Bikaintasunaren bila Europan

Aikor aldizkaria 2021ko urr. 20a, 08:47

Larrabetzuko eskola Erasmus+ egitasmoaren barruan dago eta horri lotuta bidaia egingo dute Europako zenbait ikastetxetara, STEAM metodoari buruz gehiago ikasteko. Metodo horrek ikuspegi integratzailea du eta ikasleek zientzian interes handiagoa izatea dakar, teknologian, ingeniaritzan, arteetan eta matematikan. Lehen bidaia Frantziara egin dute, Void-Vacon herriko Ecole élémentaire publique Du Petit Ruisseau eskolara hain zuzen.

Deiene Iturregi Lekue Larrabetzuko eskola zuzendaria da. Azaldu digunez, orain arte gehienbat hizkuntzak eta hirueletasuna jorratu dituzte –esaterako, laugarren mailatik aurrera ikasleek ingelesez ikasten dute Zientzia–, eta orain STEAM metodoak barne hartzen dituen arloak sakonago lantzeko asmoa dute, eta irakasleak horietan trebatu. Erasmus+ egitasmoak aukera emango die ikusteko eta ikasteko Europako beste herri batzuetako ikastetxeetan esandako arloei zelan heltzen dieten. Horrela, bada, eskolako irakasleek “job shadowing”-a, hau da, ikusiz ikastea, eta beste ikastaro batzuk egingo dituzte. “Guztira 10 irakasle hartuko dugu parte egitasmoan. Lau irakasle Frantzian izan gara irailean, eta beste batzuk, ziur asko, Italiara joango dira robotikari buruzko ikastaro bat egitera. Europako hirugarren eskola bat ere bisitatuko da, baina oraindik ez dugu zehaztu nora joan”.

STEAM metodoak barne hartzen dituen arloak sakonago lantzeko asmoa dute, eta irakasleak horietan trebatu

Iturregiren esanetan, oso egitasmo onuragarria da eskolarako, “beti dagoelako besteengandik zer ikasi”. Esan moduan, lehen bidaia Frantziako Void-Vacon herriko eskola batera egin dute zuzendariak, aholkulariak, 6. Mailako tutore batek eta ingeles irakasle batek. “Egia esateko, haiek jo zuten guregana, teknologia berriei buruz gehiago ikasi nahi zutelako, eta pentsatu genuen elkartrukerako aukera ona izan zitekeela”. Hango lan egiteko modua ezagutzeaz gainera, esperientzia baliagarria ere izan da Larrabetzuko irakasleak konturatzeko “bertan aurreratuago gaudela”. “Adibidez, Lehen Hezkuntzan guk ikasle adituak ditugu ingelesa emateko, musika, gorputz hezkuntza, pedagogia terapeutikoa… Han, berriz, tutoreak ematen ditu ikasgai guztiak. Gainera, ez dute ordu librerik eskola-saioak prestatzeko. Eskolak emateko orduan, denetarik ikusi dugu: batzuk manipulazio-saioak izan dira, eta beste batzuk, antzina egiten ziren modukoak. Haur Hezkuntzako ikasleak beste eraikin batean daude, beste ikastetxe batean, eta, guk bezala, txokoak egiten dituzte”. Aldeak ere nabaritu dituzte. “Hango ikasleek arretasun-maila handiagoa dute, baita autonomia handiagoa ere”. Eta zer hobetu. “Hizkuntzei dagokienez, garrantzi handia ematen diote ahozkotasunari; hemen gehiago idazten dugu eta ahozkotasuna indartu beharko genuke”.  

Berriztatzaileak

Frantziako eskolako ordezkariek Larrabetzuko eskola bisitatzeko asmoa dute, baina oraindik ez dute zehaztu noiz. Larrabetzuko eskola, bestalde, duela urte bi aurkeztu zen Erasmus + egitasmora eta, pandemiak programaren datak atzeratzea ekarri duenez, 2022ko abendura arte dute bisitak eta ikastaroak egiteko aukera. Egitasmoan parte hartu ahal izateko, eskolako arduradunek euren helburuak zeintzuk diren argi zehaztu zituzten. Helburu horien artean hauek daude: irakasleek Europako prestakuntza-ikastaroak egitea, gaitasun berriak sustatzeko eta euren profila indartzeko; irakaskuntza-ikaskuntzan aurrera egitea, euren irakaskuntzaren kalitatea hobetzeko; Europako komunitate zientifikoko etorkizuneko kideak sortzen laguntzea; metodologia berriztatzaileak eta motibatzaileak bilatzea, eskola-porrotari aurre egiteko; eta neskak STEAMeko ikasketetara bultzatzea.

“Irakasleok etengabeko prestakuntzaren aldekoak gara eta aspalditik gabiltza prestakuntzan eta hobekuntzan murgilduta. Ordezkoak egitera etortzen direnak harritu egiten dira gure maila teknologikoa ikusita. Bikaintasunera heltzeko asmoa dugu eta, horretarako, beti gabiltza eskolan berrikuntzak sartzen”. Erasmus+ egitasmoari esker ikasitakoa eta ikusitakoa eskolako gainerako irakasleekin partekatuko dute, ikasgeletan egiteko, irakasteko eta ikasteko modu berritzaileak ezartzeko. Esperientzia Txorierriko gainerako eskolekin ere partekatzeko asmoa dute. 

“Irakasleok etengabeko prestakuntzaren aldekoak gara eta aspalditik gabiltza hobekuntzan murgilduta”

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).