Uritarra taldeak lehiaketa egingo du egunero, euskara futbolean bultzatzeko

Aikor aldizkaria 2023ko ots. 8a, 13:43

Uritarra KT Larrabetzuko futbol taldeak konpromiso sendoa adierazi du beti euskararen alde. Horren haritik, lehiaketa bat antolatzea erabaki du. Helburua futbol esamoldeak euskaratzea da eta oro har, “guztion artean futbola euskaldunago egitea”. Epe ertainera, Larrabetzuko klubak estilo gidaliburua atera nahi du, futbolaren eragile guztien artean banatzeko: entrenatzaileak, jokalariak, gurasoak…

Gauero, 23:00etan edo, taldeak gaztelaniazko esaldi bat, futbol esamolde arrunta, argitaratuko du bere Instagram kontuan, “story” atalean. Atzokoa hau izan zen: “Uga juega de falso nueve”. Parte-hartzaileek esaldia euskaratu beharko dute, baina larrabetzuarrek ez dute itzulpen zehatza eskatzen, “jatorrena” baizik. “Erne, gehienetan itzulpen zehatza egitea ez da egokiena izango. Beharbada egitura euskaldunago bat bilatu behar izango da hitzez hitzeko itzulpena egin beharrean, helburua euskarazko esamolde txukunak egitea baita, ez itzulpen zehatzak. Beraz, irudimena eta sormena izatea beharrezkoa da”, adierazi dute Uritarra taldekoek.

Erantzun egokienak ematen dituztenek eta gehien parte hartzen dutenek saria izango dute: esate baterako, arropa eta partidak zuzenean ikusteko sarrerak. “Lehia Instagramen bidez egingo dugu, bertan batez ere gazteak daudelako, eta horiengana heldu nahi dugulako; Twiterrenean, aldiz, ez dugu txapelketarik egingo, han gazte gutxiago daudelako”, esan dute Uritarra taldekoek. Ekimena atzo zabaldu zuten eta martxoaren 3ra bitartean egingo dute. Hala ere, “arrakastatsua” bada, luzatu ahal dute. Lehenengo egunean, 26 proposamen jaso zituzten eta gaur gehiago espero dute. Hau da gaurkoa: “Palomita de Alaio. Es un palomitero”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).