Kooperatibaren filosofia ere azpimarratu dute. “Alde batetik, izena du: energia berriztagarriak. Bizi dugun klima-larrialdia eta erregai fosilekiko menpekotasuna ikusita, eta horren eraginez herri aberatsak txiro bihurtzen gabiltzala kontuan hartuta, pentsatzen dugu energia berriztagarrien erabilpena urgentea eta ezinbestekoa dela. Baina trantsizio energetikoa ez da bakarrik entxufea erregai fosiletatik kendu eta energia berriztagarrietan sartzea; haratago doa eta, bide batez, desazkundeaz ere egin beharko dugu berba. Bestetik, abizena du: komunitatea. Definizioak dioenez, elkartasunez, interes komunak eta gutxi gorabehera ikuspegi bateratuak dituen gizatalde txikia da komunitatea, guneak eta denborak partekatzen dituena”. Elkartearen esanetan, gaur egungo eredua “enpresa handien menpekotasunean egotea da eta ekonomia zentralizatu eta desparekatu batean oinarrituta dago”. Euren ustez, “komunitateak arazo horiek guztiak konponduko ditu eta beste eredu energetiko batzuk konpontzeko bidean ipiniko ditu”.
Azaldu duten moduan, eredu honek onura ekonomiko, sozial eta ekologiko asko ditu: “ziurtasun energetikoa bermatzea, pobrezia energetiko saihestea, baliabide energetikoek sortzen dituzten etekin ekonomikoak kideen artean banatzea… Eta ondorioz, energia-kostua jaistea. Egitasmo honen bitartez gure lurra zainduko dugu, baina sozialki ondare paregabea izan daiteke gure ondorengoentzat. Ez dugu sistema irauliko, baina olatua gara”. Energia berriztagarrien kooperatibaren izena, Larraola, lotu dute Euskal Herrian egon den tradizio batekin. “Arraola, Mantxola, Gordexola, Urdinola… Euskal Herri osoa zeharkatzen duten izenak dira horiek, eta Larrabetzun ere baditugu: Sarrikola, Olatxu, Goikola… Olak Erdi Aroan sortutako lantegiak dira, eta gure mendietan ere burdinola edo haizeola ugari izan dira”.
Produkzio-guneak ziren olak. “Sarritan proiektu komunalak ziren, eta leku askotan azpimarratzen da emakumeen parte-hartze aktiboa. Guk ere gure zati txiki bat aldarrikatuko dugu gure herriaren historian, modu xumean eta apaltasunez. Ola bat sortu nahi dugu: komunitarioa, elkarlanean oinarrituta, energia berriztagarriak erabiliko dituena eta autonomoa izango dena; Larrabetzuko lantegi solidarioa eta autonomoa”.