Gure Dona? egitasmoa

Emakumeen arteko elkartasuna

Aikor aldizkaria 2022ko mar. 10a, 11:29

Ondasun materialak doan eskuratzeko eta emateko gunea da Gure Dona? egitasmoa, eta Zutunik! Larrabetzuko talde feministak martxan ipini zuen 2020ko irailean. Proiektuaren bidez balio hauek sustatu nahi dituzte: antikapitalismoa, ekofeminismoa eta deshazkundea, elkartasuna prekarietatearen aurrean, eta emakumeen eta pertsona ez binarioen arteko laguntza. Lur Fernandez Fernandez eta June Fernandez dira egitasmoaren sustatzaileak; Uxue Hernandez, erabiltzaileetako bat.  

“Desazkundea Bilboko elkartean ibilia nintzen, eta Larrabetzura etorri nintzenean buruan nuen berton ere gune fisiko bat sortzea, jendeak nahi zuena emateko eta behar zuena hartzeko. Zutunik! sortu genuen eta egitasmoa atzeratuz joan ginen, baina June agertu zen eta lanean hasi ginen”, kontatu digu Lur Fernandezek. “Larrabetzura 2020an ailegatu nintzen Bilbotik, pandemia hasi baino hilabete bat lehenago. Ume txikia dut eta konfinamendu perimetrala zela-eta ezin ginen herritik atera; gainera, ez nuen berton jende asko ezagutzen. Arropa nuen beste batzuei emateko, eta beharrak ere bai; hortaz, pentsatu nuen ondo legokeela talde bat sortzea, herritarrek gauzak diru barik eman eta eskuratzeko”, gehitu du June Fernandezek. Egoera biak batu, eta Gure Dona? egitasmoa mamitzen hasi ziren udan.  

WhatsApp taldea sortu zuten eta gaur egun 137 erabiltzaile dira. “Edozein gauza eskaini daiteke: arropa, liburuak, altzariak, jostailuak, fardelak… Eta behar dena eskatu. Gainera, mailegu puntualak ere egin daitezke, adibidez, alkandora bat bakarrik Olentzero Egunean janzteko edo bihurkin elektriko bat. Ideia da dirurik ez dagoen komunitatea sortzea. Eta, jakina, hartzen dena ezin da gero beste bide batzuetatik saldu”. WhatsApp taldean bertan eskaintzen dira artikuluak edo egiten dira eskariak; emateak-eta modu pribatuan kudeatzen dira gero.

“Edozein gauza eskaini daiteke doan: arropa, altzariak, jostailuak… Eta behar dena eskatu”

Ahizpatasuna

Emakumeentzako ekimena da, ahizpatasunean oinarrituta. “Izan ere, ideia Zutunik! elkartearen baitan sortu da eta emakumeen arteko elkartasuna sustatu nahi genuen, baita taldea emakumeentzako gune segurua izatea ere”. Erabiltzaileen profila era askotakoa da. “Batzuk oso egora ezegonkorrean daude eta haientzat laguntza da gauzak doan eskuratu ahal izatea. Herriko betiko jendea ere badago, heldu berriak, etorkinak… Proiektuaren onuretako bat da elkar ezagutzea erraztu digula”. Horren harira, Uxue Hernandezek aipatu du egitasmoari esker jabetu dela ingurukoen egoeraz. “Baliagarria izan da begiak zabaltzeko, taldean sartu arte ez naizelako nire inguruan dauden beharrizanez kontzientea izan. Asko lagundu dit pertsona moduan”.

“Era askotako erabiltzaileak gara: egoera ezegonkorrean daudenak, herriko betiko jendea, etorkinak…”

Eskuzabaltasuna da egitasmoaren beste onura bat. “Erabiltzen edo behar ez ditudan gauzak plataforma batean salgai ipintzen baditut, dirua lortuko dut; hala ere, nire gauzak taldean doan eskaintzeak beste gauza sinboliko batzuk ekarriko dizkit, esaterako, beste pertsona batzuei laguntzea. Era berean, egitasmoak emakumeen arteko konplizitatea sortu du, berriak garenok taldeari esker ezagutu baitugu jende asko eta, bestalde, gure artean agertu baitira detaileak, tratu onak, samurtasuna… Auzokideon arteko konfiantza handitzeko ere bada baliagarria”. Sustatzaileen esanetan, ekologismoaren aldetik ere bada proiektu mesedegarria. “Konfinamendu perimetralean Amazoneko furgoneta asko ikusi ziren herrian. Noski, ezin da herritik atera eta gauzak behar dira; baina oso eredu ezberdinak dira: bata online da eta eragina du naturan eta ekonomian, eta bestea burujabetza da: esan zer behar duzun eta emango dizut”.     

“Onurak, besteak beste, dira eskuzabaltasuna, elkar ezagutzea, emakumeen arteko konplizitatea…”

Etorkizunari begira, egitasmoa haztea nahi dute. “Denbora-bankua izatea gustatuko litzaiguke; hau da, gauza materialez gainera, zerbitzuak ere ematea: argiketaria naiz eta lana doan egingo diot behar duenari, eta niri ere zerbitzu bat edo bestea egingo didate behar dudanean. Itxura eman behar diogu horri”.

“Denbora-bankua ere izatea gustatuko litzaiguke; hau da, gauza materialez gainera, zerbitzuak ere ematea”

Noka

Larrabetzuko egitasmoa da eta parte-hartzaile gehienak larrabetzuarrak dira, baina inguruko herrietako partaideren bat ere badago, herriarekin lotura duelako. “Sondikako lagun batek bertan ere gurearen moduko talde bat martxan ipintzeko interesa agertu du. Egia esan, beste helburu bat izango litzateke Txorierriko gainerako herrietan ere taldea sortzea”.

Azaldu diguten moduan, Gure Dona? hitz-jokoa da. “Kide batek proposatutakoa da. Antza, Larrabetzun noka erabiltzen zen lehen eta keinua egin diogu horri, nahiz eta guk aukeratutako izena zuzen-zuzena ez izan”.  

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).