inguru, hausnarketa egin eta ondoriotzat atera genuen gaur egungoaren moduko krisialdiak etortzen direnean oso garrantzitsua dela elikagaien hornidura hurbil edukitzea, eta herri eta eskualde autosufizientea izatea”, azaldu digute. “Hainbat gai jorratu genituen ideia horri lotuta eta haietako bat izan zen Larrabetzun ia ez dagoela lur publikorik, eta autosufizientzia nahi bada, lur publikoen jabetza estrategikoa dela epe ertainera eta luzera. Herriko alderdi politikoekin harremanetan ipini ginen eta azkenean onartu zen Udalak diru-partida bat bideratzea lurrak erosteko: 15.000 euro. Gainera, alkateak, zinegotzi batzuk eta Gurpideko kide batzuk lantalde bat osatu genuen, eta erabaki genuen lur horiek basogintzarako erabiliko zirela, eta baso-lur horiek abeltzaintzarako ere erabilgarriak izan zitezkeela”.

“Autosufizientzia nahi bada, lur publikoen jabetza estrategikoa da epe ertainera eta luzera”

Elkarteak beste basogintza-eredu bat bultzatu nahi du herrian eta, gaiari heltzeko, eztabaida zabaldu. Hala, abuztuan eta irailean, lurren jabeek egitasmoa ezagutzera udaletxera hurbiltzeko aukera izan dute, eta, bestalde, urriaren 14an hitzaldia egingo da 19:00etan, Anguleri kultur etxean. Hitzaldi horretan parte hartuko dute Tantai Baso Jabe Kooperatibako kideek eta Errez kooperatibako ordezkariek. “Ideia da lurren jabeak egitasmora erakartzea, eta hitzaldiak interesa pizten badu, tailer bi egingo dira haiekin, beste basogintza-eredu bat lantzeko”.

Esan digutenez, ez dago beste basogintza-eredu bakar bat, hainbat eredu baizik. Gakoa da soilik etekin ekonomiko bila dabilen eredutik aldentzea eta dibertsifikazioaren alde egitea. “Etekina atera daiteke basotik, baina etekin horrek ez du bakarrik ekonomikoa izan behar; ekologikoa ere izan behar du, naturari, paisaiari, aisialdiari… begirakoa. Basoak beste modu batean kudeatzen ikasi beharra dago eta, monolaborantzaren ordez, dibertsifikatu: esaterako, basafruituak ipini, ortua, animaliak… Lurra eta ingurua pobretu barik ikasi behar dugu basoa ustiatzen; izan ere, pinua, adibidez, ez da berez kaltegarria: kaltegarria dena da bakarrik pinuak landatzea”. Haien hitzetan, monolaborantzak dakartzan mugak eta kalteak lehen baino askoz nabarmenagoak dira gaur egun. “Pinuen gaixotasuna etorri da, eta dibertsifikazioaren bitartez lortu daiteke basogintza-eredu orekatuagoa eta zainduagoa. Horretarako momentu egokia dela uste dugu, zeren debatea Euskal Herriko hainbat tokitan dago, baita agenda politikoan eta mediatikoan ere”.

“Etekinak ez du bakarrik ekonomikoa izan behar; ekologikoa ere izan behar du, naturari, aisialdiari… begirakoa”

“Dibertsifikazioaren bitartez lortu daiteke basogintza-eredu orekatuagoa eta zainduagoa”

Gurpideko kideen ustetan, gainera, ezinbestekoa da natura-guneak eta mendi-magalak babestea. “Monolaborantza, pinua, kentzen denean, matarrasa egiten da eta makinek dena kentzen dute; lurra biluzik uzten dute, ura xurgatzeko gaitasunik gabe… animaliak ere ezin dira hor bizi… Hori ere aldatu beharra dago, eta inguru naturala zaindu, muturreko klima-aldaketak ez etortzeko. Munduko klima ez ezik gertuko klima ere aldatuz doa eta: paseoan gabiltzala, esate baterako, tenperatura-aldaketa igartzen dugu, basoa zein den gora-behera. Ondo jagotako baso batek ura kudeatzen eta mantentzen du, eta ekosistema orekatuak gura baditugu, basoak bere funtzioa bete behar du”.

Esanak esan, lur publikoak behar-beharrezkotzat jotzen dituzte beste basogintza-eredu baterantz urratsak egiteko. “Espero dugu hau epe luzeko egitasmoa izatea eta lurrak erosteko aukera urtero egotea. Lurrak erosita, lur publiko horien kudeaketari buruzko eztabaida ere zabaldu beharko da, hainbat aukera daude eta”. 

“Espero dugu hau epe luzeko egitasmoa izatea eta lurrak erosteko aukera urtero egotea”

Basogintza-eredua Bertoko Produktuen Azokari lotuta izango dute aurten eztabaidagai. Azoka 22. aldiz egingo dute eta, aurrekoak bezala, arrakastatsua izatea espero dute. “Pandemia dela eta, azoketatik bizi den jende asko ezin izan da plazan egon eta galera handia izan du. Egoera hobetuz doala ematen du, eta plazara ere berriro ateratzeko garaia da. Era berean, bizi dugun egoerak zer pentsatua eman izana ere espero dugu: jagon ditzagun gure baserriak eta inguruak”.  

Komunitatea

Sei ekoizlek eta bost kontsumitzailek osatzen dute Gurpide elkartea. Hala ere, horren oinarri soziala askoz zabalagoa da, herritar askok elkartearen helburuekin eta irizpideekin bat egiten dute eta. Haien artean daude konposta egiten duten familiak, merkatu txikiko bezeroak eta astero baserritarrei produktuen otzara erosten dietenak. “Horiek guztiak gonbidatu genituen baserri bat bisitatzera eta Gurpide komunitatea osatzeko proposamena egin genien, haiek ere modu batean edo bestean ekarpena egin dezaketela pentsatzen dugulako”.

Elkarteak sare sozial hori, komunitatea, lehenengo sektorearen inguruan aktibatu eta trinkotu nahi du. Auzolanaz baliatuko dira helburua lortze aldera. “Herrian sortu daitezkeenez gainera, auzolan bitara deitzeko asmoa dugu. “Alde batetik, Galdakaoko Elkarlaguntza Sarea egitasmoko lagunek lurrak dituzte Larrabetzuko baserri batean, eta astean bitan auzolanean ibiltzen dira bertan; hara hurbildu nahi dugu, auzolanean parte hartzeko eta proiektua apur bat gehiago ezagutzeko. Bestalde, udazkenean Arratiara joan nahi dugu, Basoa proiektua ezagutzera”. Lehen sektorearen alde egiteaz gainera, autosufizientzia ere bada elkartearen helburuetariko bat. “Eta elkartea bagara, elkarri lagundu ahal diogu hainbat modutan”.      

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).