Larrabetzuko Udalak konpromiso instituzionala hartu du iruzurraren aurka

Aikor aldizkaria 2022ko mar. 31a, 14:13

Pandemiaren kalteak arintzeko, Europar Batasunak (EB) Next Generation EU plana zabaldu zuen eta 750.000 euro banatu zituen Estatuen artean. Horren haritik, EBk “iruzurra, ustelkeria eta interes-gatazkak prebenitzeko, detektatzeko eta zuzentzeko mekanismoak indartzeko” gonbit egiten die erakunde publikoei. Larrabetzuko Udalak bat egin du horrekin eta Udalbatzan, aho batez erabaki dute iruzurraren aurkako plana garatzea. Bestalde, atxikimendua adierazi diote Bizkaiko eta Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduari, eta banka publikoaren aldeko mozioa onartu dute.

“Larrabetzuko Udalak erabat gaitzesten ditu iruzurra eta ustelkeria, eta kalitate juridiko, etiko eta moral handia izateko konpromisoa hartzen du, bai eta osotasun, inpartzialtasun, gardentasun eta zintzotasun printzipioen arabera jardutekoa ere. Gainera, berretsi du konpromisoa duela iruzurraren eta ustelkeriaren aurkako borrokan, bere eginkizunak betetzean, eta interes-gatazkak garaiz eta behar bezala kudeatzeko asmoa duela adierazi du”, azaldu dute. Iruzurraren aurkako politika horrek iruzurra “modu proportzionalean, eraginkorrean, egokian eta denboran egokituan prebenitu, detektatu, zuzendu eta jazartzea ahalbidetuko du”.

Udalak kudeaketa-prozedurak eta kontrol-eredu bat ezarriko ditu. Besteak beste, arriskuen analisia eta ebaluazioa egingo ditu; prestakuntza eta kontzientziazio-kanpainak zabalduko ditu; kode etiko bat idatziko du; baita oparien politika ere; eta iruzurra kontrolatzeko organoa izendatuko du. “Larrabetzuko Udalak salatuko ditu barne-jakinarazpenetarako kanalen bidez antzeman daitezkeen irregulartasunak edo iruzur eta ustelkeria susmoak, eta une oro elkarlanean arituko da Iruzurraren Aurkako Koordinaziorako Zerbitzu Nazionalarekin eta gainerako agintari eta erakunde publikoekin, Estatuko segurtasun-kidegoekin, autonomikoekin edo foru-erakundeekin”.

EBren esanetan, “iruzur” terminoak engainua erabiltzea dakar, erakunde publiko bati lotutako pertsona batentzat edo hirugarren batentzat irabazi pertsonalak lortzeko, edo beste pertsona batentzat galerak lortzeko; “ustelkeria” irabazi pertsonalak lortzeko botere-abusua da; eta “interes-gatazka” bat dago pertsona baten eginkizunak modu inpartzialean eta objektiboan betetzea arriskuan jartzen denean, bere familiari, bizitza sentimentalari, kidetasun politiko edo nazionalari, edo interes ekonomikoei lotutako arrazoiengatik. “Iruzurrak, ustelkeriak eta interes-gatazken kasuen kudeaketa txarrak ondorio finantzarioak izateaz gain, kalte handia egiten diote baliabide publikoak eta, beraz, EBko funtsak eraginkortasunez eta efizientziaz kudeatzeko ardura duen organismoaren izen onari”.

Banka publikoa

Era berean, Larrabetzuko Udalbatzak banka publikoaren aldeko mozioa onartu zuen. Martxoaren 8an, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak eta Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak agiria aurkeztu zioten Larrabetzuko Udalari eta Udalbatzan onartu da atzo. Jubilatuen elkarteak kexatu dira bankuetako zerbitzuak gero eta okerragoak direlako, batez ere adintsuentzat. Jubilatuek printzipio bi hartzen dituzte abiapuntutzat: batetik, “gehien duenari gehiago kobratzea, eta kudeaketaren kostua zerbitzu horretaz gehien baliatzen direnei egoztea”; eta bestetik, “arreta presentziala ematea”.

Beraz, Larrabetzuko Udalaren Osoko Bilkurak eskatu die herriko bankuei leihatila bat irekitzeko, aurrez aurreko zerbitzua bermatzeko. Gainera, babes berezia aldarrikatu diete adintsuei, bankuek zordunketa txartelen truke komisiorik ez kobratzeko, esate baterako. Azkenik, larrabetzuarrek Espainiako Bankuari eskatuko diote bankuen eginbehar publikoa doakoa izateko edo gutxieneko komisioa ezartzeko.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).