Fernandezekin hitz egiteko aukera izan dugu. Azaldu digunez, indarkeria-mota bi daude indarkeria obstetrikoaren baitan: fisikoa eta psikologikoa. “Indarkeria fisikoaren barruan sartu daitezke gehiegizko medikalizatzea eta prozesu naturaleen patologizazioa, esate betarako, perineoa sistematikoki moztea, beharrezkoa ez denean zesareak egitea, Hamilton maniobra, poltsa amniotikoa errutinaz apurtzea… Baita ama eta umea arrazoirik gabe banatzea ere. Bestalde, pandemia dela-eta dezente gertatu da emakumea bikotekidearekin edo konfiantzako pertsonarekin egon ezin izatea, eta badakigu hori zein inportantea den”. Jardute zaharkituak ere aipatu ditu. “Adibidez, derrigorrean etzanda erditu behar izatea eta Kristeller maniobra; hau da, emakumearen gainean jarri eta besoa edo ukondoa erabilita umetokiaren gainean bultzatzea, umea atera dadin, ondorio kaltegarriak ekartzen dituen arren”.
Indarkeria psikologikoari lotuta, aipu izan ditu, besteak beste, emakumearen autonomia-printzipioa ez errespetatzea, egiten ari zaionari buruzko informaziorik ez ematea eta bere onespenik gabe jardutea. “Emakumearen erabakiak ez errespetatzea ere bada indarkeria. Esate baterako, emakumeak eskubidea du esateko ez duela nahi erditzea abiaraztea, eta batzuetan hori bere nahiaren kontra egiten da. Era berean, bortizkeria da emakumearen intimitatearen eta pribatutasunaren aurka jokatzea, jendea erditze-gela nor den esan gabe sartzea kasu, eta tratu txarrak eta iraingarriak”.
Bere esanetan, azaldutako indarkeria horietaz gainera, indarkeria sinbolikoa ere bada. “Botere-harremana dago profesionalaren eta emakumearen artean, eta profesionala bera ere ez da konturatzen bortizkeria erabiltzen ari dela. Guztiz normalizatuta dagoen tratua da: horrela ikasi du eta horrela egiten du. Eta, gainera, arrunta da emakumeak pentsatzea bere hobe beharrez hori guztia egin diezaioketela. Oso zaila da konturatzea hor indarkeria dagoela”. Amaren eta umearen osasun fisikoan eta mentalean eragiten du. “Ondorio psikologikoak eta sozialak ditu eta harremanetan du eragina, amaren eta umearen buruko osasunean… Era berean, perineoko lesio batek edoskitzean eragin dezake, sexu-harremanetan, umearekiko harremanetan… Erdiondoko ondorioak gutxitan diagnostikatu eta tratatzen dira; emakumeak bakardadean bizi ditu”.
“Profesionala bera ere ez da konturatzen bortizkeria obstetrikoa erabiltzen ari dela”
Gainera, aurreko lerroetan esandako jarduteak oso momentu zaurgarri batean egiten dira. “Garrantzitsua da ulertzea zer den erditze fisiologiko bat. Esku hartu gabeko erditze batean, emakumea oso momentu berezian dago. Bere garuna erabat eraldatu da haurdunaldian eta bereziki erditzean eta, hortaz, sistema linbikoa, emozioena eta zentzumenena oso anplifikatuta daude. Ondorioz, zentzumenen bidez ailegatzen zaion informazio guztia ere oso anplifikatuta dago eta gertatzen dena memorian gelditzen da grabatuta. Horrek amaren erditze ondoko ahalduntzean eragiten du: errespetatu bazaituzte, oso ahaldunduta atera zaitezke erditzetik, baina erditze traumatikoa izan bada, berriz, txikituta”.
“Errespetatu bazaituzte, oso ahaldunduta atera zaitezke erditzetik; erditze traumatikoa izan bada, txikituta”
Desioak errespetatu
Fernandezen aburuz, emakumeak ez du inongo ardurarik eragiten zaion indarkeria obstetrikoan. “Emakumea ondo tratatu behar da haurdunaldian zein erditzean eta erditze ondoan. Ebidentzia zientifikoek erakusten dituzten jarduteei jarraitu behar zaie, eta bereziki emakumeen desioak errespetatu behar dira, beste edozein praktika mediko-ospitalariotan moduan eskubidea baitugu gure nahiak errespetatu daitezen. Momentua eta egoera muturreraino errespetatu beharko lirateke”. Indarkeria obstetrikoari aurre egiteko, ezinbestekotzat jotzen du osasun-profesionalak heztea. “Nolanahi ere, euren lan-baldintzak zeintzuk diren ere aztertu beharko luke, eta euren buruko osasunari ere arreta handiagoa eskaintzea. Osasun-langileak ere zaindu beharko lirateke, eta trebatu, emakumearentzat hain berezia den egoera ulertu dezaten”.
Azkenik, azpimarratu du gizarte patriarkal batean bizi garela eta ez dagoela konfiantzarik emakumearen eta umearen gorputzean. “Osasun-paradigma mekanizista ere badugu: ospitalea da fabrika, emakumea, makina, eta umea, produktua. Emakumeak ez du erabakitzeko aukerarik, objektua balitz bezala tratatzen da eta harekin behar den guztia egiten da umea ondo atera dadin. Osasun-paradigma horretatik aldentzeko ahaleginetan gabiltza, apurka-apurka. Izan ere, nahiz eta indarkeria obstetrikoa bortizkeria-motarik isilena den, gero eta gehiago hitz egiten da berari buruz.
Hurbiletik
Estitxu Fernandez Maritxalar (Lesaka, Nafarroa, 1975). Psikologoa da, eta buruko osasun perinatalean aditua. Gaztetik izan du emakumearengan eta bere inguruko gaietan interesa, eta indarkeria obstetrikoa pairatu duten emakumeen testigantzak jasotzen dabil gaur egun. Gure erditzearen jabe liburuaren egilea da eta bertan erditze kontzienteak garaiotan duen garrantzia azpimarratzen du. Informatuta egotea eta bizi duen egoeraz jabetzea erditzera doan emakumearentzat zein inportantea den azaldu du liburu horretan; hala ere, eta indarkeria obstetrikoari dagokionez, argi utzi du ez dela emakumearen ardura nola artatzen duten: “Berak ez du obstetrizian master bat egin behar”. Bestalde, bertsolaritzan ibilia da eta orain dela urte batzuk telebistan ikusi genuen kazetari-lanetan. Beste batzuen artean, Sorginen laratza, Bertatik bertara, Kirolez kirol eta Biztanleak telebista-saioak aurkeztu zituen ETBn, eta Tartaria irratsaioa, Euskadi Irratian.