Ikastetxeetan psikologoa egoteko eskatu du Larrabetzuko eskola-komunitateak

a: Miguel Á. Padriñán (Pexels) 2023ko mai. 19a, 14:25

Larrabetzuko eskola-komunitateak eskaera aurkeztu du Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitatean eta Eusko Jaurlaritzan, ikastetxe guztietan psikologoa egon dadin. Eskaeran jaso dutenez, nazioarteko hainbat elkarteek adierazi dituzte ikastetxeetan psikologoa izatearen abantailak: irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuak hobetzea, ikasleen ongizate emozionala sustatzen laguntzea, eskola-giro positiboa eta segurua sortzea, familiaren eta eskolaren arteko harremana sendotzea eta ebaluatzeko eta aldaketak sartzeko prozesuak hobetzea. Larrabetzuko Udalak bat egin du eskaerarekin.

Idazkian azaldu dutenez, gero eta ikasle gehiagok dituzte arazo emozionalak, eta, gainera, gero eta gazteagoak dira. “Ondorioz, eguneroko jardueretan egoera zailak bizi dituzte emozioak eta egoerak kudeatzeko orduan, eta hori oztopoa da jarduerak aurrera emateko”. Euren ustez, ikastetxe guztietan psikologo-zerbitzuak egon beharko luke ikasleekin, irakasleekin eta familiekin lan egiteko, errendimendu akademikoa hobetzeko, jokabide positiboak indartzeko eta ikasle guztien, eta batez ere zailtasun handiak dituztenen, ongizate mentala bermatzeko.

Izan ere, azpimarratu dituzte psikologo-zerbitzuak hainbat onura ekartzen dituela. Onuren artean daude hurrengo hauek: Bigarren Hezkuntzan izaten diren eskola-uzteak prebenitu eta gutxitzen dira; irakaskuntza-estrategiak hobetzen dira, eta hortaz, ikasleen emaitzak; eskola-absentismoa gutxitzen da; eskola-indarkeria, bullyinga eta eskola-jazarpena murrizten dira; jokabide- eta ikaskuntza-arazoak identifikatu eta zuzentzen dira; eta gurasoei garapenari eta estrategiei buruzko ezagutza ematen zaie.

“Osasun mentaleko arazoek eragina dute gure ikasleen pentsamenduan, sentimenduetan eta portaeran, eta arazo emozionalak, funtzionalak eta fisikoek eragin ditzakete. Horregatik, garrantzitsua iruditzen zaigu arazoak prebenitzea eta espezialista kualifikatuekin batera tratatzea, gure ikasleei lagundu ahal izateko eta ondorio larriak saihesteko, epe luzerako tratamenduak ekarri ahal dituztenak”.  Euren ustez, Administrazioak berehalako erantzuna eman behar du. “Premiazkoa da psikologoak ikastetxeetan sartzea, gure ikasleen egoera larriagotu ez dadin, eta euren osasunean, ongizatean, inguruan, hezkuntzan eta etorkizunean eraginik izan ez dezan. Administrazio publikoek erantzuna eman behar diote arazoari; familiek eta irakasleek konponbidearen parte izan behar dute, baina ez erantzuna”. Hori dela eta, eskatu dute ikastetxe guztietan psikologoa egoteko. “Asko dago jokoan”.

Eskaera Larrabetzuko eskola-komunitate osoak sinatu du: klaustroak, Txinpasmendi gurasoen elkarteak, Eskola Kontseiluak eta udalak.

 

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).