Estitxu Pinatxo, abeslaria

"Atzerapausoak egin ditugu askatasun adierazpenari dagokionez"

Aikor aldizkaria 2022ko mar. 25a, 13:30

Abeslari nafarrak Isilik daude harriak bigarren diskoa aurkeztu zigun martxoan, Hori Bai gaztetxean, Larrabetzun. Saio akustikoa, intimoa eta gozoa eskaini zigun. Estitxuk historian zehar zentsuratu diren hamar kanta jaso ditu diskoan, bai euskaldunak bai kanpokoak: Leonard Cohen, Xabier Lete, Jethro Tull... Harkaitz Cano idazleak itzulpenak egin ditu.

Zelan Larrabetzuko kontzertua?

Oso ongi. Izugarrizko harrera egin zi­daten eta oso gustura ibili nintzen bertan. Saioa ez zen oso jendetsua izan, egia da, baina Larrabetzuko publikoa ona izan zen. Ezin dut kontrakoa esan. Herria aspaldian ezagutu nuen, gazteagoa nintzela bertan parrandan ibili nintzelako (kar-kar).

Hori Bai gaztetxea leku txikia da, erabat aproposa zure diskoa aur­kezteko, ezta?

Bai. Guk bi formatutan eskaintzen du­gu emanaldia: sei laguneko taldearekin edo akustikoa, hiru lagunekoa. Eta Hori Bai gaztetxean, noski, bigarrena aukeratu genuen. Nirekin batera, Mikel Santxez gi­tarra-jotzailea eta Txema Garces baxu-jo­tzailea izan ziren taulen gainean.

Zer da Isilik daude harriak zure az­ken diskoa? 

Iaz, Naiz irratian hasi nintzen astero musika-saioa egiten. Eta bururatu zi­tzai­dan zentsuraren inguruko kantak be­rreskuratzea. Azken bolada honetan, ni­re ustez, atzerapausoak egin ditugu askata­sun adierazpenari da­go­kionez. Historian ze­har, hainbat le­kutan eta garaitan zen­tsu­ratu dira kantak: fran­kismoak Espainian, Eli­zak, naziek, Ar­gentinako dik­tadurak, Ku­ban... Ikerketa po­toloa egin nuen eta hainbat irrati-saio aurkeztu eta gero, diskoa egitea pentsatu nuen, haizeak ez eramateko irratian esandako guztia. Badakit gaur egun, pod­castei esker, irratiko saioak ez direna alferrik galtzen, baina diskoak zerbait fi­sikoa ematen dizu. Eta horrela jaio zen diskoa. Guztira, hamar kantak osatzen du­te lana: batzuk euskaraz daude, baina atzerrikoak moldatu eta euskaratu egin ditugu. 

 

"Historian zehar, hainbat lekutan eta garaitan zentsuratu dira kantak: frankismoak, Elizak, Kuban, naziek..."

 

Zelan izan zen ikerketa? Non bilatu zenuen?

Zaila izan da, tamalez, zentsura hainbat eta hainbat kantak eta bideoklipek jaso dutelako. Irratian 500 kanten berri eman nuen, baina diskoan bakarrik hamar jaso ditut. Dokumentazioari dagokionez, libu­ruak erosi nituen, Internet...

Zelan aukeratu dituzu kantak?

Lau zentsura mota egon dira: erli­jio­soa, politikoa, soziala eta morala. Eta lauak islatu nahi izan ditut dis­koan. Zenbait irizpide erabili ditut kan­tak aukeratzeko: istorio bitxienak zi­tuz­tenak, matxismoarengatik eta arra­za­keriarengatik zentsuratuak....    

Kantaren bat aukeratuko zenuke?

Ez da erraza, agian hurbilenak esango nituzke, bi euskal kantak: Xabier Leterena, Lourdes Iriondok abesten zuena, eta Es­titxu Robles-Arangizena. Estitxuk Euskal Herriko ahotsik onenetarikoa zuen. Kantak ez dira bitxienak, baina esate baterako, Estitxuk izugarrizko arrasta lortu zuen na­zioartean, hemen zentsuratu zuten bi­tartean, Frantzian eta Hego Amerikan, Txi­len batez ere. Eta hori aldarrikatu nahi izan dut. 

 

"Estitxu Robles-Arangiz ahotsik onenetarikoa da; hemen zentsuratu zuten, baina nazioartean arrasta lortu zuen"

 

Korapilatsua izan zen kantak eus­karatzeko prozesua?

Harkaitz Canok egin du lana eta mai­sua da. Aurreko diskoan ere berarekin ibili nintzen lanean eta badakit artista dela. Itzulpenak errespetuz egiten ditu eta moldaketa bikainak egin ditu. Izan ere, alde literarioaz gainera, alde musikala ere hartzen du kontuan eta hizkuntzaren sonoritatea harrapatzen du. Erran nahi dut silaba zehatz batek errepikari indarra ematen badio, Harkaitz euskaraz ere horri eusten saiatzen dela. Oso gustura gaude berak egindako lanarekin.         

 

 

 

Saltsa guztietako perrexila

Estitxu Pinatxo Olaziregi (Bera, 1987) gazte-gaztea zela hasi zen abesten, 15 urte zituela Egan tal­dean sartu zelako. Harrezkero, zen­bait musika-taldetan ibili da, baita telebistan ere: nafarrak ETB, Telecinco eta An­tena3 kateetako musika-saioetan hartu du parte. Iaztik musika-saioa ere egiten du astero Naiz irratian eta, horri esker, Isilik daude harriak bigarren diskoa bakarka plazaratu zuen. Lehenengoa, Haize gorri batek 2019an argitaratu zuen. Musika alde batera utzita, Estitxu irakaslea da. "Ez, ez dut aspertzeko denbora handirik, Berako Kultura zinegotzia ere ba­naizelako. Musika garrantzitsua da, baina hortik bizi­modua ateratzea zaila da", esan digu. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).