Ohikoa denez, andramariak hasi direla iragartzen duen txupinazoa abuztuaren 14an botako da, baina aurreko egunetan ere ekintzak izango dira motorrak berotzeko. Horrela, abuztuaren 12an, ume eta helduen futbol-txapelketaren kanporaketak egingo dira 17:00etatik aurrera. Txapelketan izena emateko, intxurretajaibatzordea@gmail.com helbide elektronikora idatzi behar da abuztuaren 9a baino lehen. Izena ematea igerilekuetan ere egin daiteke. Txapelketaren finalaurrekoak eta finala hurrengo egunean, martitzean, izango dira. Martitzenean ere Kantuz Kantu ekintza eta talentu-lehiaketa egingo dira. Saioak euskaraz izan behar dira, zuzenekoak edo playback-ekoak izan daitezke, eta gehienez sei minutu iraun behar dute. Ekintzak 22:30ean hasiko dira.
Esan moduan, txupinazoa eguazten arratsaldean botako da, baina hori baino lehen emakumezkoen pilota-partidak egongo dira frontian: Aldaik eta Osesek jokatuko dute Arrizabalagaren eta Bergararen kontra. Txupinazoa herriko txistulariek botako dute aurten. “Intxurreta jai-batzordeak 20 urte bete ditu aurten, eta txistulariak hasiera-hasieratik egon dira jai-batzordearen ondoan. Herriko txistulariek txupinazoa botatzea modua da heiei ekitaldi xumea egiteko eta esker ona adierazteko”, azaldu du jai-batzordeak. Txupinazoaren ostean, txaranga bat ibiliko da kale-giroa sortzen, eta 21:00etan diskodantza egongo da “umeentzat eta ez hain umeentzat”. Erromeria ere izango da Bide Batez taldearen eskutik.
Herriko txistulariak, Akarmari, Paskuala, Matxin, Jesusa eta Alkarbaltz kalejiran irtengo dira eguen goizean, eta Bizkargi dantza-taldeak dantzen agerraldia egingo du 12:00etan. Ostean, txaranga bat ibiliko da giroa sortzen. Karrozen desfilea 18:00etan hasiko da Elkartegian, eta koadrilek plazan ikuskizun txikia egiteko aukera izango dute; ikuskizunek gehienez bi minutu iraungo dute. Dantza-lehiaketa 22:30ean izango da, eta izena ematea 22:00etatik aurrera egin behar da txosnan. “Jai-batzordearen 20. urteurrena dela eta, musika-talde potentea ekartzea pentsatu dugu aurten. J Martina herriko taldea da eta oso indartsu dabiltza momentu honetan. Hori dela eta, erabaki dugu haiek ekartzea. Kontzertua 00:00etan izango da, eta haren ostean, Zornotzako Pary&Tiza emakume dj-ek ipiniko dute musika”.
Bariku goiza ere esnatuko da kalejirak girotuta, eta 11:30etatik aurrera puzgarriak izango dira igerilekuetan. Txinpasmendi gurasoen elkartearen eskutik, umeen bazkaria izango da eguerdian. Sukalki txapelketa ere egongo da gainerakoentzat. “Harremanetan egon gara umeen kontseiluarekin eta eskolarekin, haiek ere ekarpenak egiteko, eta giza futbolina antolatzea eskatu dute. Hortaz, giza futbolina izango da 15:00etan umeentzat, eta haientzako jolasak ere egongo dira eskolako aterpean”. Arratsaldean poteo rallya izango da, eta elektrotxaranga. “Lekittoko Deabruak jaietara etorri dira azken urteotan, baina urteurrenaren harira zerbait berezia egin nahi genuen eta, horregatik, haiekin batera Kataluniako Colla de Diables Villafranc taldea etorriko da: 60 lagun inguru ibiliko dira piroteknia-ikuskizuna egiten. Ikuskizunean parte hartzeko, beharrezkoa da fraka luzeak eta txanodun jertsea-edo janztea”. Trikidantz erromeria-taldeak musika ipiniko dio gauari, eta ondoren, tortilla-txapelketa egongo da gogoa duenarentzat.
Emeteriak
Egun gutxiko atsedena hartu, eta berriro jaietan izango dira Larrabetzun, Goikolexea auzoan hain zuzen ere. Txupinazoa abuztuaren 30ean botako dute, 12:30ean, eta ondoren, apar-jaia egongo da txokoan. Marmitako- eta briska-txapelketak ere izango dira, eta dantzaldia Gauargi taldearekin. Kalejira egongo da arratsaldean, eta 21:00etan karaokea txosnan. Zirkinik Bez erromeria-taldea 23:00etan igoko da agertokira, eta ostean, Dj Behekosolo.
Aissa Intxausti eta Anjel Mari Peñagarikano bertsolariek saioa egingo dute zapatu eguerdian, eta arratsaldean mus-txapelketa, giza probak eta kalejira egongo dira. Bingo musikatua 21:00etan izango da, eta 23:00etan, erromeria Altxaporru taldearekin. Domekan, bestalde, artzain txakurren erakustaldia egongo da goizean, eta goitibeherak arratsaldean. “Saioa puntuagarria izango da Euskal Koparako. Hirugarren urtea da antolatzen dela, eta oso arrakastatsua izaten da: iaz jende asko batu zen bertan”. Txistulariek, Akarmarik, Paskualak, Matxinek, Jesusak eta Akarbaltzek girotutako kalejirak amaiera emango die jaiei.
Intxurreta jai-batzordea indartsu eta gogotsu ailegatu da 20. urteurrenera. “Jende berri dezente sartu da eta alde horretatik oso ondo gaude”. Betiko moduan, herritarrentzako egitaraua prestatu dute, helburu nagusitzat baitute herritarrek ondo pasatzea. Horretarako, ondo funtzionatzen duten ekintzak antolatu dituzte. “Azken batean, erantzuna beti da ona. Herritarrek ondo pasatzea nahi dugu, errespetuz”. Horri lotuta, erasoen kontrako protokoloa dute zehaztuta. “Espero eta nahi dugu arazorik ez egotea, baina edozein eraso gertatzen dela, txosnara jo, eta martxan ipiniko da protokoloa”.