Azken urtebetean 12 abere hil dira Larrabetzun, txakurren erasoen ondorioz

a: Estraminea 2023ko eka. 23a, 14:29

Larrabetzuko Udalak deia egin die txakurren jabeei, landan-ingurunean ere animaliak kontrolpean izan ditzaten eta landa-ingurunea bera zein hain dauden abereak errespetatu ditzaten. Izan ere, Estraminea ganaduzaleen elkarteak jakinarazi duenez, azken urtebetean 12 abere hil dira txakurren erasoen ondorioz.

Aspaldiko arazoa bada ere, elkartea duela urtebete hasi da hildako abereen kopurua erregistratzen. “Txakurrak lotuta eramaten dituzte herrigunean, baina pasieran dabiltzala landa-ingurunera ailegatzen direnean askatzen dituzte. Txakurrak abereengana ohituta ez badaude, eurengana joaten dira eta jarraitzen diete. Jolasa da txakurrarentzat, baina abereak estutzen dira eta erasotzat hartzen dute”. Ondorioak latzak dira, elkartearen hitzetan. “Artaldea, esaterako, barreiatzen da eta auskalo buruak non amaitu daitezkeen; trokan, adibidez. Gainera, urte-sasoiaren arabera, okerragoa izan daiteke, zeren eta, azaroan-abenduan emeek ernaldia nahiko aurreratuta dutenez, ardia ez ezik barruko kumea ere galdu baitaiteke. Era berean, txakurrek abereei behin haginka eginda, berriro egiten diete haginka, eta abereak zaurien ondorioz hiltzen dira; eta ez halabeharrez egun berean, baizik eta handik egun gutxira ere bai”.

Nolanahi ere, aurreko lerroetan adierazitakoa ez da abeltzainek aurre egin behar dioten arazo bakarra. “Inguruko etxeetako txakur batzuek egunean denbora-tarte luzea ematen dute kateatuta, eta etxera itzultzen direnean askatzen dituzte jabeek. Txakur horiek leku batetik bestera ibiltzen dira kontrol barik: abereengana hurbiltzen dira eta azaldu berri duguna kasu honetan ere gertatzen da”. Animalien galeraz gainera, txakurren jabeen jarrerak galera materialak ere ekartzen dizkie. “Makila edo pilota hartu, eta txakurrari botatzen diote, horrek hartu dezan. Makila eta pilota horietako asko ez dira jasotzen eta landetan gelditzen dira. Belarra mozten gabiltzala, sega-makinek topo egiten dute pilotekin-eta, eta matxuratu edo apurtzen dira. Bestalde, txakurrek edozein lekutan egiten dute kaka, eta jabeek ez dituzte gorotzak jasotzen. Ondorioz, ezin dugu belar sikua abereei eman, kaka-usaina dela-eta ez dutelako jan nahi”.

Elkarteak gogora ekarri du landetan hesiak ipintzen direla aipatutako kalteak ekiditeko, eta txakurren jabeei eskatu die indarrean dagoen araudia errespetatu dezatela. Horri lotuta, eta udalak gogorarazi duenez, Larrabetzun animaliak edukitzea eta babestea arautzen duen ordenantzaren 10. artikuluak honela dio: arriskutsu izan daitekeen animaliatzat hartuta ez daudenak eta erasoengatik aurrekaririk ez daudenak libre ibili ahalko dira hiriko bide eta leku publikoetan eta eraikin kolektibo guztietako erabilerarako gunetan, beti ere haien jabe edo zaintzaileen kontrol eta ardurapean, sortu ditzaketen kalteen erantzule bakarrak azken horiek izanik.

Estraminea elkarteko kideek aipatu diguten moduan, Larrabetzu asko handitu da azken urteetan eta handitze horrek eragin nabarmena izan du landa-ingurunean. “Hau guztion arazoa da. Begirunez jardun behar dugu, eta ulertu behar dugu abeltzainon egoera zein den. Gure lana ere garrantzitsua da eta ondorioak ditu herrian; esate baterako, paisaia garbi mantentzen laguntzen dugu”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).