“Pentsiodunen mugimendua duela bost urte hasi zen eta garai hartan gure aldarrikapenetako bat izan zen 1.080 euroko gutxieneko pentsioa. Denborak aurrera egin du eta ez dugu ezer lortu; beraz, urrats kuantitatiboa eta kualitatiboa egin dugu, eta itxialdia eta baraualdia egitea erabaki. Jakin badakigu ekimen atipikoak direla eta horregatik komunikabideek arreta berezia eskaini digute”, azaldu du Ana Mezok. Bere esanetan, parte-hartzea espero baino askoz handiagoa da, batez ere nagusien “adina eta patologiak” kontuan hartuta. “Gelan bakarrik 30 lagunentzako lekua egon arren, 200 lagunok eman dugu izena itxialdian parte hartzeko. Hori dela eta, txandak egiten gabiltza”.
Mezoren esanetan, gutxieneko pentsioa eskatzea oinarrizkoa da eta jende askorengan du eragina bai Euskal Herrian, bai Estatuan. “Euskal Herrian ia 200.000 lagunek 800 euro baino gutxiago jasotzen dute hilean pentsiotzat; eta horietako % 76 emakumezkoak dira. Estatuan, milioiak eta milioiak dira. Hori guztia konpondu behar da eta horregatik, hain zuzen ere, antolatu dugu itxialdia eta baraualdia”.
Beste pentsiodun parte-hartzaile bat Jose Antonio Lekue da. “Hasieratik inplikatu ginen pentsiodunen mugimenduan: astelehenero etortzen gara Bilbora mobilizazioarekin bat egiteko eta Larrabetzun ere hilean behin egiten dugu. Esaten da aberastasuna banatu behar dela, baina momentua heldu da: gutxieneko pentsio hori behar-beharrezkotzat jotzen dugu bizitza duin bat izateko”.
Lekuek esan du “ondo” daudela. Nagusi bakoitzak lo egiteko zakua eta estera eraman ditu eta bertan ez dute ezer jaten, ura baino ez dute edaten. Lekueren berbetan, errutinak eta arauak dituzte: goizero 7:00etan esnatzen dira eta gauean argiak 22:30ean itzaltzen dira. Denbora pasatzeko, libururen bat edota egunkaria irakurtzen dute eta solasaldian ibiltzen dira haien artean. “Oro har aberasgarria da, Euskal Herriko lagunok batu dugulako eta gure artean elkarrizketa interesgarriak egiten ditugulako. Giro polita dugu”.
Beste ekintza batzuk
Itxialdiaz gainera, pentsiodunen mugimendua zenbait ekintza egiten dabil aste honetan. Goizero, Bilboko Plaza Eliptikoan batzen dira eta handik erakunde publikoen egoitzara joaten dira euren errebindikazioen berri ematera. Gaur, esate baterako, alderdi politikoen egotzetara joango dira. Era berean, arratsaldean mahai-inguruak antolatzen dira. Bihar, prentsaurreko handi bat egingo dute Bilboko udaletxearen aurrean, eta han iragarriko da zapaturako manifestaziora deitu dutela. Manifestazioa 12:00etan irtengo da Plaza Eliptikotik.