Memoria Historikoaren Plaza du Larrabetzuk

a: Idoia Andres 2022ko eka. 13a, 10:18

Zapatuan, ekainak 11, ez ohiko bilkura egin zuten Larrabetzun. Bertan onartu zutenez, Anguleri kultur etxearen inguruko plaza Memoria Historikoaren plaza izango da hemendik aurrera. Era berean, Larrabetzuren eta Gabiriaren arteko senidetza onetsi zen, eta omenaldia egin zieten Bizkargin borrokatu zuten Gabiriako sei gudariei. Horrezaz gainera, “Larrabetzu 1937-2022 Memoria Historikoa Lantzen” erakunde-adierazpena onartu zuten.

Beste herri batzuk moduan, Burdin Hesia defentsa-lerroaren parte zen Larrabetzu. 1937ko ekainean, frankistek hura apartu zuten eta herrira sartu ziren. Besteak beste, ez ohiko bilkura egingo den aretoa gerra-espetxe bihurtu zuten. “Nahi izan gabe eta aukeratu gabe, guda leku garrantzitsu izan zen, Burdin Hesiaren parte izate hutsagatik. Gertaera horrek Larrabetzuko historiarekin eta herritarron oroimen kolektiboarekin lotura estua dauka. Gudaldi gogorrak jazo ziren 1937ko ekainean; defentsa sutsua egin zuten frankisten aurka borrokatu ziren euskaldunek, harik eta apurtu zen arte”.

“Jakina denez, aurrez aurreko gerraren bukaerak ez zuen bakerik ekarri, errepresioa izan baitzen gatazka militarraren ondoren Francok ezarritako erregimen politikoaren ardatza. Faxistak Larrabetzun sartzearekin batera, herriak aukeratutako agintariak bota eta faxistak jarri zituzten agintzen. Latzak izan ziren gure herriarentzat orduko egunak ez eze, gero etorri ziren urte guztiak ere. Herritarrak jazarri zituzten, eta erbestea eta zigorra jasan zuten hainbat larrabetzuarrek”.

Erakunde-adierazpenaren bidez, “batetik, salatu egin gura dugu bidegabekeria hura, demokraziaren aurkako matxinada eta haren eraginez herriari eragindako sufrimendua. Beste alde batetik, esker ona eta elkartasunik handiena adierazi gura diegu gure herriaren askatasunaren eta demokraziaren alde borrokan ibili zirenei: euskal gudarosteko gudariei, kanpotik laguntzera etorritakoei eta gerra eta gerraren ondorioak sufritu behar izan zituzten herritar guztiei. Izan zinetelako gara. Horregatik guztiagatik, gure konpromisoa berresten dugu, urte horietan gertatutakoaren gainean ezarritako isiltasuna apurtzeko eta jazotako guztiaren gaineko ezagutza zabaltzen laguntzeko”. Bestalde, “aipamen berezia egin nahi diogu gerra sasoi hartan Larrabetzuko alkatea zen  Miguel Ereñori—zeinak 1936ko urrian gerratik ihesi Gipuzkoatik Larrabetzura etorri ziren lehenengo errefuxiatuak bere etxean hartu baitzituen—, eta orduko udal korporazio osoari; hau da, faxistak sartu arte Larrabetzun jardunean aritu zen azken udal-talde legitimoari”.