Itxaro Borda, idazlea

“Nobela beltzaren bidez hobeki ezagutzen dugu gizartea”

Aikor aldizkaria 2022ko ots. 9a, 13:51

Baionako idazleak Euri zitalari esker liburua aurkeztu zuen urtarrilean Larrabetzun, Literaturaz Berbetan egitasmoaren baitan. Liburu horretako orrialdeetara Amaia Ezpeldoi detektibearen azken abentura eraman du.

Kostatu zitzaizun Ezpeldoi jubilatzeko erabakia hartzea?

Sei nobelatan erabili dudan pertsonaia da Amaia Ezpeldoi. Bide, ikerketa eta abentura asko zituen eginik eta iruditu zait, langile guztiek bezala, erretiratzeko ordua merezi zuela. Ziklo bat ixteko modua ere bada, Amaia Ezpeldoi 30 urtez nire begiak eta belarriak izan delako, baita batzuetan nire izpiritua ere. 

Euskal Herria asko aldatu da 30 urtean, politikoki, ekonomikoki, kulturalki…; eta liburuetan hainbat gai jorratu dituzu, hala nola ekologismoa, antimilitarismoa eta politika. Errealitatea ulertzeko modua da literatura?

Errealitatea islatzeko, agertzeko eta memorizatzeko modua da. Nobela beltzak ahalmen handia du, nobela arruntak ez duena, eta gure jendartearen txokorik ilunenetara joaten da pertsonaia edo polizia edo, batzuetan, narratzailea. Iruditzen zait nobela beltzaren bidez hobeki ezagutzen dugula gure gizartea, euskalduna zein, esaterako, eskandinaviarra edo amerikarra. Eta Ezpeldoik bide hori egin du. Egia da Euskal Herria asko aldatu dela 30 urtean eta oraindik badugu aldaketa horren bilakaera asko ezagutzeko. ETAk bake-adierazpena egin eta handik 10 urtera idatzi dut nobela hau; nire ustez, oraindik ez dakigu gure lekua non den eta egoera deskribatzen dut nobelan.

Ardura berezia duzu jende arruntaren bizipenak literaturara eraman eta ikusgai egiteko.

Bai, nire pertsonaia asko dira langile arruntak, langabetuak, laborariak, emazteak, lesbianak… Adin guztietako pertsonaiak dira, haurrak ere bai. Nire helburuetako bat da euskal literaturaren kutsu burges horretatik atera eta erakustea gurean hainbat eta hainbat jendarte-mota ere badirela.  

“Nire helburuetako bat da erakustea gurean hainbat eta hainbat jendarte-mota direla”

Lehen poema 15 urte zenituela eman zenuen argitara eta harrezkero oso literatura-ibilbide oparoa izan duzu: poesia eta eleberria landu duzu, saiakera, antzerkigintza, narrazioa… Komunikabideetarako ere idatzi duzu eta itzulpengintzan ibilia zara. Zein pisu du literaturak zure bizitzan?

Handia. Literatura nire bizitza ardazten duen zerbait da; ez dut nire bizitza literatura barik kontzebitzen. Dena egiten dut, dena irakurri… Nire eguneroko ogia da.

Literatura-lana eta ogibidea uztartu dituzu, erretiroa hartu arte postari ibili zara eta.

Oso zaila da literaturatik bizi izatea, garai batean orain baino zailagoa. Eta, askok bezala, askotan musu-truk idatzi dut. Egia da egoera azken urteetan aldatu dela, baina ez bizitza hortik ateratzeko gisa. Gainera, Iparraldekoa naiz eta neurri batean literatura minorizatu batekoa naiz Euskal Herri globalaren mailan; beste hizkuntza batean idatzi banu, beharbada… Baina hori ez dago nire ideietan. Gero, postaren ofizioa nire libertatearen ikurra ere izan da. Biak uztartu ditut…

“Neurri batean literatura minorizatu batekoa naiz Euskal Herri globalaren mailan”

Eta bizitza ondo baino hobeto antolatu.

Orain ikusten dut denbora asko behar izan dudala, baina beti izan naiz harian. Idatzi dut eta kito.

Emakumea zara, Iparraldekoa, eta euskaraz idazten duzu. Nola markatu zaituzte hiru ezaugarri horiek?

Arras markatu naute. Maria Merce Marçalek esaten zuenez, hiru horiei esker hiru aldiz errebelde izan naiz. Hastapen-hastapenetik, ni naizenetik eta lekutik idatzi dut; hau da, Iparraldetik, emakumetasunetik, ene lesbiana-izaeratik, mutua zenean eta agerikoa zenean. Horiek nire idazkuntza baldintzatu dute eta betidanik ere sartu naute halako periferia literario batean; zentrotik urrun banintz bezala. Hori izan da nik nire buruari asignatu diodan lekua, baina besteek ere leku hori asignatu didate. Beraz, hortik idazten dut, periferia anitz horretatik. Hala ere, emakumetasunak ez luke periferia izan beharko, populazioaren erdia emakumezkoez osatuta baitago. 

Emakumezko idazleen kopurua nabarmen handitu da zu hasi zinenetik.

Egiazko iraultza izan dela uste dut, bai gure literaturan, bai munduko beste leku askotako literaturan. Liburutegi batera joaten bazara, ikusten duzu bi liburutako bat emakume batek idatzia dela. Nik beti jarraitzen diot literaturaren arlo horri eta gustura irakurtzen ditut emakume gazteek idazten dituztenak, Iparraldean zein Hegoaldean. Beste ikusmolde bat ekartzen dutela uste dut, bai emaztetasunari buruz, feminismoaren sarea sartzen baita, bai orokorrean euskal gizarteari buruz. Ñabardura bat: plano sinbolikoan, euskal idazlea beti gizona izan da, edonori hiru idazle esatea eskatu, eta hirurak gizonezkoak izango dira.

“Gustura irakurtzen ditut emakume gazteek idazten dituztenak; beste ikusmolde bat ekartzen dute”

Hori aldatzeko bidean gabiltza?

Oraindik bide luzea dugu aurretik: mentalitateak aldatu behar dira. Baina eskolan-eta beste ikusmolde bat ematen bazaie, belaunaldi gazteek irudipen hori aldatzea gerta daiteke.

Euskalkiek leku berezia dute zure literaturan.

Euskalkiak erabiltzen ditut. Gainera, nik euskalki bat ikasi dut nire bizitzan: zuberotarra. Eta Amaia Ezpeldoiren saioan bat asmatu dut: zuberotarraren eta bizkaieraren artekoa – ez duguna ere asmatu behar (kar-kar)– . Euskalkiak euskara dira; halako dikotomia bat egiten dugu euskalkien eta batuaren artean, baina euskara baturik ez dago euskalkien fondorik eta funtsik gabe eta horregatik dira garrantzitsuak. Gainera, literaturan joko anitz zilegitzen ditu euskalkien presentziak.

Ezpeldoik erretiroa hartuta, beste pertsonaiaren bat ager daiteke?

Momentu honetan ez dut beste pertsonaiarik. Bi ipuin idatzi ditut Maiatz aldizkarirako eta ez dago pertsonaia nagusirik; taldea dira. Polifonia lantzea maite dut eta hura landu dut ipuin horietan: lehen pertsonatik urruntzen naiz.

 

Oparoa

Baiona, 1959. Nekazaritza-ikasketak ditu eta Historian lizentziaduna da. Itxaro Borda oso gaztea zela hasi zen idazten eta ibilbide oparoa egin du literaturan. Maiatz aldizkariaren sortzaileetako bat izan zen 80ko hamarkadan eta poesia, narrazioa, eleberria, antzerkigintza eta itzulpengintza jorratu ditu. Amaia Ezpeldoi detektibea bere pertsonaiarik ospetsuena da, beharbada, baina obra asko ditu idatzita lehen esandako generoetan. Haien artean, % 100 basque lana (Susa) aipatu daiteke, 2002n Euskadi saria jaso zuela.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).