Era berean, kategoria sistema orok berdintasuna eta orokortasuna indartzen du eta desberdintasuna eta partikularitatea kanpoan uzten du, kajoian sartu ezin diren elementuak baztertuta, desjabetuta, geratzen direlarik. Are okerrago, ezikusiak edo ikusezinak bihurtzen dira.
Akaso existitzen da izendatu ezin daitekeena? Izendatu ahal izateko, nire pentsamenduan (kontzientean behintzat) egon behar du. Wittgenstein filosofoarentzat nire hizkuntzaren mugak nire munduaren mugak dira.
Maslow psikologo humanistak argi utzi zuen talde baten partaide izateko dugun beharra. Denok izan nahi dugu izendatuak, denok aurkitu nahi dugu gure kategoria. Zer esanik ez gure identitatearen eraikuntzan gabiltzanean.