Epaimahaiaren ustez, Gazteluren lanak “lagundu egiten du aurre egiten heriotzaren aurrean guztiok bizi izan dugun minari eta hutsuneari. Egileak heriotza sublimatzeko darabil testua, eta hori lagungarria izan daiteke irakurle askorentzat”. Heriotzari aurrez aurre begira saiakera hiru urteko lanaren emaitza da eta ikasteko eta hausnartzeko ariketa ere izan da larrabetzuarrarentzat. Lanaren helburua da heriotzari buruz beste begirada bat eskaintzea, eta, horretarako, bertan batu ditu hainbat ideia, pentsamendu eta jarduera. Saiakerak oraindik gure gizartean deserosoa den gaiari buruz hausnartzeko gonbitea egiten du.
Oskar Gaztelu Magisteritzan diplomaduna da, Euskal Filologiaren arloan, eta Ingeles Filologian lizentziaduna. Lehen eta Bigarren Hezkuntzako irakasle ibili da 29 urtean, eta gaur egun Leioako Helduen Hezkuntzako Ikastetxeko (HHI) ikasketa-burua da. Interes handia du psikologia transpertsonalean eta pertsonen portaeretan eta pentsatzeko moduan. Pertsonalitatearen eneagrama ikasi du eta formazioa programazio neurolinguistikoa, PNL, ere badu.