Julen Axpe, furgonologoa

“Positibotasun handi-handia dut”

Aikor aldizkaria 2023ko api. 5a, 10:19

Otxandioko umoregileak eta Uritarra Larrabetzuko futbol taldeko jokalariek eta talde teknikoak barreak egin zituzten duela aste batzuk. Ederto batean pasatu zuten elkarri txantxak egiten. Geuk ere ederto pasatu dugu Axperekin solasaldian.

Buru-belarri zabiltza EITBrako Aupa hi! programa prestatzen, ezta?

Bai. Dena ondo badoa, uztailean eta abuztuan emango dute ETB2n, eta orain nabil gidoiak idazten, pertsonaiak topatzen… Kapitulu bakoitzean gai sozial bat jorratuko da eta nire gizarte-sareetako jendea ezagutuko dut, denok batera gai sozialei heltzeko edo erronkak aurrera eramateko. Era berean, nire bizimodua eramango da pantailara. Izan ere, Bartzelonan lau urte eman ditut furgonetan bizi izaten, eta horrela bizitzeak ekarri dizkidan desabantailek, hala ere, gauza politak bizitzeko aukera ere ekarri didate. Adibidez, non dutxatu ez nuenez, futbol-talde batean jokatzen nuen, dutxa erabili ahal izateko; eta nire ikuskizunetarako sarrerak zozketatu ditut gizarte-sareetako jarraitzaileen artean, euren garbigailua erabiltzen uztearen ordez. Jende berria, eta oso polita, ezagutu dut.

“Furgonetan bizitzeak ekarri dizkidan desabantailek gauza politak bizitzeko aukera ere ekarri didate”

Baliabide handiko pertsona zara, bai horixe!

Askotan, baliabide material gutxi izateak ahalbidetzen dizu baliabide sozial gehiago garatzea, eta hori erabakigarria izan da nire bilakaera pertsonalerako.

Otxandion, herrian, zabiltza gaur egun. Furgonetan bizi izaten jarraitzen duzu?

Bai. Amamarenera joaten naiz bazkaltzera eta aitarekin izaten naiz etxean, baina furgonetan egiten dut lo: nire txokoa da.

Nola bihurtu zinen furgonologo?

Alde batetik, txikitatik gustatzen zait furgonetaz bidaiatzea; eta bestetik, umorea ere grina dut. Bartzelonan interpretazioa ikasten nenbilela ezagutu nuen bakarrizketen mundua, eta antzeztea baino gehiago gustatu zitzaidan. Mundu horretan apurka-apurka sartu nintzen eta otu zitzaidan nire zaletasun biak uztartzea: furgoneta eta umorea. Hortaz, furgoneta areto bilakatu dut eta herriz herri ibiltzen naiz bakarrizketak egiten eta jendea ezagutzen.

480.000 kilometro inguru ditu eginda zure furgonetak.

Nik beste urte ditu: 28 urte. Osabarena zen eta eman zidan. Matxura batzuk konpondu nituen eta segituan joan nintzen Bartzelonara. Motorra ere aldatu nion eta, hortaz, espero dut oraindik luze irautea. Askok esan didate ibilgailuen marka batekin edo bestearekin hitz egiteko, elkarrekin kolaborazioak-edo egin ditzagun, baina momentuz ez dut furgonetaz aldatzeko beharrik: ondo nago nirearekin eta, gainera, istorio asko ditu.

Haietako bat kontatuko diguzu?

Bartzelonan, hirian bertan bizi nintzen, furgoneta kalean aparkatzen nuen eta. Ez nuen furgoneta kisketaz ixten, eta gau batean gizon bat sartu zen barrura. Itzelezko sustoa hartu zuen ni ikusita! Gauza da egoera nola normalizatu nuen: galdetu nion zertan zebilen, eta berak erantzun furgoneta zabalik zegoen begiratzen zebilela… Ziur nago kikilduko nintzela eta poliziari deituko niola, hori Bartzelonara heldu berria nintzela gertatuz gero.

Oso ezagun bihurtu zara; asko aldatu zaizu bizitza?

Ez dut uste nigan ezer aldatu denik. Egia da prozesu honetan pertsona moduan hazi naizela eta ez naizela orain dela lau urte nintzen pertsona bera, baina nire errealitatea berbera da: jendearekin dudan harremana, lagunak, egin nahi ditudan gauzak, pozten nauena… Famak ez dit atentzioa ematen, baina lana ondo egiteak eta pertsona moduan behar bezala hazteak fama ekartzen badit, prozesuaren parte naturaltzat hartu, eta kudeatzen ikasi beharko dut. Nolanahi ere, ez ditut helburuak eta pentsatzeko era galduko.

“Pertsona moduan hazi naiz eta ez naiz duela lau urteko pertsona bera; nire errealitatea, berriz, berbera da”

Futbolista izan nahi zenuen; umoregile hobea zara?

Hainbeste partida galdu eta gero, ziur asko baietz (kar-kar). Bueno, hain txarra ere ez nintzen, ze Alaves taldean jokatu nuen, eta 18 urtez azpiko euskal selekzioan… Baina, bai, nahiko urruti gelditu nintzen. Beti esaten dut lehenik eta behin porrot egin duen futbolista naizela; hala ere, nire ustez, porrota da bizitzak ematen digun seinalerik argiena, ulertzeko gure bidea beste leku batean dagoela. 

Atheticen eta Osasunaren partidak euskaraz kontatzen dituzu DAZNerako.

Futbola bizitzeko beste era bat da. Aukera espero gabe heldu zitzaidan, eta asko gozatzen dut. Hartu kontuan: bakarrizketari bat sartu dute kabina baten barruan, eta hori txinpantze bat sukaldean sartzea baino arriskutsuagoa da (kar-kar). Bueno, nire estiloa gustatzen zaie; beraz, aurrera!

Prestatzen zabiltzan saioaz aparte, zer asmo duzu epe ertainera?

Komunikatzea gustatzen zait; umoretik komunikatzea, gainera. Proiektu honen ostean etorriko da beste bat, eta bizipenak sortu beharko ditut gauzak komunikatzeko.

Zer da umorea?

Bizitza ikusteko modua. Batzuetan esaten dudan moduan, positibotasun handi-handia dut. Izan ere, gertatzen zaizuna gertatuta ere, alde ona ere ikusten jakin behar da. Adibidez, behin, futbolean jokatzen, tibia apurtu nuen eta ospitalean bertan egonda idatzi nuen horri buruzko esketx bat. Hori da umorea, emozioak bideratzeko bidea.

 

Umorea gurpil gainean

Axpe umoregilea da eta bere bizipenetan oinarritutako hamaika istorio dibertigarri ditu kontatzeko. Istorioak furgonetaz eramaten ditu herrietako plazetara; hala ere, Bartzelonako, Madrilgo eta Bilboko aretoetan ere gozatu ditzakegu. “Ezberdinak diren arren, biek ekartzen didate emozioa. Plazetan ahal moduan zabiltza: jendearekin hitz egiten, zarata, umeak kontrolatu… Antzokietan, berriz, jendeak ordaindu du zeure ikuskizuna ikusteko, isilik daude…”.

Euskal Herritik ibilia da Kataluniatik, Aragoitik, Asturiasetik… “Oso esperientzia polita da. Ikuskizuna egitera joaten zara herri batera edo bestera, baina ikuskizun hori da bidaiaren parte txiki-txikia: furgonetan ordu asko ematen dira, gidatzen, musika entzuten, paisaia ikusten…; lekura heltzen da, non aparkatu topatu, jendea ezagutu… Ordu bateko ikuskizunaren atzean daude bizipen ugari, niri asko gustatzen zaizkidanak. Gainera, gidatzea eta musika entzutea inspirazio-iturria dira niretzat”.      

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).