Hiru urte eta sei hilabeteko espetxe-zigorra ezarri diote Zuriarraini

@larrabetzu 2022ko api. 1a, 12:24

13/13 auziko epaia jakinarazi da: Espainiako Auzitegi Nazionalak espetxe-zigorra ezarri die lau auzipeturi. Horien artean, Naia Zuriarrain larrabetzuarra dago. Zuriarraini hiru urte eta sei hilabeteko espetxe-zigorra ipini diote, “erakunde terroristako kidea izatea” leporatuta. Epaiketan, Zuriarrainek salatu zuen inkomunikazio aldian guardia zibilek torturatu zutela, tratu umiliagarria eman ziotela eta indarkeria sexuala jaso zuela; hala ere, epaiak dio ez dagoela frogarik. Atzo manifestazioa egin zuten Larrabetzun Zuriarraini babesa adierazteko.

Beste hiru auzipetuak dira Arantza Zulueta, Jon Enparantza eta Iker Sarriegi. Zuluetari lau urteko espetxe-zigorra ezarri diote “erakunde terroristako kide izateagatik” eta hiru urte eta sei hilabetekoa “armak eta lehergaiak edukitzeagatik”. Zuriarraini bezala, Enparantzari eta Iker Sarriegiri ere “erakunde terroristako kide izatea” leporatu diete: lehenari lau urteko kartela-zigorra ipini diote, eta bigarrenari, hiru urte eta egun batekoa. “ETAko presoak kontrolatzeko, Halboka fronte juridikoa eraikitzea” egotzi diete. Espainiako Auzitegi Nazionalak jakinarazi duenez, atzerapenengatiko aringarria onartu diete.

Berria egunkarian argitaratu duten moduan, “sententzia betearazteko, aurretik behin-behinean auzi horretan betetako kartzela zigorrak kendu beharko dizkiote orain jasotako espetxe urteei, eta ikusteko dago bertzelako auziengatik betetakoak ere kontuan hartuko ote dizkieten. Abokatuak elkarrekin biltzekoak dira sententzia bera eta hemendik aitzinerakoak aztertzeko. Alfonso Zenon abokatuak BERRIAri jakinarazi dio, nolanahi ere, epaia oraindik ez dela irmoa, eta helegitea jartzeko aukera daukatela. Oraingoz, beraz, ez dute espero zigorturiko auzipetuak espetxeratzerik”.

Epaiketan, Naia Zuriarrainek eta Saioa Agirrek kontatu zuten inkomunikazio aldian guardia zibilek torturatu zituztela, tratu umiliagarria eman zietela eta indarkeria sexuala jaso zutela. Zuriarrainek, bestalde, adierazi zuen indarkeriaz biluztu zutela eta poltsa egin ziotela. Larrabetzuarrak eta Agirrek azaldu zuten torturapean deklaratu zutela eta, hortaz, esandakoa ez dela egia. Esan zutenez, Guardia Zibilak idatzi zituen deklarazioak eta behartu zituzten horiek buruz ikastera. Epaian salaketak jasotzen diren arren, auzitegiak esan du torturak ez daudela frogatuta.  

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).