Ikerketa-lana egiteko, hiru alderdi hartu dira kontuan: lehenengo eta behin, artxibategietatik eta Larrabetzuko biztanleengandik jasotako datuak, aurkikuntza arkeologikoekin eta arkitektonikoekin erkatuko direnak; bigarrenez, testuinguru arkeologikoa, “zeinak ematen baitigu lekua defendatzen zebiltzala gudariek nola jokatu zuten eta zer gertatu zen argazkia”; eta azkenik, topatutako dokumentazio arkitektonikoak, “landaretzak eta hormigoiak estalita 86 urte eman ondoren, berriro agerian dagoena”. Gaztelumendiko lehen metrailadore-kokagunean egindako aurkikuntzak argitaratuko dira Arkeoikuska argitalpenean eta Kobie aldizkarian.
Indusketa-lanak uztailaren amaieran hasi zituzten eta bi aste iraun zuten. Edestiaurre elkartekoekin batera, hainbat larrabetzuarrek parte hartu zuten indusketa-lanetan. Datorren urtean lanak egingo dituzte bigarren eta hirugarren kokagunetan; eta 2025ean, laugarren kokagunean. Azaldu dutenez, Gaztelumendikoa da Burdin Hesiko gunerik garrantzitsuenetarikoa, 1937ko ekaineko batailan frankistek hesia bertan hautsi zutelako; hortaz, espero dute aztarna arkeologiko inportanteak topatzea.