“Komikia da nire bigarren ama-hizkuntza”

Aikor aldizkaria 2023ko urr. 6a, 09:01

Susanna Martín Segarra, komikilaria eta ilustratzailea

Labetik atera berria da Surflaria, Susanna Martínek Uxue Alberdirekin batera egin duen azken lana. Martín katalana da eta duela gutxi etorri da Txorierrira bizi izatera, Larrabetzura hain zuzen ere. Komikilari emankorra da eta 13 urteko ibilbidean 20 lan baino gehiago kaleratu ditu adin-tarte guztientzat. Azkena baliatu dugu berari eta bere lanbideari buruz jakiteko.

Zertan datza Surflaria?

Uxue Alberdik eta biok komiki-saila egin genuen Xabiroi gazteen aldizkarirako, eta lanak liburu bakar batean batu ditugu. Istorioa Zarautzen gertatzen da, surfaren inguruan, eta abiapuntua da pertsona baten desagertzea; oso misteriotsua da. Uxueren umore beltza nabaria da Surflarian, baina nire umore-kutsua ere badago. Izan ere, gidoilari batekin lan egiten denean interpretazioak trukatzen dira: berak ideia bat bidaltzen dizu, zure filtrotik pasatzen duzu, eta beste modu batean itzultzen diozu; hori, hain zuzen, da beste pertsona batekin lan egitearen politena.

Ilustratzaile barik, komikien marrazkilaritzat duzu zure burua.

Aldea dago kontzeptu bien artean. Komikia marrazten duzunean kontatu ere egiten duzu, erabiltzen dituzulako sekuentzialitatea, espazioa, denbora, mugimendua, metafora bisualak, elkarrizketak… Ilustrazioa, aldiz, estatikoa da: kontakizun, ideia edo albiste bati laguntzen dio, baina ez da denbora pasatzen.

Eta noiz erabaki zenuen komikien marrazkilaria izan nahi zenuela?

Komikiak betidanik irakurri eta marraztu ditut, eta gidoiak idatzi: esan ohi dudanez, komikia da nire bigarren ama-hizkuntza. Pirinioetako herrixka batean hazi nintzen, eta garai hartan, gainera, ez zegoen komiki-estudio askorik. Hortaz, edo Ilustrazio eta Margolaritzaren goi-mailako gradua ikasten nuen, eta komikia nire kabuz landu, edo Arte Ederrak ikasten nituen, eta komikia ahaztu. Bada, azkenean Historia ikasi nuen eta lizentziatu nintzenean erabaki nuen Llotjan, Bartzelonako Diseinu eta Arteren Goi Mailako Eskolan, ikastea. Pixkana-pixkanaka nire gustuen araberako karrera diseinatzen hasi nintzen: Ilustrazioa ikasi nuen lehenengo eta behin; eta gero, Pintura. Bukatu nuenean ez zen ezer komikiari lotuta ateratzen, eta «zabor-lan» asko onartu nituen…

Baina komikien mundura ate nagusitik sartu zinen azkenean.

Bloga zabaldu nuen eta bertan nire istorioak argitaratzen hasi nintzen. Irakasle ohi bat nirekin ipini zen harremanetan, eta kontatu zidan bere lagun batek, Isabel Franc idazleak, bularretako minbizia zuela eta gaixotasunaren inguruko lana kaleratzeko asmoa zuela. Isabel eta biok elkartu ginen eta hasieratik feelinga egon zen gure artean: antzeko umorea dugu, eta berak beste ikuspuntu batetik kontatu nahi zuen gaixotasuna: umoretik eta lesbianismotik. Dosierra prestatu genuen eta gustatu zitzaion hura aurkeztu genuen bigarren argitaletxeari, Norma Editorialari, zeina Estatuan eta komiki munduan nahiko inportantea baita. Lan hori Alicia en un mundo real (2010) izan zen, eta, egia esan, itzela izan zen; ezin sinistekoa… Oso momentu egokian kaleratu genuen, nobela grafikoa eta autobiografikoa gorantz zihoalako; gaia ere egokia zen; bi egile ezezagun… Horrela hasi zen nire lan-ibilbidea. 

Harrezkero, lan asko etorri dira, enkarguzkoak zein propioak.

Lanak txandakatuz noa. Beste egile batzuekin lan egitea izugarri gustatzen zait, inoiz pentsatuko ez nituzkeen istorioak, ikuspuntuak… ekartzen dizkidatelako. Era berean, zama nahikoa kentzen da gainetik, irabaziak partekatu behar badira ere. Baina aukera dudanean, neuk idatzitako istorioak jorratzen ditut, ego artistiko hutsagatik: zure ideia landu, irudikatu eta argitaratzea egundokoa da. Dena dela, enkarguzko lanak direnean ere izugarri gustatzen zait dokumentatzea eta ikertzea; suposatzen dut Historia ikasi izanaren eragina dela (kar-kar).

Modu ezberdinean marrazten duzu kasu batean eta bestean?

Bai. Egile askok dugun itxuratiaren sindromearekin zerikusia izango du, beharbada: ez naiz nire konfort-eremutik aterako, lan honetarako estilo konkretu bat dudalako deitu didate eta. Egia da bilakaera izaten dudala, baina estilo konkretu horren baitan: adibidez, hasi nintzenean oso estilo naifa nuen, baina gero estilo figuratiboagoa landu nuen, eta denborak aurrera egin ahala biak nahastu ditut. Nire proiektuak direnean, berriz, gehiago esperimentatzen naiz teknikarekin –akuarelak, arkatza…–, narrazioarekin… Izan ere, «hil» behar bada, bakarrik hilko naiz (kar-kar).

Egitasmo kolektiboetan ere hartu duzu parte; gustura?

Gustatzen zait, beste egile batzuk ezagutzeko modua delako. Gainera, miresten dituzun egileekin lan egiteko aukera izanez gero, bada, itzela da! Adibidez, nik asko miresten dut Miguel Gallardo, eta proiektu batean berarekin lan egiteko aukera izan nuen. Era berean, polita da istorio berari buruz hainbat ikuspegi azaltzea.

Batzuk kexu agertu zarete industriak presionatzen zaituztelako egile osoak izateko.

Termino itsusi-itsusia da hori, badirudielako beste egile batekin elkarlanean bazabiltza egile osatugabea zarela. Indibidualismoaren aldeko presio handia dago eta ez da talde-lana aintzat hartzen. Industria editorialaren eta kulturalaren krisialdiarekin batera etorri zen nobela grafikoaren susperraldia, baina, nire ustez, lanbidea prekarizatu baino ez da egin: asko eskatzen dizute –batez ere Espainiako estatuan, industria ahulagoa da eta–, egile «osoa» izan zaitezela, teknika handia izan dezazula…; eta sekulakoa izango balitz bezala, autore-komikigintzari buruz hitz egiten dute, sortzeko askatasunari buruz, komikigintza alternatiboa dela… Baina errealitatea da oso gutxi ordaintzen dutela eta salmentak ere urriak direla. Urtero argitaratzera ere bultzatzen zaituzte: niri esan didate gutxienez bi urterik behin lanik kaleratu ezean jendea nirekin ahaztuko dela. Presio handia dago.

Ukitu sozial handia dago zure lanean: feminismoa, migrazioa, LGTBI+ kolektiboa… Zein da zure ekarpena?

Lehen lanaren ostean, oso ukitu sozial handiko enkarguzko lanak etorri zitzaizkidan argitaletxe eta gobernuzko kanpoko erakundeetatik. Bigarren lana, Sonrisas de Bombay (2012), enkargatu zidatenean, argitaletxeak esan zidan sentsibilitate berezia nuela, istorio sozialak baino, haietako protagonistak irudikatzeko. Egia da lan guztietan asko konprometitzen naizela eta pertsonaia batek edo bik «nire zerbait» dutela: hori da nire arrastoa. Bestalde, Zehar Euskadik eskatu zidan Honduraseko eta El Salvadorreko LGTBI pertsonei buruzko nobela grafikoa egitea, Alde egin edo hil (2021), eta elkarrizketak ere egin behar izan nituen… Asko inplikatu nintzen, eta sufritu ere egin nuen… Konturatu nintzen lana amaituta egilea beste zeregin batean nahasten dela, baina pertsona horiek euren trauma edo bizipena behin eta berriro kontatzen dietela gobernuz kanpoko erakundeei, libururik idatzi nahi dutenei… Lanetan kritika soziala egiten ere ahalegintzen naiz.

Badago oraindik kontatu ez duzun eta kontatzea gustatuko litzaizukeen istoriorik?

Bai, baina ez dizuet esango, superstiziosoa naiz eta (kar-kar).

Hamahiru urteko ibilbidean batez beste bi lan kaleratu dituzu urtean; baten bat azpimarratuko zenuke?

Annemarie (2019). Suitzako Annemarie Schwarzenbach (1908-1942) erreportariari buruzko nobela grafikoa da eta oso erditze korapilatsua izan zen: zortzi urte eman nituen hura marrazteko eta kaleratzeko. Hala ere, askoz denbora gehiago eman nuen berari buruz irakurtzen… Guztira 15 urte izan ziren, beharbada.

Nolako marrazkilaria zara?

Figuratiboa, linea erabiltzen duena, nahiz eta linea apurtzea gustatzen zaidan… Ertzak ikusi daitezela gustatzen zait, baina haiek ez amaitzeko joera dut… Behin koloreztatu zidaten eta kolorista flipatu zen, ez zekielako siluetak noiz amaitzen ziren… Estilo narratiboari dagokionez, Europakoak, Nouvelle Bande Dessinée, du nigan eragina: teknika espresiboagoa erabiltzea eta ertzak, binetak… apurtzea du ezaugarri. 

Duela 10 urte Autoras de Cómic kolektiboa sortu zen; partaideetako bat zara.

Emakume egileei agerikotasun handiagoa emateko sortu zen; hitzaldietan, sarietan… egoteko. Izan ere, nobela grafikaren, mangaren… harira emakume egileen boom itzela egon zen, eta ohiko komikietatik haratago joaten zen iruditeria berria sortu zen. Orduan, emakume eta transexualen, ez-binarioen… kolektiboko pertsona asko hasi ziren komikiak marrazten. Hala ere, gizonek jarraitzen zuten, eta jarraitzen dute, komikiaren mundua zuzentzen… Egia da harrezkero gauzak aldatu direla, baina oraindik ere kexaka ibili behar duzu, edo ukondokadaka, ikusi zaitzaten. Zarata egiteaz gainera, kolektiboak balio zuen elkar ezagutzeko, biltzeko, gure lana ezagutzeko… Eta guztioi gauza berberak gertatzen zitzaizkigula ikusteko; adibidez, emakumea izateagatik etorkortasunez tratatzea… Niri duela gutxi ere esan didate: «A, hau zuk marraztu duzu?».   

Nola dago sektorea?

Estatuan, lan handia egon da pandemiaren ostean, eta Komikiaren Sektoriala ere sortu da, Kultura Ministerioari eskatzeko, besteak beste, dirulaguntza gehiago egon dadila eta deialdietan-eta komiki hitza gainerako ogibideak bezala erabiltzeko; hau da, komiki hitza ere herriaren arlo artistikoaren eta kulturalaren parte izatea. Izan ere, askotan, dirulaguntzen deialdietan komikigintza berez aipatzen ez denez, aztertzen ibili behar dugu proiektuak zerekin bat etorri daitezkeen, eta zerekin ez. Halaber, liburuen salmenta-eskubideetatik datozen portzentajeak ere zuzen banatzeko eskatzen dugu. Beste aldetik, bekak, sariak… berpiztuz joan dira pixkanaka-pixkanaka. Azkuna Zentroak, esate baterako, beka ematen du Anguleman, komikiaren Europako gunean, erresidentzia egiteko, eta Eusko Jaurlaritzak ere dirulaguntza ematen du sortze grafikorako. Oso ondo dago hori, komikia kaleratzeak atzean hilabete askoko lana duelako, eta beste lan batekin uztartu behar baduzu, zaila da liburua modu egokian plazaratzea, kalitateari eustea…

Beste lan batekin uztartzen duzu zuk komikigintza?

Bai, komiki- eta ilustrazio-eskolak ematen ditut, eta ilustrazioak egiten ditut aldizkarietarako, liburuen portadetarako…

Zein proiektu duzu esku artean?

Ulrike Meinhofi buruzko lana enkargatu dit argitaletxe batek; Meinhof Armada Gorriaren Frakzioko (RAF) buruetako bat izan zen. Gidoilari ere banabil proiektuan, eta pertsonaiak zein bere atzean dagoen istorioak erabat liluratuta naukate: RAF zergatik sortu, haren nondik norakoak, kartzela…

 

Hurbiletik

(Bartzelona, 1976). Susanna Martín Segarra Pirinioetako herri txiki batean hazi zen, eta horregatik, beharbada, ez da harritzekoa Larrabetzu aukeratu izana bere umea hazteko. Euskal Herrira duela zortzi urte etorri zen, bikotekidea berton zuelako; eta Larrabetzura, orain dela lau urte. “Argi nuen umea herri txiki batean hazi nahi nuela; nahiz eta nerabea nintzela herrixka batean bizi izatea gorrotatzen nuen… (kar-kar). Hala ere, uste dut, neurri batean, herri txiki batean hazi nintzelako hain zuzen naizela naizen bezalakoa; nire izaerak horrekin du zerikusia”. Hizkuntzak eta inguruak ere konbentzitu zuten. “Herri euskalduna da, eskolak ospe ona du, jantokiak ere bai… Hasieran arraroa izan zen, Larrabetzura etorri eta pandemia hasi zelako, baina gero ondo… Oso herri atsegina da”. Bera ere animatu da euskara ikastera. “Hor nabil, B1ekin… Ondo (kar-kar)”.   

Lan-ibilbide oparoa du Martínek, kutsu sozial handia duena, eta hari esker lekua egin du komikigintzan. Elkarrizketan aipatutakoez gainera, bere lanen artean azpimarratu daitezke Gaza Amal: Historietas de mujeres valientes en la Franja de Gaza (2016), Tipi Tapa (2017), Residencia de Estudiantes (2019), eta Black is beltza II: Ainhoa (2022).

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).