Gaztetan, Juan Ignacio Gaubekak eta Gabriel Arestik elkarrekin ikasi zuten Merkataritza Eskolan. Poeta bilbotarrak erlijio-liburua utzi zion Gaubekari eta horrek etxera eraman zuen. Barruan poemak zeuden. Gaubeka hil zenean, Marivi ilobak osabaren liburuak eta argazkiak hartu zituen, eta etxera, Muskizera, eraman zituen. Denboraren poderioz konturatu zen Arestiren poemak han zeudela eta azkenean, 2019an, Mariviren alabak Jon Kortazar euskaltzainari eman zizkion.
“Familiaren deiak ustekabez harrapatu ninduen. Esan zidaten aldizkari akademiko batean argitaratu behar zirela eta horixe egin dugu”, esan dio Kortazarrek Deia egunkariari. Gaztelaniazko olerkiak dira eta, ziur asko, egileak 19 urte zituela idatzi zizkion, neska-lagunari. Kortazarren esanetan, olerkiek balio handia dute. Izan ere, Arestiren lehen poemak 1954. urtekotzat jo zituzten, baina Larrabetzun topatutakoak 1953. urtekoak dira. “Balio historikoa dute, zalantzarik gabe, bere lanaren sorkuntza urtebete lehenagora ekarri dute eta. Gainera, gazteleraz egonik bere hizkuntza jarraibidearen berri eman digute”, idatzi du euskaltzainak Sancho el Sabio aldizkarian. Poemek balio estetikoa ere badute, “esperimentazio gogoa” erakutsi digutelako; halaber, gaiak dira “Gabriel Arestiri lehen aroan atsegin zitzaizkion maitalearen ukazioa eta errefusa”. “Sonetoek literaturan hasi berria zen idazle izan nahi zuen poetaren berri eman digute; poeta izango zen Gabriel Aresti handiaren berri”.
Poemak eta Kortazarren artikulua, esteka honetan irakurgai:
https://revista.sanchoelsabio.eus/index.php/revista/article/view/368