Auzokideak elkarteko kideak dira Maite Bilbao eta Marijo Ugalde eta euren ahotik ezagutu ditugu energia berriztagarrien komunitatea sortzeko proiektuaren gakoak. “Hainbat krisi izan dira azken urteotan, eta energia-krisia da, hain zuzen, arazorik eta ezberdintasunik handienak ekartzen dituztenetako bat, zeren energia prezioak ezartzen dituzten korporazio handien esku baitago. Horregatik, eta gaur egungo legeek energia-komunitateak sortzea ahalbidetzen dutela ikusita, Larrabetzun energia berriztagarrien komunitatea sortzeko gogoa adierazi dugu. Parte hartzeko ikuspuntu batetik sortu nahi dugu, komunitatearen partaideok gure energia sortu eta kudeatu dezagun. Uste dugu modu hori demokratikoagoa dela, jendea ahalduntzen duela eta gure baliabideen jabe egiten gaituela”.
Azaldu moduan, komunitate energetiko bat da entitate juridiko bat eta bere kideek, euren energia-beharrizanak asetzeko, energia berriztagarriak sortu, erabili eta kudeatzen dituzte. Dagoeneko 60 larrabetzuarrek adierazi dute proiektuarekiko interesa. “Nolanahi ere, prozesu luzea izango dela aurreikusten dugu, eta prozesuan nahi duenak egin ahalko du egitasmoarekin bat. Gainera, komunitatea herritarrei ez ezik, herriko establezimenduei eta industrialdeetako enpresei ere zabalik dago, helburua baita egitasmoa herriko bizitza sozial eta ekonomiko osora zabaltzea. Baldintza bakarra fisikoa da: energia sortzen den tokitik 2,5 kilometro ingurura egon behar da”.
Energia berriztagarriek aukera-sorta zabala eskaintzen du. “Energia eolikoa izan daiteke, hidroelektrikoa, fotovoltaikoa, biomasa… Nolanahi ere, guk lehenengo eta behin aztertu behar dugu herrian dauden baliabideak zeintzuk diren, ibaia, haizea…, eta horren arabera, gizarte-, ekonomia- eta ekologia-ikuspuntu batetik aukerarik egingarriena hautatu”.
Tailerrak
Lehenengo urratsak egiteko, Goiener kooperatibaren aholkuak jaso dituzte, eta Lea Ibarran eta Elorrion martxan ipinitako esperientziak ezagutu dituzte. Era berean, hainbat tailer antolatu dituzte energiari eta energia berriztagarrien komunitateei lotutako hainbat kontu argitzeko eta ezagutzeko; tailer batzuk eginda dituzte jada, eta beste batzuk datozen hilabeteetan egingo dira. “Talde sortzailea eratu da eta bere baitan beste hiru talde sortuko dira: talde teknikoa, komunitatearen egitura aztertuko duen taldea eta komunikazio-taldea. Komunitateko kideek parte hartu ahalko dute taldeetan, eta hori bermatzeko eta guztiok zertaz ari garen ondo ulertzeko, hain zuzen, antolatu dira tailerrak”. Horrezaz gainera, beste herri batzuetako esperientziak ezagutzen jarraitzeko asmoa dute.
Komunitatea martxan ipintzeko, alderdi ekonomikoa ere aztertu beharko dute. “Badakigu Europako funtsak eta dirulaguntzak daudela, eta momentua ailegatzen denean ikusiko dugu horri nola heldu. Dena dela, argi dugu ez dugula nahi arrazoi ekonomikoengatik jendea beldurtzea eta egitasmotik kanpo gelditzea”. Egitasmoak Larrabetzuko Udalaren laguntza eta babesa jaso du.
Onurak
Energia berriztagarrien komunitateak onura asko dakartza, euren esanetan. “Energia-kontsumoa murriztu ahal dugu, eta energia arrazoizko eran kontsumitu. Gainera, besteak beste, efikazia- eta kontzientziazio-neurriak hartzen baditugu, gure faktura hobetuko da. Energia berriztagarrien komunitateak, bestalde, energia-subiranotasuna bultzatzen du, baita tokiko ekonomia ere. Sortzen eta kontsumitzen dena kontrolatzen da, eta tokiko baliabideak erabiltzen dira. Era berean, gizarte-kohesio handiagoa sustatzen da, eta autogestio berdin-zaleago bat, izan ere, inork energia-pobretasuna jasaten badu, komunitateak erantzuna ematen dio egoera horri eta kideak babesten ditu”.
Horregatik, Txorierriko gainerako herrietan energia berriztagarrien komunitateak bultzatzera animatu nahi dituzte txorierritarrak.