“Pantaila eta mugikorren gaiak bereziki kezkatzen gaitu, denbora luzean egoten baitira pantaila baten aurrean, bai eskolan, bai eskolatik kanpo”, azaldu dute. “Mugikorren kasuan, gainera, umeek hura gero eta lehenago izateko joera dago, eta kezkatuta gabiltza. Alde batetik, ez daudelako prest horrelako tresna bat erabiltzeko, erabileraren denbora kudeatzeko, sareetan ibiltzeko, WhatsApp erabiltzeko…; eta bestetik, ondorio kaltegarriak dituelako. Nolanahi ere, kezkagarriena hau da, gure ustez: mugikorrean aurrean daudela, beste gauza, ekintza edota jolas batzuk egiteari uzten diote, baita harremanak izateari ere”.
Horregatik, guraso-taldeak erabaki du umeei mugikorra emateko joera baztertzea eta hausnarketa bultzatzea, adin eta modu egokiak topatuz joateko. “Gainera, lagun-taldean bat eginez gero eta mugikorrik ez badago, ez dute telefonoaren beharrik sentituko eta, ondorioz, haurtzaro eta nerabezaro osasuntsuagoak eta zoriontsuagoak izango dituzte”. Eztabaida bizia sortzen duen gaia da umeei eta gaztetxoei lehen mugikorra noiz eman edo oparitu. Aditu gehienen iritziz, 16 urtera arte itxarotea egokia da. “Guraso moduan, beharbada, ez dugu lortuko adin horretara arte itxarotea; hortaz, galdetegi bat zabaldu dugu gure artean eta adostu dugu Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) lehen maila mugikor barik hasiko dutela. Konpromisoa berrikusiz joango gara, hurrengo pausuak egiten jarraitzeko”.
Gaia sakontzeko, adituak gonbidatu zituzten hitzaldia egitera. “Miren Rosek egindakoa oso arrakastatsua izan zen, eta bertan batu ginenok talde eragilea sortu genuen. Hortik abiatuta, urte bereko umeak dituzten familiekin batu ginen honen inguruan aritzeko. Kezkak, proposamenak eta ekarpenak jaso, eta hurrengo helburu hauek finkatu genituen: mugikorra umetan ematearen joera baztertzea eta ahalik eta adin egokienean ematea, Txorierriko gurasoen elkarteei gure asmoen berri ematea, eta haurrek eta familiek elkarrekin trebakuntza jasotzea, mugikorren erabilera murrizteko, erabilera egokia sustatzeko eta ikuspuntu guztiak aintzat hartzeko”. Altza Burua Larrabetzu egitasmoaren sustatzaileen esanetan, ekimena nahiko partaidetza ona izaten ari da. “Beste herri batzuetako egitasmoak ezagutzera eman genituen, eta ea Larrabetzun halakorik sustatu genezaken aztertu genuen; horrela ipini dugu abian Altxa Burua Larrabetzu egitasmoa. Argi dago gaiak gure inguruan kezka sortzen duela”.