Izar Argia abesbatzaren kideak pozik baino pozago azaldu dira Belgikan izandako esperientziarekin. “Oso positiboa izan da neska-mutilentzat: elkarrekin bizi izan dira eta gehiago ezagutu dute elkar; gauza asko egiteko eta ikasten jarraitzeko gogoa dute. Gainera, ikusi dute gure maila eta Europako beste abesbatza batzuen maila parekoak direla, eta horrek konfiantza ekarri die koru-kantuan aurrera egiten jarraitzeko”. Larrabetzukoek domekan abestu zuten hurrengo errepertorio hau: Itsasoa gara (Ken Zazpi), Lela (Carlos Nuñez), Ixil-ixilik (herrikoia) eta Pickled Peppers (Els Mathiks).
Azaldu duten moduan, jaialdian parte hartzea erabaki zuten, “talde korala sendotzeko eta zaletasun bera duten beste gazte batzuk ezagutzeko aukera zelako”. Belgikara joan ahal izateko, laguntza jaso dute Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailetik. Lehiaketan ez ezik, hainbat tailerretan ibili ziren Europako beste abesbatza batzuetako gazteekin batera, hala nola ahots-, erritmo- eta opera-tailerretan.
Izar Argia abesbatza 1995. urtean sortu zen, Musika Eskolako kantu-irakasgai moduan. “Abesbatza-kultura nabaria da Euskal Herrian, eta gazteek ohiturari eusten diote. Gaur egun, 30 partaide inguru dira, 10 urtetik 18 urtera bitartekoak. “Ez dago baldintzarik gure abesbatzan parte hartzeko; gogoa eta ikasteko motibazioa baino ez da behar”. Entseguak eta kontzertuak batez ere Derion, Lezaman eta Larrabetzun egiten dituzte, Txorierritik kanpo ere kontzertuak egin dituzten arren, adibidez, Sopelan, Muskizen eta Bilbon. Iaz, Fair Saturday ekitaldian hartu zuten parte. “Sei emanaldi egiten ditu urtean: Gabonetan, Maiatza Musikalean eta ikasturte-amaieran egiten ditugu”. Abesbatzaren partaidea nahi izanez gero, 638 707 201 telefono-zenbakira deitu daiteke. Interneten eta gizarte-sareetan jarraitzeko: www.izarargia.com, @izar_argia_abesbatza (Instagram) eta Izar Argia Abesbatza (YouTube).