“Memoria-ariketa dago liburuan”

Aikor aldizkaria 2024ko eka. 14a, 11:35

Gotzon Barandiaran – Idazlea

Larrabetzuarrak bere hirugarren poesia-liburua kaleratu du: Galbahea. Bertan bere belaunaldiari hitz egiten dio, mahai gainean hainbat gai ipinita, hala nola maitasuna, elkarbizitzarako baldintzak, isilean errepikatutakoak, hildako deserosoak eta kultura baten nekea. Hitzen zentzua eta bizitzaren zantzua berreskuratzeko, letrazko galbahe bat eraiki du.

Liburuaren ardatza maitasuna da.

Esango nuke ia nire literatura osoa maitasunaren ingurukoa dela. Maitasuna, bere zentzu zabalean ulertuta: pertsonen arteko maitasuna, hizkuntzarekiko, kulturgintzarekiko, herriarekiko… maitasuna. Liburu honetan galbahe-lana egin dut, eta denbora asko eman dut horretan; hortaz, inoiz baino gehiago konturatu naiz eskuartean ditudan ekimen gehienetan eta harremanetan maitasuna dela nire abiapuntua eta garra pizten didana.

Zer izan da galbahe-lan hori?

Durangoko azoka batean, idazle batzuk izan ginen solasaldian eta esan genuen gertatu zenari buruz idatzi behar genuela, bakoitzak zelan bizi izan zuen kontatu. Izan ere, batez ere espainolek euren ikuspuntutik egindako kontakizuna zegoen, zeinetan oso kolektibo handi bati gizatasuna kentzea bilatzen zuten. Urteak pasatu dira, eta konturatu naiz ez garela sasoi hari buruz edo sasoi hark utzitako aje emozionalari eta intelektualari buruz idazten ari. Orduan, erabaki nuen horri buruzko gogoeta hastea. Horrek eska- tzen dizu bizimodu azkarregi honetan gelditu, denbora hartu, eta barrurako eta kanpokorako gogoeta egitea: orain arte zer gertatu den, zer gertatu zaigun, zer egin dugun, zer egin diguten eta norbera zein posiziotan egon den. Hori izan da galbahe-lana; astiro-astiro egin beharrekoa, pazientzia handiz, lasto guztia kendu eta alea garbi-garbi utzi arte. Ikuspuntu per- tsonal batetik egin dut, baina ikuspuntu kolektibo batetik ere bai. Memoria-ariketa dago liburuan, iraganeko kontu batzuk garbitzeko, zerekin gelditu garen azter- tzeko eta, aurrera egiteko, hori zelan erabili genezaken hausnartzeko.

Esateko idatzi duzu.

Hizkera poetikoari dagokionez, nire helburua esatea izan da. Aurreko bi liburuetan, batez ere Arrakalak liburuan, estetikoki hitzaren ederraren bilaketa bazegoen, agian, eta formari, estetikari, garrantzi berezia eman nion. Oraingo honetan ere eman diot, baina esan nahi nuen horren zerbitzura. Hor ere egin dut galbahe-lana, eta Leire Lopez eta Itziar Ugarte editoreek asko lagundu didate lastoa zein zen identifikatzen. Inoiz baino kontzienteago idatzi dut esateko, ze helburua izan da nire belaunaldikoekin elkarrizketa sortzea gure herrian bizi izan ditugun hain garai bortitz horietan egin dugunaz eta gertatu zaigunaz. Horrek asko bideratu dit hizkera poetikoa, eta lirikotasuna ekidin ez badut ere, bigarren maila batean utzi dut oraingoan eta inpaktua eragingo zuten ideia batzuk ahalik eta garbien esan ditut.

Eta mahai gainean gai deserosoak ipini.

Noski. Hain garai bortitz batetik etorrita eta gaur egun ere hain garai bortitz batean bizi izanda, nire aukeren artean ez dago albo batera begiratzea. Nolanahi ere, ariketa zintzoa egin nahi izan dut, baina garaile-garaituen logikoa horretan edo erlijio-aitortzan erori gabe: damua, errua, barkamena… Kontzeptu kristau horiek ez zaizkit interesatzen. Baina uste dut literaturan zein sorkuntzan ariketa bat egin behar dugula.

Lehen aipatu duzunez, lanari ikuspuntu indibidual zein kolektibo batetik heldu diozula; zer dela eta?

Elkarrekin bizi gara eta ezin dugu gure zilborretik bakarrik hitz egin. Ezin dugu turbokapitalismoren menpe bizitzeko modu hau bakarretik aldatu, modu kolektiboan baizik. Eta edozein aldaketak eraldatzailea eta iraultzailea izan behar badu, kolektiboa ere izan behar du; eta adostua. Adosteko, hitz egin behar da.

Poemak elkarri lotuta daude, bata bestearen atzean. Zein da horretarako arrazoia?

Dena hari bat da, erreka izango balitz bezala. Ez dira poema solteak eta ez dute izenbururik. Hori hasieratik nuen argi. Nik, bizitzan, dena sare bat izango balitz moduan bizi izan dut; ez konpartimentu estankoak izango balira moduan. Nire ustez, bizitzan dena dago harilkatuta. Kapitala oinarri duten botere faktikoek nahi dute bizitza konpartimentu estankoetan bezala uler dezagun, eta ni guztiz nago horren kontra nago. Liburuan hainbat gai daude eta guztiek dute elkarrekin zerikusia.

Liburua idazten zenbiltzala hil zen ama; zelako eragina izan du obran?

Izugarria; emozionalki egundoko makilakada izan zen. Liburura ekarrita, zure bizitzako pertsonarik garrantzitsuena hil izanak gauzei buruzko ikuspuntua alda- tzen dizu: inportantea benetan zer den, zerekin bizi gaitezken, soberakoa zer den, apeta zer den… Galdera horiek guztiak metrailadore-balak balira moduan etorri zitzaizkidan burura, baina desbideratu beharrean, arreta handiagoa ipini nuen galbahe-kontzeptuan: nire bizitzarako benetan garrantzitsua denarekin geldituko naiz. Era berean, txikitako iruditegia etorri zitzaidan burura: Goikoelexaldeko baserria, zuhaitzak, kilkerrak… Orduan konturatu nintzen egunero irudi asko jasotzen ditugula etengabe, baina hori guztia garbitzen badut, zerekin gelditzen naiz? Eta musikarekin, berdin. Nik mundu osoko musika entzuten dut, mota askotakoa, baina etengabe amamari entzundako koplak etortzen zitzaizkidan burura; horregatik, bizpahiru poema kopla-eran idatzita daude. Hori da benetan barru-barruan gorde dudana; bestea joan-etorrikoa da.

Beste sortzaile batzuek egindako lanak ere agerian daude liburuan, baita zure beste liburu batzuetan idatzitakoaren berrirakurketa bat ere.

Hori ere galbahe-lana da. Konturatzen zara zure obra literarioan etengabe errepikatzen diren gauzak daudela; zergatik ez agerian esan, modu esplizitu batean? Ariketa interesgarria iruditzen zait, ze liburu bat idazten duzunean beti dago gero beste modu batean idatziko zenukeen zerbait. Idatzi duzunaren berrirakurketa egitearen aldekoa naiz.

 

Aurkezpenak

Maiatzean, Galbahea. Ez gara dena ahazteko nahikoa biziko emanaldia aurkeztu zen Zarautzen, Literaturia ekimenaren baitan. Emanaldiaren funtsa Galbahea liburuko poemak dira: batzuk errezitatzen dira, eta beste batzuk, kantatu. Barandiaranekin batera, egitasmoan parte hartzen dute Lander Bilbaok (ahotsa, gitarra eta xirula), Mariana Blancok (bibolina), Rafa Ruedak (gitarra eta baxua), Urdin Baraiazarrak (mandolina eta ahotsa) eta Uxue Garciak (bibolina). “Asmoa da ahalik eta leku gehienetan aurkeztea. Hala ere, gauza da poesia-emanaldien zirkuitua desagertu dela, alde batetik, nire ustez, irakurzaletasunaren eta poesiaren gainbeheragatik; eta bestetik, Euskal Herri osoko sortzaileen, zaleen eta antolatzaileen artean aspaldian sortutako sarea desagertu delako. Batzuek antolatzen jarraitzen dugun arren, ez dago erreleborik”.

Beste alde batetik, ekainean Barandiaran biran dabil Itxaro Bordarekin, idazle biek azken lana argitaratu berri dutela baliatuta. “Itzalen tektonika poema-liburua da Itxaroren azken obra. Iruditu zitzaidan zaleentzat interesgarria izan litekeela bi belaunaldi ezberdinetako bi poeten arteko elkarrizketa sortzea kaleratutako azken lanen inguruan. Liburu-denda txikiak aukeratu ditugu horretarako, egiten duten ahaleginagatik gure esker ona adierazteko, euskarazko literaturarako zein sortzaileentzat kultur arnasguneak direlako”. Uda amaituta, espero du aurkezpenekin jarraitzea. “Poesia argitaratzea ahalegina da argitaletxeentzat gaur egun, eta egileok ere ahalegintxoa egin behar dugu zaleenganaino iristeko, liburu on bat idaztea ez delako nahikoa”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).