Eusko Jaurlaritzak hainbat eragileri deitu zien Euskal Osasun Ituna adostera, eta haien artean izan ziren ordezkari politikoak, sindikatuetakoak, gizarte-arloko eragileak eta patronalaren ordezkariak. OPA koordinakundearen esanetan, Jaurlaritzak azpimarratu zuen «guztion ekarpena beharrezkoa zela» eta orain dela gutxi Osasuneko sailburuak adierazi du bileran «egon nahi izan dutenek» parte hartu dutela. “Baina hori ez da egia. Azken bi urteetan, eragile aktiboa izan gara osasun-publikoaren defentsan, herritarron parte-hartzerako mekanismo errealak eskatu ditugu eta mobilizazio asko egin ditugu. Era berean, bilera egiteko eskatu genion duela lau aste Osasuneko sailburuari, eta oraindik erantzunaren zain gaude. Osasun-itunaren bilerara ez ziguten deitu, ezta beste kolektibo batzuei ere, hala nola pentsiodunak, feministak, senideak eta egoitzetako eta udal-zerbitzuetako erabiltzaileak. Aitzitik, osasun publikoa pribatizatzearen aldeko patronal-erakundeak eta unibertsitate pribatuak gonbidatu zituzten, eta hori oso esanguratsua da”.
Beste aldetik, koordinakundeak adierazi du eszeptikoak direla Euskal Osasun Itunaren emaitzari dagokionez. Lehenengo eta behin, azaldu dute Osasun Munduko Erakundeak jaso duela gaitzik ezetik harago osasuna dela «erabateko ongizate fisikoa, mentala eta soziala», eta hortaz, modu integralean heldu behar zaiola, alderdi guztiak kontuan hartuz eta politika guztietan osasuna ezarriz. “Hala ere, ikuspegi hori ez dago proposamenean, bakarrik Osakidetzaren asistentzia-egoerara mugatzen baita. Beraz, ez da inola ere Osasun Ituna”. Era berean, esan dute helburua bada osasun publikoaren egoera kritikoa konpontzea abiapuntutzat diagnostiko zuzena hartu behar dela. “Jaurlaritzak aurkeztutakoak ez die osasunaren alderdi guztiei heltzen, eta bertan bakarrik batu dira Osakidetzari buruzko datuak, partzialki eta akatsekin, eta ez dago erakundearen egoera aztertzeko funtsezko elementurik”. Gainera, azpimarratu dute dokumentuan ez dagoela Osakidetzaren narriadurari buruzko aipamenik. “Autokonplazentzia da dena. Izan ere, diagnostikoan ez da kontuan hartzen kexa eta erreklamazioen gorakada. Sistemaren gabeziak onartzen ez direnean, ezinezkoa da haren norabidea zuzentzea”.
Koordinakundeak adierazi moduan, dokumentuan ez da hitz egiten zerbitzuak kanpora ateratzeari buruz, ezta horien pribatizazioari eta bere eragin negatiboei buruz. Gainera, “dokumentuan osasunaz edo osasun-sistemaz hitz egiten da, publiko hitza aipatu gabe, eta hori oso esanguratsua da guretzat. Halaber, nahiz eta erraz sumatzen den, ez da aztertu osasun-seguru pribatuen gorakada zergatik den”. Lehen Mailako Arretari dagokionez, koordinakundearen iritziz, dokumentuan falta da haren finantzaketari buruzko azterlan ekonomikoa, bere egoera aztertu ahal izateko. “Zentroen itxierei eta ordutegi-murrizketei buruzko daturik ere ez da aurkeztu, ezta larrialdien, osasun-garraioaren eta langileen lan-gainkargari buruz ere. Era berean, ez dago aipamenik pazienteari osasun-arreta profesional berak ez emateak dakartzan ondorioei buruz, ezta zerbitzuaren kalitatearen aurreikuspenei edo erretiroei buruz”.
OPA plataformek deigarritzat jo dute Osakidetzaren lan-gatazka eta azpikontratatutako enpresen zabartasunak ez aipatzea, ezta euren ondorioak ere. “Baldintzak betetzeari lotutako kontu-ematerik ere ez dago, eta hori ezinbestekoa da, diru publikoa baita”. Beste hutsune batzuk ere topatu dituzte dokumentuan: komunitate-osasuna, zahar-egoitzak, zaintzak, lan-osasuna, eskubide linguistikoak urratzea eta egindako Osasun Plan Estrategikoak ez aztertzea. Azkenik, esan dute beren eszeptizismoa areagotzen duten beste alderdi batzuk ere badaudela: “sailburuak esatea hurrengo 3-5 urtean beharrezkoa den medikuntza-langilerik gabe jarraituko dugula eta itxaron-zerrendek pandemia aurretik zituzten zifrak ez direla berreskuratuko; datorren urterako aurrekontu-proposamenean ez aurreikustea ez inbertsio handiagorik, ez langile-kopurua handitzerik; eta dokumentuan autokritikarik ez egotea”.
Horregatik guztiagatik eskatu dute prozesuan eragile guztiek parte hartzeko, egoeraren benetako diagnostikoa egiteko, osasun-sistema publikoaren egiturazko arazoei heltzeko eta gaur egungo pribatizazio-politika geldiarazteko.