Ekimena ipini da abian, Galdakao-Usansoloko ospitalean pediatria eta erditze-zerbitzua eskaini daitezen

Aikor aldizkaria 2023ko ots. 6a, 12:13

Galdakao-Usansoloko ospitaleak zerbitzua ematen die Bilbo Handiko, Durangaldeko, Busturialdea-Urdaibaiko, Lea Artibaiko, Arratia-Nerbioiko eta Aiaraldeko 310.000 biztanleri; larrabetzuarrak daude horien artean. Ospitalean ez dago pediatria eta arrisku baxuko erditzeetarako zerbitzurik eta, horregatik, barrualdeko ESIko herritar-talde batek ekimena jarri du abian, esandako zerbitzu biak eskaini daitezen. “Eskualdeko osasun-arretaren gabezia nabarmenetariko bat da”. Horri lotuta, aipatu dute Osasun Sailak inbertsio handia egingo duela ospitalea handitzeko eta berritzeko, baina “aldaketen artean ez da aipatu ez pediatria zerbitzurik, ez arrisku baxuko erditzeak artatzeko gunerik”.

Azaldu dutenez, eskualdeko umeek Gurutzetako ospitalera joan behar dute larrialdia dutenean edo ospitaleratu behar dutenean; ondorioz “gurasoak etengabeko joan-etorriak egitera derrigortuta daude”. Era berean, emakumeek Gurutzetara edo Basurtura joan behar dute erditzera, “ez dagokien eta ezezaguna duten beste ESI bateko ospitalera” hain zuzen. Horren aurrean, “emakume askok erabakitzen dute ospitale txikiago batera joatea bertan eskaintzen zaizkien erditze-eredu indibidualizatuagoen bila. Dena den, ospitale horiek beste eskualde batean egonda, eskualde horietako pazienteek dute lehentasuna, eta, erditze egunean lekurik ez badago, gerta daiteke beste ospitale batera joan behar izatea”. Horrezaz gainera, azpimarratu dute gero eta emakume gehiagok eskatzen dutela erditze gizatiarragoa, indibidualizatuagoa, errespetuzkoagoa eta emakumeen autonomiaren aldekoa. “Eskaera eta neurri horiek indartu dituzte ikerketa zientifikoek, zeinek bermatzen baitute gomendio horietako zenbait onuragarriak direla amaren eta haurren osasunerako. Horrela, erditze-ereduaren aldaketa horiek pixkanaka gauzatzen ari dira”.

Gauzak horrela, hainbat arrazoi eman dituzte Galdakao-Usansoloko ospitalean pediatria eta erditze-zerbitzua ipintzeko. “Oinarrizko zerbitzuak dira eta gure eskualdeko haur eta emakumeen osasun-arretaren aldeko neurri garrantzitsua da: arreta indibidualagoa, hurbilagoa, ezagunagoa eta euskaldunagoa izango litzateke”. Bestalde, azpimarratu dute emakumeak ahalduntzeko erditze-gune eta -eredu humanizatuagoa behar dela, emakumeen osasunerako onuragarriagoa dena eta genero-perspektibatik landuagoa dena. Azkenik, esan dute osasun-ekitatearen aldeko neurria dela eta hurbilen duten ospitale publikoa dela.

Ekimenarekin bat egin nahi duten taldeek barrualdeaosatuz23@gmail.com helbide elektronikora idatzi ahal dute, eta banakakoek https://www.change.org/p/pediatria-eta-erditzeak-galdakaoko-ospitalean webgunean sinatu.   

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).