“Iaz, xafla jarri nahi izan genuen, baina azkenean ezin izan genuen. Aurten, ‘zorra’ kitatu dugu, nolabait esanda. Horren bidez, aintzat hartzen dugu Bizkargiren garrantzia. Bizkargiren inguruan Larrabetzu, Muxika, Zornotza eta Morga udalerriak gaude, baina udalok ez ginen ados jarri, eta azkenean, xafla Larrabetzuko eta Muxikako Udalen artean baino ez dugu ipini”, esan du Iñigo Gaztelu Larrabetzuko alkateak. Xaflaren testu batzuk eta argazkiak Indalecio Ojanguren argazkilari eibartarrak egin zituen 1937an. Testuak batailaren berri ematen die bisitariei. Horrek dionenez, “Bizkargi frankismoren aurkako borrokaren erreferentea bihurtu” da, eta hori urtero ospatzen da.
Ospakizunak zapatuan hasi ziren, Ernai elkartearen eskutik: hitzaldia, trikipoteoa, herri bazkaria, bertsolariak, jokoa eta musika. Hurrengo egunean, atzo, Bizkargi gogoratuz elkarteak ere hainbat ekintza egin zituen: musika, dantza, omenaldia... Horri Gure Esku mugimenduak egindako ekitaldia gaineratu behar zaio. Horiek argazki erraldoia egin zuten baselizan, eta mosaikoa, gailurrean. Jaia arratsaldean bukatu zen herrian, bertan erromeria egin zelako.