Egia da instituzioek euren ekarpena egin dutela hezkuntzan, osasunean eta hainbat erakundetan euskararen erabilera derrigortzean, baina ezin dugu ahaztu lehen urratsak guraso erdaldunek egin zituztela, seme-alabek euskaraz hitz egitea nahi zutenek; euskaldunek ez zioten ezta euren buruari ere proposatzen, hizkuntza ezagutzen zutelako, nahiz eta… Ez da nahikoa instituzioak politika-arloan eta epaitegietan borrokan ibiltzea, kultura euskalduna orokorrean babesten ez badute. Herri txikia gara, mila aldiz indartsuagoak diren bi herriren artean kokatuta, eta horregatik, kultura da bizirauteko dugun bide bakarra; gure kultura ez da haiena baino hobea edo txarragoa, gurea baizik.
Ezer gutxirako balio du legeak eta arauak egiteak, mantentzea hainbeste esfortzu kostatu eta kostatzen den kultura-sarea aintzat hartzen ez bada; idazleek, musikariek, pintoreek, aktoreek, zinemagileek eta artistek kultura-arduradunen aldetik babes txikiena ere jasotzen ez badute; kultura-arduradunei, bestalde, ahoa betetzen zaie haien lorpenei buruz hitz egiten dutenean, eta gure kultura kosta ahala kosta zabaltzen tematu diren dozenaka sortzailerenak alde batera uzten dituzte. Polita da argazkian ateratzea, baina askoz politagoa izango litzateke, sortzaile horien lanari diruz lagunduko baliote eta liburuen aurkezpen eta azoketan, musika- eta antzerki-ikuskizunetan, zine-emanaldietan eta abarretan azalduko balira. Baten bat noizean behin, oso noizean behin, agertzen da, baina orokorrean desagertuta daude eta artista batzuk baino ez dituzte aintzat hartzen, aurretik gure lurraldetik kanpo aintzat hartu badituzte.