Nola irten zen upategiko emanaldia?
Oso gustura egon ginen. Lekua zoragarria da eta dena oso polit zegoen, oso gozo. Gainera, lagun gutxiren arteko emanaldia izan zen, eta gozotasun hori soila bada erakargarria. Giro polita egon zen, eguraldi ona…
Eta uda?
Uda ere oso ondo. Beharbada, aurrekoak baino lasaiagoa izan da; denetarako denbora izan dugu: emanaldiak egiteko, familiarekin oporretara joateko, lagunekin egoteko… Bestalde, pandemiaren ondoren jendea gogotsu ibili dela nabaritu dut: kalera irteteko gogotsu, musika gozatzeko, antzerkira joateko…
Euskal Herriko emanaldiez gainera, Holandan eta Alemanian izan zarete irailean – iaz, Portugalen–; urrian, besteak beste, Galiziara eta Bartzelonara joango zarete…
Gure helburua beti da ondo pasatzea, Euskal Herria zein Alemania izan. Egiten duguna transmititzea lortzen badugu, ondo pasatzen badugu eta entzuleek ere ondo pasatzen badute, helburua bete dugu.
“Gure helburua beti da ondo pasatzea, Euskal Herria zein Alemania izan”
Dena dela, Oñatiko trikiti-jaialdi hartatik laukote moduan irteteko aukera zegoen susmorik edo bihozkadarik –txiki-txikia izan arren– izan zenuten?
Ez, horixe! Gauza da duela zenbait urte jaialdian parte hartzeko deitu zigutela Kristinari eta Amaiari, Maixari eta Itziarri eta Maiderri eta bioei. Kristina eta Amaia animatu ziren, baina Itziar eta Maider, ez; orduan, Maixak deitu zidan elkarrekin jotzeko. 2018an, jaialdiaren 10. urteurrena dela eta, bertan aritutako bikoteak batu nahi izan zituzten eta laurok hiruzpalau kanta elkarrekin jotzeko proposamena egin ziguten. Eta jo genituen, buruan inongo proiekturik edo asmorik gabe. Baina jaialdi horren ostean beste emanaldi batzuk etorri ziren eta gauza handituz joan zen… Orduan ikusi genuen proiektua sortzeko aukera zegoela. Patuak elkartu gaitu, kasualitateak.
Patuaz gainera, tartean zerbait gehiago egongo zen, ezta?
Lauok dugu musikarekiko pasioa eta lauok maite dugu trikitia. Gainera, lauok gara amak eta oso une egokian batu gara, haurrak nahiko koskortuta ditugu eta. Lauok jotzen ditugu trikitia eta panderoa, abesten dugu… eta horrek kanta bakoitzarekin konbinazioak egiteko aukera ematen digu.
Plazan sortutako egitasmoa da AMAK, eta diskoa gero etorri da; alderantzizko bidea-edo egin duzue.
Diskoa oparia izan da, ze hasieran ez genuen diskoa ateratzeko inongo asmorik. Taldea osatuta, hasierako proposamena izan zen emanalditxo batzuk egitea, eta diskoetxeak diskoa kaleratzea proposatu zigunean erantzun genuen ikusiko genuela. Egunik egun bizi nahiago genuen, eta sentsazioen arabera aurrera egin. Nire kasuan, proiektu hau sorpresa handia izan da, ezen nire burua egitasmo puntual batzuetan ikusten nuen, eta ez proiektu handietan. Baina bat-batean nire burua ikusi dut hor, gustura eta pozik… Bestalde, egia da prozesua beste modu batekoa izan dela; hala ere, gustatzen zait horrela gertatu izana: batzuetan, bizitzak bide batean jartzen zaitu, eta ondo dago bideak esaten dizuna hartzea eta hari jarraitzea.
“Diskoa oparia izan da, ze hasieran ez genuen hura ateratzeko inongo asmorik”
Zenbait musikarik hartu dute parte diskoan; Zigor DZ eta Txus Aranburu, tartean. Bestelakoak dira diskoaren emaitza eta zuzenekoak.
Plazan hasiera-hasieratik erabiltzen dugun formatua da perkusioa, ahotsa eta trikitia; diskoan, bestalde, instrumentu gehiago sartu nahi genituen, eta beste ukitu bat eman. Xabi Solanok produzitu du diskoa eta pixka bat modernoagoa-edo da. Hala ere, diferente izanagatik, argi genuen zuzeneko esentziari eutsi nahi geniola; hortaz, diskoaren kantak berriz moldatu behar izan ditugu zuzenean jo ahal izateko.
“Diskoa pixka bat modernoagoa-edo da; hala ere, argi genuen gure zuzenetako esentziari eutsi nahi geniola”
Kanten hizkiak zeuek idatzi dituzue, baita Karmele Jaiok eta Onintza Enbeitak ere.
Kanta-idazleak emakumezkoak izatea nahi genuen, eta esentziari eustea. Euskara dugu hizpide, memoria historikoa… baina batez ere emakumeengan ardaztu nahi izan dugu. Horrela, bada, amari eskainitako kanta dago, Karmele Jaiok idatzitakoa. Nire ustez, erabat asmatu du guk amatasunari buruz esan nahi genuenarekin: guk musika pasatu genion eta izugarria da nola adierazten duen ama izatea zer den… Emakumeei lotutako beste kanta bat “Atsolorra” da, umeen jaiotzari lotutako antzinako ohiturari buruzkoa; herri batzuetan ohitura hori berreskuratzen dabiltza… Beste aldetik, amorrua ere jorratzen dugu “Amorra zaitez” abestian, izan ere, badirudi beti ondo eta pozik egon behar dugula, baina batzuetan amorratu eta haserretu ere egiten gara.
“Euskara dugu hizpide, memoria historikoa, amorrua… baina batez ere emakumeengan ardaztu nahi izan dugu”
Zeintzuk dira AMAK talderako dituzuen planak?
Epe motzeko proiektuak dira: udazkenean kanpora joatea, kolaborazio pare bat… Gero gerokoak. Momentua bizi dugu.
Gozotasuna
Lau soinu, lau pandero, lau ahots… lau emakume dira AMAK musika-taldea. Alaitz Telletxeak, Maixa Lizarribarrek, Amaia Orejak eta Kris Solanok osatzen dute AMAK, eta taldearen izena haien izenen lehenengo letrarekin egindako jolasaren emaitza da.
Eskarmentu handiko musikariak dira lauak, eta 90eko hamarkadan erreferente bihurtu ziren trikitia munduan. Horrela, Alaiz eta Maider trikiti-bikoteko kidea izan zen Telletxea; Maixa eta Ixiar bikoteko kidea, Lizarribar; eta M-n ezten taldeko partaideak, Oreja eta Solano. Eszenatokitik kanpo hainbat urte eman ondoren, Oñatiko Trikitixa Jaialdiak batu zituen 2018an eta, ia konturatu barik, AMAK egitasmoa osatzeko lehen urratsak egin zituzten. Plazetara itzulita, izen bereko diskoa kaleratu zuten iaz. “Berotasuna eta gozotasuna sentitzen dugu orokorrean, emanaldietara normalean jendea gerturatzen da eta. Gainera, baten bat kantaren bat abesten ikusiz gero, bada, horrek egunduko poza ekartzen digu”.