Aldundia tarifa-gunez aldatzearen kostua bere gain hartzeko prest egon arren, Larrabetzuk ez du oraindik BGPren aldeko erantzunik jaso

Aikor aldizkaria 2022ko ots. 11a, 12:43

Iñigo Gaztelu Larrabetzuko alkatea eta Migel Angel Gomez Viar Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria sustatzeko foru-diputatua atzo batu ziren. Besteak beste, Larrabetzu tarifa-gunez aldatzea hizpide izan zuten bileran. Viarrek azaldu zuenez, Aldundia “prest dago tarifa-gunez aldatzeak Bizkaibusi ekarriko liokeen kostua bere gain hartzeko, autobusa Larrabetzuraino ailegatzen den garraiobide publiko bakarra da eta”. Hala ere, foru-diputatuak gogora ekarri du tarifa-gunearen mapa zehaztea Bizkaiko Garraio Partzuergoari dagokiola eta proposamena bertan berretsi behar dela. Gazteluk, bestalde, adierazi du luze daramatela Larrabetzu tarifa-gunez aldatzeko eskatzen, eta “onartezina da oraindik horretarako data zehatzik ez izatea”. Horren harira, udalak ez du inolako neurririk baztertzen tarifa-gunez aldatzea lortzeko.

Gazteluk azaldu duenez, ez dute Bizkaiko Garraio Patzuergoaren (BGP) jarrera ulertzen. “Aldundia, Bizkaibuseko arduraduna dena, prest dago tarifa-gunez aldatzearen kostua bere gain hartzeko; hala ere, BGPk ez dio oraindik aldeko erantzunik eman gure eskaerari”. Hori dela eta, Gorka Ugalde BGPko kudeatzailearekin premiazko bilera egiteko eskatu dute.  

Txorierriko udalerria den arren, Bizkaibuseko zerbitzuari dagokionez, Larrabetzu 3. tarifa-gunean dago, baina Txorierriko gainerako herriak eta Galdakao, berriz, 2. tarifa-gunean; ondorioz, larrabetzuarrek % 22-26 garestiago ordaintzen dute autobus-txartela. Garraioa Irauli plataformak eta Larrabetzuko Udalak udalerria tarifa-gunez aldatzeko eskatu dute behin baino gehiagotan. “Txorierriko beste udalerrietan ez bezala, Larrabetzun ez dago tren-zerbitzurik; beraz, zerbitzu publiko gutxiago izateaz gainera, ditugunak garestiagoak dira. Era berean, Txorierri gainerako herriak moduan, Bilbo Handiaren barruan dago Larrabetzu, eta, gainera, 2. tarifa-gunean dauden beste herri batzuk baino hurbilago hiriburutik, hala nola Ortuella eta Santurtzi. Azkenik, herriko gazteek Derioko institutura joan behar dute ikastera, eta udalerri hori beste tarifa-gune batean dago”.

Beste autobus bat EHUra

Beste aldetik, EHUra joateko, Txorierriko gazteek Areetako autobusa hartu behar izaten dute, baina goizeko 07:00etakoa soilik iristen da unibertsitatera. Horren harira, eta beste aldarrikapen batzuen artean, Garraioa Irauli taldeak eskatu du goizeko 8etako autobusa ere unibertsitatera ailegatzeko, eta Larrabetzuko Udalak ere eskaera bera egin dio Bizkaiko Foru Aldundiari. Azken horrek jakinarazi duenez, datorren asteko astelehenetik aurrera, otsailak 14, A2151 lineako goizeko 8etako autobusa ere Leioako unibertsitatera ailegatuko da lanegunetan; hala ere, autobus horrek ez du Parke Teknologikoan geldialdirik egingo.   

Gazteluren eta Viarren arteko bileran erdiguneko geldialdiko markesina ere izan dute hizpide. Horren ordez, beste markesina modernoago bat ipiniko da datozen asteotan. Altzairu herdoilgaitzezkoa eta bidriozkoa izango da, erabat gardena, eta kaleko argietara lotuta egongo da. “Horrek ekidingo du gune beltzak sortzea”. Gurpil-aulkietarako gunea edukiko du eta ingurumenarekiko adeitsua izango da, material birziklatuak erabilita egingo delako eta bertan LED argiak ipiniko direlako.    

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).