Jokin Altuna I pilotaria

"Zoriontsua naiz pilota esku artean dudanean"

Aikor aldizkaria 2022ko ots. 24a, 12:58

Pilotari itzela da Jokin Altuna; zalantzarik ez. Baina gazte hurbila eta jatorra ere badela ikusi genuen otsailean, Larrabetzun. Izan ere, amezketarrak bertako umeekin eman zuen arratsaldea, Olarreta Pilota eskolaren eskutik:   haurrekin hitz egin zuen, argazkiak egin zizkioten eta pilotakadak ere eman zituzten elkarrekin. 

Zelan Larrabetzu?

Ondo, gustura. Antolatzaileek oso ondo hartu ninduten eta umeak izugarri gustatzen zaizkit. Horrelako bisitak as­ko­tan egiten ditut pilota eskoletara. Saia­tzen naiz nondik natorren ez ahazten: ni ere izan nintzen umea eta ezagutzen dut haiek duten ilusioa pilotariak zuzenean ikusten dituztenean.  

Zelan umeekin? 

Oso ondo. Batzuetan, umeek egoera zail batean jarri ahal zaituzte, baina pi­lota-eskoletan eroso sentitzen naiz. Haur larrabetzuarrek zintzo jokatu zuten: gal­derak egin zizkidaten, argazkiak egin ge­nituen eta gero elkarrekin ibili ginen pi­lotakadak ematen. 

Zelan hasi zinen pilotan jokatzen? 

Etxe ondoan frontoia eta futbol ze­laia genituen eta pilotan hasi nintzen jo­ka­tzen. Egun osoa ematen genuen fron­toian, jolasten. Handik aurrera, gero eta gehiago gustatu zitzaidan eta pilota pasio bihurtu zen. 

Larrabetzun esan zenuen txikitan ez zenuela profesionala izateari buruz pentsatzen. Noiz konturatu zinen? Mo­mentu zehatz batean gertatu zen?

14 urte nituela, Aspe enpresa harre­man­etan jarri zen nirekin. Hor hasten za­ra pentsatzen, baina nik esango nuke be­randuago barneratu nuela profesionala izan ahal nintzela, agian 17 urterekin: on­do zabiltza, partidak irabazten di­tu­zu... Gaztetan, nire helburua ez zen pro­fesionala izatea, hobetzen jarraitzea bai­zik. Zaletu mailan, aurkari ederrak to­patu nituen eta ohartu nintzen ni euren mailan nenbilela, batzuetan esperientzia handiko pilotariak mendean hartzeko gau­za nintzelako. Hor ikusten duzu zaletu mailatik profesional mailara salto egin ahal duzula.  

Zure ibilbidea oso arrakastatsua izan da, zortzi urtetan, bost txapel ga­rrantzitsu dituzu eta. Zein izan da go­zoena?

Guztiak dira gozoak. Lehenengoa sen­tsazio berria da, baina gainerako ba­koitzak bere esangura izan du: lesioren bat gainditu duzulako, bolada txarra izan duzulako... Txapela guztiak dira bereziak, hara heltzeko bide luzea dagoelako atze­tik. Eta bide horretan momentu onak eta txarrak izan dituzu.   

 

"Txapela guztiak dira bereziak, hara heltzeko bide luzea dagoelako atzetik"

 

Zein izan da aurkaririk gogorrena?

Ez dakit. Pilotari askoren kontra jo­katu dut, eta batzuk oso onak: Aimar Olai­zola, Juan Martinez de Irujo, Oinatz Ben­goetxea eta Joseba Ezkurdia, gutxi batzuk aipatzearren. 

Pilota kirol gogorra da, bakarrik zau­delako, talde baten babes barik. Zelan kudeatzen dituzu momentu txa­rrak? 

Bai, batzuetan bakarrik sentitzen zara frontoian: frontoia oso handi ikusten du­zu eta zu oso txiki sentitzen zara. Ho­ri saihesteko, gehiegi ez pentsatzea go­mendatuko nuke, hau da, akats bat egiten duzunean, ez duzu horren inguruan ge­hiegi pentsatu behar, partidak aurrera egiten duelako. Arretari tantuz tantu eutsi behar diozu, berdin dio zer gertatu den au­rreko jokaldian.   

Batez ere ondo aritu zara lau t´erdiko txapelketan, 2016tik finalista urtero izan zarelako. Zergatik zabiltza hain ondo lau t´erdikoan?

Ez dakit. Emaitza onak lortu ditut eta konfiantzaz jokatu dut. Txapelketa bakoitza desberdina da, baina momentu erabakigarrienetan maila ona erakutsi dut. Aintzat hartzen dut nire ibilbidea lau t´erdikoan, zaila izan delako. Dena dela, ez dut uste lau t´erdikoan buruz burukoan edo binakakoan baino hobea naizenik. Hiru txapelketetan lehiakorra izatea dut helburu eta hori lortzen nabilela uste dut. Beraz, pozik nago. 

Eta zergatik ez duzu oraindik bi­nakako txapelketan final bat ere jo­katu?

Ez dakit, ez dut horretan gehiegi pen­tsatzen. Zortzi bikotek hartzen dute parte txapelketan eta haietako batek bakarrik irabaz dezake; eta beste bat bakarrik izango da finalista. Zaila da, gauza asko hartu behar dira kontuan: agian ez naiz momentu garrantzitsuenetan fin ibili, agian bikotekideak akatsak egin ditu... Gustura nabil binakakoan, gaztea naiz, eta ziur nago finala iritsiko dela.  

Hainbeste txapela irabazi eta gero, baduzu ametsen bat oraindik?

Gaur egun, nire ametsa hobetzen ja­rraitzea da. Eta pilotan, profesional mo­duan, luze ibiltzea. Pilota nire pasioa da, eta zoriontsua naiz pilota esku ar­tean dudanean. Beste alde batetik, jen­deak izu­garrizko babesa ematen dit frontoietan eta hori itzela da. Eta ahalik eta ondoen egin nahi dut, publikoak nire jokoarekin gozatzeko. 

 

"Gaur egun, nire ametsa hobetzen jarraitzea da. Eta pilotan, profesional moduan, luze ibiltzea" 

 

 

Lau t´erdikoko espezialista

Altuna III.a esaten zaio Jokin Altunari (Amezketa, 1996), bi osaba erremonte-pilotari profesionalak ere izan zirelako. Gipuzkoarra azken urteotako pilotaririk onena izan da: bi aldiz irabazi ditu Bu­ruz Buruko Txapelketa (2018an eta 2021ean); eta hiru aldiz, Lau t´erdikoa (2017an, 2020an eta 2021ean). Gainera, hainbat aldiz txapeldunordea ere izan da: 2020an, banaka; eta 2016an, 2018an eta 2019an, Lau t´erdikoan.       

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).