“Batzarrak egin ditugu CTBrekin eta Aldundiarekin, eta herri-mobilizazioa ere, herriko gazteen gidaritzapean, oso inportantea izan da. Lorpen garrantzitsua da, 2. tarifa-eremura pasatzeak % 25 aurreztea ekarriko dielako Bizkaibuseko erabiltzaileei”, esan du Gazteluk. Beste aldetik, aipatu du Txorierriko herria izanda ez zuela logika handirik Larrabetzu 3. tarifa-eremuan egoteak. Horri lotuta, Garraioa Irauli Larrabetzuko plataformak askotan adierazi duenez, larrabetzuarren ohiko jarduna eskualdeko herrietan eta Galdakaon izaten da –azken hori ere 2. tarifa-gunean dago–, eta herriko ikasleek egunero hartu behar izaten dute autobusa, Derioko institutura eta Politeknikara joateko; Galdakaon, aldiz, anbulatorioa eta ospitaleko mediku-zerbitzuak dituzte.
Azken hilabeteetan plataformako kideek hainbat ekintza egin dituzte Larrabetzun bertan zein Foru Aldundiaren aurrean, tarifa-eremuz aldatzeko eskatzeko. “Urtebete eta hilabete eta gero, lortu dugu jasaten dugun injustizia ekonomikoa bukatzea”, aipatu dute. Hala ere, duela hilabete egindako adierazpenak berretsi dituzte. “Borroka hasi genuenetik Partzuergoak ez digu inolako erraztasunik jarri; bakarrik trabak. Batetik, birritan zin egin ziguten zonalde-aldaketa egingo zela, ekainean eta irailean, eta ez zuten hitza bete. Bestetik, ez dugu inolako informaziorik eduki, eta ez diete gure deiei eta emailei erantzun”. Era berean, gogoratu dute urrian Aldundiaren aurrean egindako elkarretaratzean ertzaintzak haietako bat identifikatu zuela. “Finean, aldaketa herritarrok lortutako garaipena da, borroka, herri-mobilizazioak eta desobedientzia ezinbesteko oinarriak izan dituena”. Plataformak eskerrak eman dizkie prozesuan babesa adierazi dioten eragileei eta mugimenduei.