“Sortzea eta disfrutatzea gustatzen zait, presa barik”

Aikor aldizkaria 2023ko urr. 31a, 10:30

Idoia Andres Granado, joskina eta sortzailea

Hamalau urte zituela amari esan zion josten ikasi nahi zuela. Non ikasi topatu, eta zenbait urtean oihalen eta harien artean ibili ostean, zaletasuna alde batera utzi zuen. Hala ere, duela 23 urte Barakaldotik Larrabetzura etorri zen, eta patchwork ikastaroan eman zuen izena. Josteko grina berriro piztu zitzaion, eta josteko makina xumea erosi zuen bere ekoizpen txikia egiten hasteko. Makina hori txiki gelditu zitzaion laster, eta hobea zen beste bat jaso zuen opari. Makina horretatik eta sortze-prozesu sakon batetik lagun eta ezagunen artean modan ipini diren hainbat osagarri ateratzen dira, hala nola, nezeserrak, poltsoak, karterak, zorroak, motxilatxoak eta umeentzako kubo sentsorialak. 

“Halakoak egiten ditut, alde batetik, lasaitasuna ekartzen didalako, eta bestetik, sortzeko beharra askatu behar dudalako. Josteaz gainera, asko gustatzen zait oihalak zertarako erabili eta euren artean nola uztartu pentsatzea. Baina batez ere terapia da niretzat: eskuekin lan egitea oso gomendagarria da, burua entretenituta izaten delako eta norberaren lanak estimatzen direla ikustea polita delako”. Hasieran, berarentzat eta senide eta lagunentzat sortzen zituen osagarriak, baina duela pare bat urte herriko denda batean atondutako azoka txikian hartu zuen parte, eta bere lana ahoz aho zabalduz joan zen. “Egia da harrezkero pertsona gehiagok eskatu didatela hau edo bestea egiteko; hala ere, ezagunen arteko kontua da: niri sortzea eta disfrutatzea gustatzen zait, presa barik. Gainera, proiektu bakoitzari aurpegia ipintzen diot; hau da, osagarria eramango duen pertsonarengan pentsatzen dut: zer gustatzen zaion eta abar”.

“Osagarriak egiteak lasaitasuna ekartzen dit, eta sortzeko beharra askatzen lagundu”

Oihalen zale amorratua da eta liluratzen dute haiei buruz ikertzeak eta material ezberdinekin jolasteak. “Adibidez, material iragazgaitza da softshell-a eta okurritu zitzaidan erabili ahal nuela hondartzarako poltsoak eta karterak egiteko. Edo gobelinoa, tapizatzeko erabiltzen dena; bada, beste erabilera bat topatu diot horri eta hiru dimentsioko oihalarekin uztartu dut tote bag bat sortzeko”. Oihal-mota guztiak maitatzen dituen arren, japoniarrak dira bere kutunak. “Berezi-bereziak dira: ehundura, kalitatea, irudiak…”. Oihalak, hariak eta apaingarriak inguruko mertzerietan erosten ahalegintzen da, baina bidaiak ere baliatzen ditu material eta oihal berriak deskubritu eta erosteko. “Joaten naizen lekura joaten naizela, oihal-dendak non dauden begiratu, eta beti erosten dut zerbait. Webguneetan ere arakatzen dut, eta azoketara joaten naiz txartelak-eta hartzera eta kuxkuxeatzera; oihal berriak topatzen ditut, eta haiei lotutako proiektuak ezagutu”.

Esklusibitatea

Gehienbat nahiago du kotoizko artikuluak josi. “Umeentzako gauzak egiten ditudanean ere garrantzi handia ematen diot oihala % 100 kotoia izateari eta produktu kaltegarririk ez izateari. Era berean, asko zaintzen ditut apaingarriak eta beti aukeratzen ditut umetxoek lasai asko erabili ahal dituztenak”. Bere sortze-lanak kolorez betetzea ere maite du. “Edadeko pertsona batentzako zerbait egin behar dudanean, apur bat gehiago kostatzen zait; hala ere, beti topatzen dut diseinua-eta nola egin”. Lagunentzat ez ezik bere buruarentzat ere sortzen ditu hainbat osagarri. “Oihal guztiak aprobetxatzea gustatzen zait; txiki-txikiak direnak ere… Beti topatzen dut zertan erabili. Gauza berriak ikastea ere gustatzen zait, hau edo bestea nola egin pentsatu, tutorialak ikusi…”.

“Oihal guztiak aprobetxatzea gustatzen zait; txiki-txikiak direnak ere… Beti topatzen dut zertan erabili”

Sortze-lan guztiak arduraz apuntatzen ditu koadernoan: bakoitzaren argazkia, erabilitako materialak, neurriak… Gainera, oihalei buruzko xehetasunak idazten ditu beste koaderno batean: oihala non erosi zuen, horren prezioa eta ezaugarriak… Lan zehatz horren aurretik sortze-prozesu zaindua dago. “Egia esan, ez dut denbora luzerik josten ematen; lan handiagoa ekartzen didana da proiektuari nola helduko diodan pentsatzea… Horri lotuta, aipatu beharra dago nire lan guztiak ezberdinak direla: ez dut bi osagarri berdin egiten; bakoitza bakarra da, tamaina ezberdinekoa delako, oihalak modu diferentean konbinatu ditudalako, barruko forrua ezberdina delako, botoi berezia duelako…”. Esklusibotasun hori hain zuen ere estimatzen dute bere osagarriak erabiltzen dituztenek. “Azken batean, opari originala da, eskuz eginda, bakarra eta kalitateko materialak erabilita egin duena… Nire zaletasunak oso harrera ona eduki du eta jendeari zure lana gustatzea pozgarria da oso”.      

“Nire lan guztiak bakarrak dira eta beti dute bereizten duten zerbait: tamaina, apaingarria, barruko forroa…”

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).