Larrabetzuk bat egin du Garapen Iraunkorrerako 2030 Agendarekin

Aikor aldizkaria 2022ko urt. 19a, 10:46

2015eko irailean, Garapen Iraunkorrerako 2030 Agenda onartu zuten Nazio Batuek. Hura da pertsonen, planetaren, oparotasunaren eta bake unibertsalaren aldeko ekintza-plana eta garapen iraunkorrerako 17 helburu ditu. Larrabetzuko Udala dago 2030 Agendarekiko konpromiso argia adierazi duten euskal erakundeen artean. Horrela, abenduko osoko bilkuran onartu zutenez, agendari eta bere oinarriei eta garapen iraunkorrerako helburuei jarraituko diete, datozen urteetako udal-politika egiteko.

“Herritarrengandik hurbilen dagoen administrazioa izanda, udalak giltzarri gara prozesu honetan eta mundu-estrategia tokiko eremura eramateko eginkizunean. Udalerri bakoitzak hausnarketa egin behar du 2030 Agendak eskaintzen dizkion aukerei buruz, eta Garapen Jasangarriko Helburuak (GJH) tokiko errealitatera egokitu”, azaldu dute. “Larrabetzuko Udala prozesu hori lantzen dabil, gure plan lokalak, orokorrak eta sektorialak GJHen ikuspegitik aztertuz, bidearen zein puntutan gauden egiaztatuz eta Larrabetzu 2030 Estrategia definitzeko gako horretan lan eginez, hurrengo hamarkadarako gure gobernantza-eredua definituko duen ibilbide-orri gisa”.  

Garapen Jasangarriko 17 helburuei beste helburu bat gehitu zaie Euskadin: hizkuntza- eta kultura-aniztasuna. “Egungo testuinguruak ezartzen dizkigun lehentasunetan jartzen dugu arreta, ikusmira 2030. urtean jarriz, baina gaur egungo momentutik jardunez”. Adierazi duten moduan, “estatuei ez ezik administrazio publikoaren eskala guztiei ere dagokie, baita enpresa pribatuei eta hirugarren sektore sozialeko erakundeei ere. Honek testuinguru berria eta komuna eskaintzen digu, non eragile guztiok hizkuntza bera hitz egin dezakegun, eta akordioak eta aliantzak sustatu, helburuak indartzeko eta lortzeko”.

Hortaz, Larrabetzuko Udalak GJHak lortzen lagunduko du, besteak beste, “Larrabetzu leku segurua, osasungarria, inklusiboa, erresilentea eta iraunkorra bihurtuz; aukera-berdintasuna eta kultura-aniztasuna sustatuz eta eremu guztietan pobrezia eta desberdintasunak murriztuz; enplegu duina bultzatuz eta tokiko merkataritza, ekoizpena eta turismo iraunkorra bultzatuz; prozesu jasangarrietan oinarritutako garapen ekonomikoa sustatuz eta bizitzaren etapa guztietara iraunkortasunerako hezkuntza bideratuz; 2030 Agendak COVID-19aren agertokian behar bezala berreskuratzeko eskaintzen dizkigun aukeretan oinarrituta; koherentzia, efizientzia, gardentasuna eta herritarren parte-hartzea bermatzen dituen gobernantza-eredua 2030 Tokiko Agendari emanez; eta GJHak lortzeko aliantzak ezartzeko dugun zeregina indartuz”.  

Azaldutakoaren arabera, abenduko osoko bilkuran Larrabetzuko Udalak konpromisoa hartu zuen 2030 Agendarekin eta GJHekin bat egiteko. Horri lotuta, tokiko estrategia garatuko du GJHak betetzea bultzatzeko; udalerriaren baliabideen eta aurrekontuen arabera, baliabide teknikoak, ekonomikoak eta antolakuntzari lotutakoak ezarriko ditu udal-politika edo plana bermatze aldera; txosten publiko baten bidez aldizka emango du herriaren egoera eta bilakaera, GJHei dagokienez; herritarrek 2030erako ibilbide-orrian parte hartzea erraztuko du; eta efektu biderkatzailea bultzatzen duten beste erakunde publiko zein pribatu batzuekin aliantzak sustatuko ditu GJHak lortzeko”.