“Bakoitzak garai politiko eta sozial ezberdin bat bizi arren, komuneko egoera bat dute: lan egin, ikasi edo bidaiatu ahal izateko, aitaren edo senarraren baimena behar dute. Orduan, eleberrian haietako bakoitzaren borroka islatu dut, aurrera jarraitzeko eta nahi dutena egiteko. Bestalde, kontuan hartu behar da asaldura handiko garaia dela, izan zirelako Lehenengo Mundu Gerra, 1918ko pandemia, Errepublika, Bigarren Mundu Gerra eta diktadura”, kontatu digu egileak.
Emakumeak dira istorioaren protagonistak, “populazioaren erdia garelako eta guri buruz hitz egin behar delako. Gainera, eleberriko emakumeek bazuten zer kon tatu”. Izan ere, egokitu zaien garaian bizi izaten ahalegintzen diren emakumeak dira. “Birramamarekin gogoratu nintzen egun batean, eta hura zein amama ezagutu nituela hausnartu nuen, eta ama… Hori izan zen abiapuntua, baina eleberriaren protagonistak ez dira nire familiako emakumeak, ez, inondik inora; edozein herritako emakumeak izan daitezke, zeinak familiara, etxera, baserrira, senarra eta seme-alabengana… mugatuta baitaude eta etxetik kanpo lan egiteko edo euren bizitza egiteko aukerarik ez duten”. Gainera, oso arau sozial eta moral zorrotzak jasan behar dituzte. “Esaterako, ezkondu ostean, senarren baimena beharrezkoa zen lanean jarraitu ahal izateko… Eta senarrak etxetik alde egiten bazuen edo adulteriogilea bazen, ez zen ezer gertatzen; hala ere, etxetik emakumeak alde egiten bazuen edo adulteriogilea emakumea bazen… Borroka isila izan da, lerro-buru handietara ailegatu ez dena, gaur egun gauden lekuan egon ahal izateko. Orain lan egin eta nahi duguna egin dezakegu; bueno, bakarrik neurri bateraino…”.
“Protagonistak edozein herritako emakumeak izan daitezke, etxera, senarra eta seme-alabengana mugatuta daudenak”
Martinez de Lezeak guztira 27 eleberri idatzi ditu eta 23tako istorioa Euskal Herrian gertatzen da; gainerakoak Euskal Herritik kanpo kokatu ditu, baina protagonistak euskaldunak dira. Oraingo honetan, edozein herritako biztanleak izan daitezkeen emakume horiek Huescan bizi dira. “Komenigarria da noizean behin kanpora atera eta paseoa egitea (kar-kar). Istorioa edozein herritan kokatu ahalko nukeen, adibidez, Andaluzian, baina gutxi dakit Andaluziari buruz, bere herritarrei buruz, euren pentsatzeko erari buruz… Dakidanaz idazten dut eta Huesca gure izter-lehengusina da: izen historikoa Oska da; Iruñeko Erresumako parte zen, harik eta Sancho III.ak Huescako iparraldea semeari, Ramirori, eman zion arte; Aragoiko Erresumaren hasiera da… Era berean, Huescan toponimo eta izen-abizen euskaldunak ere badaude, hala nola Aierbe, Learre eta Izarbe, eta Pirinioetan Basajarauren eta Mari Buenaren istorioak kontatzen dira. Gainera, Nafarroaren mugakideak izan ziren herrietan euskaraz egitea debekatu zen XIX. mendean”.
Erronka
Arrazoi pertsonalagoak ere izan ditu, Huesca agertoki aukeratzeko. “Asko gustatzen zaidan ingurua da, eta, beste aldetik, senarraren bigarren abizena Buisán da, hango herrixka txikia dena. Era berean, herenaitite Huescakoa zen. Conrado García zuen izena, eta Iruñako katedralaren organo-jotzailea izateaz gainera, Iruñako Orfeoia sortu zuen, eta Julian Gayarre deskubritu”. Azken eleberria erronka ere izan da larrabetzuarrarentzat. “Istorioa elkarrizketarik gabe, prosa hutsean, idazteko erronka bota nion neure buruari, eta meritu handia du horrek, zeren eta kontatzen baitut beste batek kontatu didana hirugarren bati gertatu zaionari buruz. Horrek ondo idatzita egon behar du, eta errepikakorra ez izan. Erabateko esperientzia izan da”.
“Istorioa prosa hutsean, idazteko erronka bota nion neure buruari, eta erabateko esperientzia izan da”
El maizal urte sabatiko baten ostean idatzi du Martinez de Lezeak. “Pandemia zela-eta dena itxi zen, eta, idatzi beharrean, erabaki nuen denbora irakurtzen ematea, operak, antzezlanak… ikusten; hala ere, egia da Nur bildumaren 16. alea kaleratu nuela: Nur eta zirku miragarria”. Zenbait kolaborazio ere egin ditu urte sabatiko horretan, esaterako, Sorginak eta sorginkeriak ikuskizuna Gorka Hermosarekin eta Edurne Zabalorekin. “Emilio Arias trobadorearekin batera ere saioa egin dut Done Jakue Bideari buruz, eta urtarrilean Bretxa eleberrian oinarritutako musikala aurkeztuko da Donostian. Poz-pozik nago”. Bretxa musikala Bergarako Antzerki Musikala elkarteak eramango du Victoria Eugenia antzokira urtarrilaren 13an, 14an eta 15ean, eta dagoeneko ia sarrera guztiak saldu dira.
Nurrek eta lagunek Chiapasen dute abentura
Larrabetzuko idazleak Nur gaztetxoentzako bildumaren 17. alea ere kaleratu du: Nur eta. Protagonista eta lagunak Mexikora, Chiapasera, bidaiatu dute oraingo honetan. “Lagun batek harreman estua du hangoekin eta eleberri bat han kokatzeko proposamena egin zidan. Hango errealitatea oso ondo ezagutzen ez dudanez, erantzun nion ez nuela eleberririk idatziko, baina ipuina idaztera animatuko nintzela. Gainerako istorioekin alderatuta, erabat ezberdina da; nolanahi ere, idaztearen helburuetako bat da hain zuzen umeei erakustea munduan beste leku batzuk daudela”.
Istorioa Palenque hirian gertatzen da. “Maien antzinako herria da Palenque eta Pakal erregearen hilobian irudi bitxi bat dago. Horretan erregea «beste mundura» egiten dabilen bidaia irudikatzen da, eta batzuen ustez, badirudi hegazkinaren antza duen ontzia gidatzen ari dela; hortaz, beste mundu batetik etorritako izakia dela pentsatzen dutenak badaude. Egia esan, kultura guztietan izan da uste hau: Lurrean bizi ziren lehenengo izaki bizidunak beste mundu batzuetatik etorritako erraldoiak ziren eta gizakiei irakatsi zieten lurra lantzen, irina nola egin, metala nola urtu tresnak egiteko… Izan ere, ez zuten ulertzen gizakiek gauza horiek euren kabuz egitea nola lortu zuten. Orduan, oso dibertigarria iruditu zitzaidan ipuinera ekartzeko”. Nurren hurrengo abentura buruan du dagoeneko. “Irakurle asko ditu Nurrek, eta abentura gehiago nahi dituzte”.