Txondorra piztu zen Larrabetzun

Aikor aldizkaria 2021ko aza. 5a, 14:40

Mendeetan, ikatza bertoko zuhaitzen egurraz eraikitako txondorretatik atera dute euskaldunek. Ikatza egiteko modu tradizional hori gogora ekartzeko, txondorra piztu zen abuztuaren 1ean Larrabetzun, Ubiritxagako inguruan hain zuzen ere. 

Sabin Arana Loroñok izan zuen txondorra egiteko ideia eta egitasmora erakarri zituen Garbiñe Etxebarria Uriarte eta Txirri Lekue Jauregi. “Txondorra da, ikatza egiteko, egurra egosten den era bat”, azaldu digute. “Zergatik Larrabetzun egin? Bada, berton, garai batean, lau burdinola eta hiru errementari izan ziren eta lauzpabost mendetan larrabetzuarrak ikatza egiten ibili ziren burdinolak elikatzeko. Kintal bat burdin egiteko, 6-8 zama behar ziren eta basoetako egur gehiena ikatza egiteko erabiltzen zen. Beraz, zergatik ez gogoratu garai hura? Izan ere, egurra izateaz gainera, ikatza nola egin ikasi dugu”.

“Lauzpabost mendetan larrabetzuarrak ikatza egiten ibili ziren burdinolak elikatzeko”

Nolanahi ere, argi utzi dute egitasmoa folklore hutsetik haratago joan dela. “Folklore-zatia badu, baina oinarri sakona ere bai. Olagizonek ikatza behar zuten eta, hainbeste egur gastatu zenez, goietan ere zuhaitzak landatzen hasi ziren. Baina ganaduak zuhaitz txikiak jaten zituen eta kontrajarri egin ziren baserritarren interesak eta olagizonenak. Basoak herriarenak ziren garai hartan eta 1486an Bizkaiko Andrearengana, Isabel Katolikoarengana, jo zen basoak banatzeko baimena eman zezan. Hark baimena eman, eta herria administratzen zuen kontseiluak basoak banatu egin zituen herritarren artean. Ondorioz, bakoitzak bere lurra izan zuen eta, hortaz, ikatza eta diru-sarrera bat. Guztiak pozik. Iraultza izan zen”.

Aranaren baserriko haritza erabili zuten txondorra egiteko, zazpi tona inguru. “Adarrak 10 urtean behin moztu ohi dira eta aurten inausketa egin behar zela aprobetxatu dugu. Urtarrilean hasi ginen adarrak mozten eta ekainaren erdialdera arte izan genituen sikatzen, hezetasun apur bat galdu behar zuten eta. Ubiritxaga ingurura lagun batek eraman zituen traktorez, ekainaren amaieran-edo”. Kontatu digute, erre barik, egurra egosi egin behar dela. “Bestela hautsa sortzen da. Egosiz gero, koipea eta hezetasuna kentzen dira eta kaloriak dituen parterik onena gelditzen da; hau da, erabiltzeko onena”.

 

Egurrezkoa osorik

Egurra tamaina berean moztuta, egur-zatiak bata bestearen ondoan, eta bata bestearen gainean, ipini zituzten, ondo lotuta, harik eta txondorrari forma eman zioten arte. Txondorra egurrezkoa zen oso-osorik. “Egurra behar moduan egosi ahal izateko,  inportanteena da tximinia behar moduan ipintzea. Era berean, garrantzitsua da dena estanko egotea, oxigeno gehiagorik ez sartzeko: arnasa hartu behar da, baina gutxi. Horregatik tapatzen da orbelarekin eta lurrarekin; sokila ere erabili dugu”. Txondorrari abuztuaren hasieran eman zioten sua. “Txingarra egin behar da, eta tximiniatik sartu. Gero egurrarekin betetzen da. Ondo zaindu behar da dena, txinpartarik ez ateratzeko, eta, beharrezkoa bada, tiro edo zulotxo batzuk egin”.

“Egurra behar moduan egosteko,  inportanteena da tximinia behar moduan ipintzea, eta dena estanko egotea”

Txondorraren sustatzaileek herritarren laguntza izan zuten hura egiteko zein behin piztuta hura zaintzeko. “Txabola ere egin genuen eta gauero-gauero bi lagun-edo izan dira han lo egiten. Txabolari Pitxitxola ipini genion izen, proiektuan gurekin ibili eta maiatzean hil zen lagunaren omenez. Txondorra 13 egunean egon zen martxan eta denbora osoan gutxienez pertsona bat egon zen hura jagoten”. Txondorrez gutxi zekiten eta, ezinbestez, asko ikasi behar izan dute. “Igantziko Andonik eta Azkoitiako Pellok asko lagundu digute, eta txondorra nola egin irakatsi. Txondorrari sua eman genion egunean biak azaldu ziren Ubiritxagan eta lasaitasuna ekarri zigun biek han egoteak. Telefonoz ere izan gara haiekin harremanetan, galdetzeko funtzionamendu teknikoari buruz eta jakiteko zer egin behar genuen sua biziegia edo motelegia bazen”.

“Txondorra 13 egunean egon zen martxan eta denbora osoan gutxienez pertsona bat egon zen hura jagoten”

Poz-pozik esan digute cum laude atera dutela txondorra egiten. Ikatza parte-hartzaileen artean banatu dute, eta zati bat beste proiektu baterako gorde dute. Proiektu berri horretan Alberto Albaizarrek nahasi ditu.  “Burdina sortzeko asmoa dugu. Horretarako, mea bila gabiltza handik eta hemendik, ea mineral egokia topatzen dugun. Laba ere egin beharko dugu”. Etorkizunean egitasmo horren nondik norakoak ere kontatuko dizkigute.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).