Larrabetzuko jaiak

Kuadrilla txapelketa, jaietako nobedade nagusia

Aikor aldizkaria 2022ko uzt. 29a, 09:07

Intxurreta jai-batzordeak dena du prest, bi urteko gel­dialdiaren ostean, larrabetzuarrek andramariak eta sane­meterioak inoiz baino gehiago goza ditzaten. Ohi moduan, herritarrek herritarrentzat egindako jai-egitaraua prestatu dute. Gakoak hurrengo lerroetan azaldu dituzte.  

Otsailetik dabil Intxurreta jai-batzor­dea lanean, herritar guztientzako andra­mariak eta sanemeterioak antolatzeko. Jai-batzordean parte hartzeko deia ere zabaldu zuten, eta, esan digutenez, aur­ten lagun gehiago daude bertan. Jai-ba­tzordean adin-tarte guztietako jendea egon arren, batez ere lagun gazteek osa­tzen dute hura. Bestalde, partaide ge­hiago egoteak ekarri ditu ideia be­rriak. “Aurtengo nobedade nagusia Kua­drilla Txapelketa da. Jaietan zehar txa­pelketarako puntuagarriak diren bost proba egongo dira eta kuadrillek gu­txienez lau egin beharko dituzte. Pro­bak hauek dira: Kantuz Kantu talentu-le­hiaketa, karrozak, dantza-lehiaketa, su­kal­kia eta poteo rallya. Azken hori ere no­bedadea da, aurten lehenengo aldiz egingo dugu eta”. Era berean, mariatxien musika-emanaldia aipatu dute nobedade moduan, eta Gozategi taldearen kon­tzer­tua. “Gainera, goitibeherak be­rres­kuratu ditugu sanemeterietarako”.

Nobedadeez gainera, urterik urte ederto funtzionatzen duten ekintzak ere antolatu dituzte. “Herri-afaria, esaterako, La­rrabetzun urtean zehar egiten den ekintza potoloenetariko bat da, plazan herri osoa batzen da eta. Kintoen egunari ere, abuztuak 14, garrantzi handia ematen diogu, eta karrozak oso bereziak izaten dira. Ekintza horretan herri osoak hartzen du parte eta gero eta karroza hobeak egiten dituzte urte batetik bestera”. 

Jaiak ospatzeko gogotsu dabil In­txurreta, eta jai-egitaraua ere gogotsu prestatu dute. “Egia esan, eskertzekoa da jai-batzordera lagun berriak hurbildu izana: horretarako beharrizana zegoela ikusi, eta ederto erantzun dute”. Halaber, Larrabetzuko Umeen Kontseiluaren ekar­penak kontuan hartu dituzte. “Adibidez, eskatu dute komun publiko gehiago jartzeko eta igerilekuetan joko zehatz ba­tzuk ipintzeko”. 

Emaitza adin-tarte eta herritar guz­tientzako jai-egitaraua izan da. “Jaietara gaine­rako herrietako jendea hurbiltzea es­kertzekoa da, baina, betiko moduan, larrabetzuarrentzako ekintzak antolatzen ahalegindu gara; gure helburua ez da kanpoko jendea erakartzea. Herri­ta­rrentzako jaiak dira, eta herria izaten dugu kontuan”. Txupinazoa bota baino bi egun lehenago, abuztuak 12, ume eta helduen futbol-txapelketa hasiko da. Izena abuz­tuaren 9a baino lehen eman behar da intxurretajaibatz@gmail.com helbide elek­tronikora idatzita edo igerilekuetan. Hu­rrengo egunean, zapatuan, futbol-txa­pelketaren finalaurrekoak eta finala jo­katuko dira; herri-afaria izango da, eta Kan­tuz Kantu ekitaldia.   

Bizkargi dantza-taldeak txupinazoa botako du domekan, abuztuak 14, 13:00etan. Ondoren, kalejira, txaranga, umeen­tzako puzgarriak eta Xaiborren dis­kofesta egongo dira. Erromeria egingo da Laket taldeak girotuta, eta musikak Hori Bai gaztetxean jarraituko du Dj Ga­rikoitz Lezkanoren eskutik. Besteak bes­te, kalejira izango da astelehena, ma­riatxiak, karrozak, elektrotxaranga eta dantza-lehiaketa. Gozategiren abestiek gaua girotuko dute, eta ostean Dj Bullek hartuko du lekukoa. 

Martitzenean ur-jolasak egingo di­ra igerilekuetan. Umeen bazkaria ere egongo da, sukalkia eta poteo rallya. Bere 30. urteurrenaren harira, Gaztelumendi abesbatzak kontzertua egingo du es­ko­lan, eta Lekittoko Deabruak taldearen su-ikuskizunak gaua argituko du. Kuadrilla Txapelketaren irabazleei saria eman on­doren, erromeria egongo da Zirkinik Bez taldearen eskutik. 

 

Sanemeteriak

Abuztuaren 30etik irailaren 1era os­patuko dituzte sanemetariak eta ho­riek ere ekintzaz beteta etorriko dira. Txu­pinazoa martitzenean botako dute eta egun horretan izango dira marmitako- eta mus-txapelketak, dantzaldia, zezen-puzgarrien entzierroa eta erromeria. An­jel Mari Peñagarikanok eta Miren Amu­rizak bertso-saioa egingo dute eguaz­tenean, eta arratsaldean egongo dira bris­ka-txapelketa, kalejira eta zunba-saioa. Eguna biribiltzeko, Joseba Tapiak Egon edo ez egon diskoa aurkeztuko du gauean. Eguenean, egurrezko jokoak, goi­tibeherak eta kalejira izango dira. Deabru Bel­tzak taldearen ikuskizunak amaiera emango die jaiei. 

Lehen esan moduan, Intxurretak os­pa­tzeko gogoa du. Baita herritarrek ere. “Au­rreko urteetan izandako erantzun be­ra izateko eskatzen diegu, izan ere, oso erantzun polita izaten dute beti; jaietan parte hartu dezatela”. Amaitzeko, aipatu dute sexu-erasoen kontrako protokoloa prestatzen dabiltzala eta datozen egun­o­tan horren berri emango dutela. “Ta­ma­lez, jai-giroan izaten diren sexu-era­soak kontuan hartu beharra dago. Es­pero dezagun Larrabetzun halakorik ez ger­tatzea; eta gertatuz gero, lehenengo mo­mentutik erantzuteko eta laguntzeko prest egongo gara”. 

 

 

 

Andramariak

Abuztuak 12, barikua

–17:30 Ume eta helduen futbol-txapel­keta. Kanporaketak.

Abuztuak 13, zapatua

–17:00 Futbol-txapelketa. Finalaurre­koak eta finalak.

–20:00 Herri-afaria.

–22:30 Kantuz kantu. Herriko musika­rien eskutik eta kuadrillen arteko ta­lentu-lehiaketa.  

Abuztuak 14, domeka

–11:00 Nazioarteko dantza-erakustal­dia (Argentina eta Kanariar uharteak).

–13:00 Txupinazoa, Bizkargi dan­tza-taldearen eskutik. Herriko txis­tu­la­riekin eta Akarmarirekin, Pas­kua­larekin, Ma­txinekin, Jesusarekin eta Akar­baltzekin. 

Os­tean, Joselontxo´s txaranga.

–17:00 Umeentzako puzgarriak.

–20:00 Xaibor.

–23:30 Erromeria: Laket. Ostean, Dj Garikoitz Lezkano, Hori Bain. 

Abuztuak 15, astelehena

–11:30 Kalejira. Herriko txistulariekin eta Akarmarirekin, Paskualarekin, Ma­txinekin, Jesusarekin eta Akarbaltzekin. 

–12:00 Mariatxi Azteka taldea.

–13:30 Joselontxo´s txaranga.

–18:00 Karrozak. Ostean, Matraka elektrotxaranga.

–22:30 Dantza lehiaketa.

–22:30 Erromeria: Gozategi. Ostean, Dj Bull. 

Abuztuak 16, martitzena

11:00 Kalejira. Herriko txistulariekin eta Akarmarirekin, Paskualarekin, Matxinekin, Jesusarekin eta Akarbaltzekin.

–11:30 Ur-jolasak igerilekuetan.  

–14:00 Umeen bazkaria.

–14:30 Sukalkia. 

–18:00 Poteo Rallya.

–20:00 Zurekin kontzertua. Gaztelumendi abesbatzaren 30. urteurrena, eskolan.

–22:30 Lekittoko deabruak. 

–23:45 Kuadrilla txapeldunari saria ematea.

–00:00 Erromeria: Zirikinik Bez. 

 

 

 

Emeteriak

Abuztuak 30, martitzena

–12:30 Txupinazoa. Herriko txistulariekin eta Akarmarirekin, Paskualarekin, Matxin­ekin, Jesusarekin eta Akarbaltzekin.

–14:30 Marmitako txapelketa.

–17:00 Mus txapelketa.

–17:30 Dantzaldia: Gauargi.

–19:30 Toriko entzierroa.

–22:00 Erromeria: Trikidantz. 

Abuztuak 31, eguaztena

–13:00 Bertsolariak: Anjel Mari Peñagari­kano Labaka eta Miren Amuriza Plaza.

–17:00 Briska txapelketa.

–18:00 Kalejira. Herriko txistulariekin eta Akarmarirekin, Paskualarekin, Matxinekin, Jesusarekin eta Akarbaltzekin.

–19:00 Zunba-saioa.

–21:00 Kontzertua: Joseba Tapiaren Egon edo ez egon diskoaren aurkezpena. 

Irailak 1, eguena

–12:00 Egurrezko jokoak.

–17:30 Goitibeherak.

–20:00 Kalejira. Herriko txistulariekin eta Akarmarirekin, Paskualarekin, Matxinekin, Jesusarekin eta Akarbaltzekin.

–21:30 Deabru beltzak. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).