“Pelikula batek beste pelikula bat ekarriko dizu beti”

Aikor aldizkaria 2024ko mai. 3a, 12:45

a: Aitor Remirez

Aitor Remirez Loza - Videoassist-a

Hogeita bederatzi urteko larrabetzuarrak azken urteetako pelikularik eta telesailik garrantzitsuenetako batzuetan hartu du parte. Bere lana ezinbestekoa da, zuzendariek-eta grabazioak aztertzeko eta pantailan ikusten duguna egokia eta akatsik gabekoa izateko.

Zein da videoassist-aren lana?

Bideo-teknikaria naiz, edo bideo-laguntzailea. Filmazio batean, kamera grabazio-eremuan izaten da; eta telesailaren edo pelikularen zuzendaria eta departamenduetako zuzendariak eta laguntzaileak, combo esaten zaion eremuan. Zuzendariak eta departamenduetako arduradunek azkar-azkar ikusi behar dute kamerak zer grabatu duen, eta nire lana da kamerak grabatutakoa oso modu azkarrean hainbat monitoretara bidaltzea, egindako lana aztertu dezaten: aktoreek ondo egin duten, soinuarekin asmatu den…; berariazko ekipamendua erabiltzen da horretarako. Entseguak ere grabatzen ditut, akatsak zuzendu ahal izateko; edo eskatzen didaten grabazioaren sekuentzia bat ipintzeko, edo haren zati bat…

Hortaz, kamera-departamentuko lan- postua izan arren, harreman handia duzu gainerako departamentuekin.

Bai. Zuzendariak, esaterako, aktoreen mugimenduak ikusi nahi izaten ditu; arte-departamentukoak, atrezzoa ondo dagoen edo mugitu den; argazki-zuzendariak, argia egokia den; soinukoak, pertika hartualdian sartu den…

Nola ailegatu zinen ikus-entzunezko mundura?

Betidanik gustatu izan zait grabatzen ibiltzea: nahiko gaztetxoa nintzela hasi nintzen skate egiten eta lagunok elkar grabatzen genuen zelan ibiltzen ginen ikusteko. Ikus-entzunezkoek atentzioa ematen zidatenez, erabaki nuen batxilergoa amaituta goi-mailako ziklo bat egitea: ikus-entzunezko, ikuskizun eta ekitaldien ekoizpena; eta hori amaituta, beste goi-mailako ziklo bat: argiztapena eta irudia hartzea eta tratatzea.

Zein proiektu-motatan ibiltzen zara?

Iragarkiren bat grabatu arren, pelikuletan eta telesailetan ibiltzen naiz normalean. Esaterako, El árbol de la sangre, El bus de la vida eta No puedo vivir sin tí pelikuletan hartu dut parte, eta La línea invisible, Madres eta Intimidad telesailetan…

Baten bat berezia da zuretzat?

Bada, ez dut inoiz ahaztuko lanean ibili nintzen lehenengo pelikula: Igor Legarretaren Cuando dejes de quererme. Ekoizpen-bekadun ibili nintzen bertan, eta oso pelikula inportantea da niretzat, lan-ibilbidea hantxe hasi nuelako. Beste egitasmo inportante bat da Antidisturbios telesaila, horretan hasi bainintzen nire burua gaur egungo lanpostuan trebatzen. Gainera, oso egitasmo ikusgarria eta interesgarria izan zen, maila tekniko handikoa, eta oso gauza politak grabatu genituen.

Adibidez?

Sekuentzia batzuk hiruzpalau egunean entseatzen ibili ginen, eta bosgarrenean grabatu genituen. Oso plano zailak izan ziren, figurante asko zeudelako, borrokak, piroteknia… Gainera, kamerak oso ibilbide luzeak egin behar zituen grabatzeko, eta kameralariak patinete elektriko baten antzeko ibilgailu batean ibili behar izan zuen denbora osoan. Halako lanetan aditua den enpresa bat kontratatu zen; bestela, ezinezkoa izango zen grabatzen ari zena denbora osoan ikustea.

“Pelikula bat filmatzeak zazpi aste iraun ohi du; 11 orduko lanaldia egiten da astelehenetik barikura”

Nola lortu duzu horietan parte hartzea?

Lan asko kontaktuen bidez lortzen da. Lehen pelikulan egin nituen kontaktuengatik ez balitz, ziur asko ez nintzateke gaur nagoen lekuan egongo. Esaten denez, pelikula batek beste pelikula bat ekarriko dizu beti, eta minimo batzuk eta lan-dinamika barneratzen baduzu eta lan egiteko gogotsu bazabiltza, lana izango duzu.

Beharrezkoa da etengabeko birziklapena?

Ekipo teknologikoak erabiltzen ditugu lanean, eta teknologia etengabe dabil berritzen. Horregatik, garrantzitsua da nork bere kabuz trebakuntza-ikastaroak egitea.

Zeintzuk dira zure lanaren alde onak?

Bada, jende asko, hainbat lekutakoak, ezagutzeko aukera dut, eta oporraldi txikiak izaten ditut proiektuen artean; hala ere, azken hori txarra ere izan daiteke, oporraldi luzeegiak bihurtzeko arriskua dago eta. Beste alde on bat da artisten erregimenean kotizatzen dugula: lan egindako egun bakoitzak balio apur bat handiagoa du eta, langabezia-saria kobratzeko, ez dugu hainbeste egun lan egin behar.

Eta txarrak?

Filmatzeak oso trinkoak direla, esaterako. Salbuespenak salbuespen, pelikula bat filmatzeak zazpi aste iraun ohi du, eta astelehenetik barikura, eta batzuetan zapatuetan ere, 11 orduko lanaldia egiten da. Hortaz, denbora gutxi dugu aisialdirako. Gainera, ordu asko ematen ditugu pertsona berberekin eta lehen egunean jatorra dena bigarren egunean ez da hain jator, beharbada (kar-kar). Eta soldata, beti nahi dugu apur bat gehiago.

Zeintzuk dira zure lan-helburuak?

Nahiz eta batzuetan gogorra izan, oso pozik nago videoassist moduan lanean. Lehen esan dudanez, askotan izaten naiz pelikula edo telesailen sormen-departamentuetako langileen ondoan, eta hori asko gustatzen zait, lana zelan egiten duten ikusten dudalako; oso aberasgarria da niretzat.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).