Arkeologia-indusketak egingo dituzte Gaztelumendin

a: IƱaki Libano eta Sergio Vega, Edestiaurre elkartearen presidentea eta idazkaria hurrenez hurren. 2023ko uzt. 20a, 14:45

Edestiaurre Arkeologia Elkarteak indusketa-lanak egingo ditu Gaztelumendin, Gerra Zibileko lau metrailadore-kokagunetan hain zuzen ere. Lanak uztailaren 31n hasiko dira eta 2025. urtera arte luzatuko dira. Azaldu dutenez, Gaztelumendikoa da Burdin Hesiko gunerik garrantzitsuenetarikoa, 1937ko ekaineko batailan frankistek hesia bertan hautsi zutelako; hortaz, espero dute leku horretan aztarna arkeologiko inportanteak topatzea, hala nola munizioa, esku-granadak eta obusak.

Iñaki Libano elkartearen presidenteak adierazi duenez, indusketa-lanak lehen kokagunean edo sektorean hasiko dituzte. “Metrailadorea zegoen han eta uste dugu oso hondakin arkeologiko interesgarriak topatuko ditugula. Izan ere, jasotako dokumentazioaren arabera, baliteke metrailadore-kokagunea hesia apurtu zen momentuan bertan suntsitu izana, eta gainera, ziur asko obus batek suntsitu izana”. Bigarren eta hirugarren kokalekuan ere metrailadore-habia zegoen: bigarren kokalekuan dagoena ez dago suntsituta, goiko aldean bonba batek sortutako zuloa duen arren; hirugarren kokalekuko metrailadore-habiari, berriz, goiko aldea falta zaio. “Laugarren kokagunea gurutzea zegoen lekuan dago. Bunker oso-osorik dago bertan oso egoera onean, gainera”.

Esan moduan, indusketa-lanak uztailaren amaieran hasiko dira lehen kokagunean eta aste bi iraungo dute; datorren urtean egingo dira bigarren eta hirugarren kokaguneetan; eta 2025ean, laugarren kokagunean. Aurretik Urdulizen, Barrikan eta Gamiz-Fikan egin dituzte indusketa-lanak, eta Gaztelumendin ere antzeko aztarnak topatzea espero dute, balio arkeologiko handia dutenak. “Batzuk aipatzearren, munizio txekiarra eta frantsesa, bala-zorroak, esku-granadak eta obusak. Gainera, baliteke gorpuzkiak ere topatzea”. Kasu horretan Aranzadi elkartearekin ipiniko lirateke harremanetan.

Lau kokaguneak hurbil daude bata bestetik. Nolanahi ere, mendian prospekzioak egingo dituzte, kokagune gehiago topatuz gero eta Eusko Jaurlaritzako katalogoaren barruan egon ezean, bertan sartu ditzaten. Bestalde, Gaztelumendin egingo diren aurkikuntzak eta Gamiz-Fikan topatutakoak uztartzea espero dute, “Gaztelumendiko sektore horren haustura-une puntualaren eta defentsaren ikerketan; izan ere, sektore hori historikoki oso dokumentatuta egon arren, ez da inoiz sakon ikertu alde arkeologikoan”. Gunea bisita gidatuak egiteko atontzea ere espero dute.

a: Edestiaurre elkarteak Gamizendin egindako arkeologia-indusketak.

Edestiaurre elkarteak egitasmoa hurrengo eragile hauen laguntzarekin egingo du: Larrabetzuko Udala, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundiko Ondare Saila, Gogora Memoriaren Institutua eta Orbela. Era berean, laguntza jasoko dute Karraderan Larrabetzuko elkartetik eta hainbat herritarrengandik. Beste aldetik, indusketa-lantaldea osatuko dute, besteak beste, Bartzelonako eta Kordobako Unibertsitatetako kideek, UNEDeko kideek eta arkeologo profesionalek.  

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).